Urrats txikiak ez dira aski izango
Munduko klimaren etorkizunerako...
Zientzilariek zehaztasun handiz eta kopurutan deskribatzen digute zeintzuk diren derrigor egin beharreko berotegi efektuko gasen murrizketak, baldin eta berotzea +2ºC edo +1,5ºCtik beherakoa izango bada; hau IPCCren laugarren txostena argitaratu zenetik, hots, 2007tik! (1). Beraz, hamahiru urtean ez da politika estrukturalik egin gizateriarentzat izugarrizko astindua eragin dezakeen atalasea gaindi ez dadin. Eta, jakina, garaiz ez bada egin beharrekoa egiten, datorren hamarraldian are ahalegin handiagoa eskatuko du klimaren krisiari eusteak.
Arlo honetan 13 urtean nahikoa egin ez delarik, honez gero berotzea +1,5ºC azpitik gera dadin gure berotegi efektuko gas isuriak urtean %7,6 jaitsi beharko genituzke. +2ºC azpitik mantentzeko, aldiz, urtean %2,7 datorren hamarraldian; alabaina, hamar urteotan batez beste %1,5 gehitu dira urtero. Hamahiru urte alferrik galdu ditugu ezer egin gabe; zer egoeratan gaude gaur horren ondorioz? Atmosferan dagoen CO2 maila duela 4 milioi urte zegoenaren antzekoa da. Eta orduan itsasoaren maila gaur baino 10 edo 20 metro gorago zegoen...
Azpiko taula nahikoa da gaurko egoera laburtzeko:
Lerro gorria da berotegi efektuko gasen munduko isurien egungo kurba, ezer edo ia ezer egin gabe jarraitzen badugu marrazten dena. Bi lerro berdeak dagozkie egoera bati non munduko estatu GUZTIEK GOITIK BEHERA errespetatuko luketen 2015ean gas isuriak murrizteari buruz eman zuten hitza, COP21 eta Pariseko Akordioaren baitan. Kasu honetan ere Lurreko batez besteko tenperatura 2100raino +3,2ºC igoko litzateke. Argi dago COP21en baitan hartutako konpromisoak eta egungo trantsizio ekologikoaren ereduak ez direla nahikoak okerrena saihesteko.
Puntuz osatutako lerro urdin iluna da beharko litzatekeen murrizketa ibilbidea berotzea +2ºC azpitik gera dadin. Urdin argia, berriz, beharrezko murrizketa +1,5ºC azpitik geratzeko.
Izan ere 2015an hartutako konpromisoak hirukoiztu egin beharko lirateke +2ºC ez gainditzeko. Areago, bost bider handiagoak izan beharko lirateke +1,5ºC azpitik geratzeko...
… Ipar Euskal Herriko 2020ko udal hauteskundeetara
Hemen eta han 2020ko martxoko udal hauteskundeetan parte hartuko duten hautagaiek esaten dute ez dutela Biziren metamorfosi ekologikorako Ituna sinatuko, maximalista baiteritzote: «Gehiegi eskatzen dute; dena aldatu nahi dute, eta berehala».
Batzuk ez dute azalpenik ere ematen eta ez dute asmorik tamainako inongo neurririk hartzeko, ingurumen eta klimari dagokionez. Zinismoa? Arazoari buruzko ezjakintasuna? Horrek definitzen du lerro gorria, iraganean bezala jokatuz, edo ia modu berean, tokiko Trump edo Bolsonaro ttiki batzuk bailiran.
Beste hautagai batzuk, berriz, nahiago dute ekimen eta konpromiso arinagoak agindu, neurri edo neurritxoak nahieran aukeratzeko. Ingurumenaren aldeko “gauzak” egingo dituzte, akaso ekimen handiren bat eremu honetan edo hartan. Egungo logika orokorraren baitan kokatzen dira, +3,2ºCko mundura garamatzan horren baitan, hau da, klima ezegonkorreko mundura, migrazio eta miseria orokorrera, kaosa eta gerra nagusi diren arora: zoritxarreko “berogailua”, zeina urrats txikiek ez duten eragotziko.
Biziren metamorfosi ekologikorako Ituna sinatu eta aintzat hartzeko asmoa dutenek ez dute bide maximalista hautatu. Areago, ez daude ibilbide urdin argian ere (hau beharrezkoa litzateke klimaren berotzeari +1,5ºCtik behera eusteko (2). Horrela adierazten dute saiatuko direla berotzea +2ºCko atalasearen azpitik mantentzeko politikak egiten; muga hori komunitate zientifikoak eta munduko estatu guztiek 2015ean funtsezko helburutzat aldarrikatu zuten.
Ispiluari begira
Ez diot inori ezer erakutsi nahi. Eguneroko militantzian ni neu motibazio oso jakin batek gidatzen nau: ispiluari begira jarri eta ez nuke lotsatu nahiko hamabost urte barru, klimaren arloan atzera bueltarik gabeko hainbat lerro gorri gaindituak izango direnean ala ez, eta hori munduko eskualde bakoitzak, eskualde horietako lurralde bakoitzak, lurralde bakoitzeko udal bakoitzak, eta herri horietako arduradun, militante edo herritar bakoitzak datozen urteetan egin duen edo ez duen ekintza mailaren baitan. Nork bere kontzientzia aztertu beharko du.
Gaurtik hasi eta ordurarte herritarrek hautetsiak iraganean baino askoz ere estuago hartuko dituzte, kontzientziazio maila eta mobilizazioa gero eta handiagoa izango baita. Gauzak ez dira garai batean bezalakoak. Ezer egiten ez dutenei, edo aski egin ez dutenei egungo eta etorkizuneko belaunaldiek gero eta areago ardura leporatuko diete, sarriago etorriko diren klima-katastrofeak direla eta, edo egungo bilakaerari aurre egiteko ezarri ez diren politikak medio.
Adibide bakar bat aipatzearren, gero eta herritar gehiagok erabiltzen du bizikleta bere joan-etorrietarako, edo haurrak eskolara eramateko, bizikletentzako bide seguruen gabezia lazgarria izanagatik ere. Arrisku hori hartzen dute klima hankaz gora ez jartzeko, eta horrek Lurrean eragingo duen infernua ekiditeko. Biharko iritzi publikoak hautetsiei leporatuko die bizikletaren inguruko politikaren gabeziak ezinbestean eragingo dituen istripu edo dramen errua. Eremu guztietan, klima eta ingurumen gaietan erabaki beharreko ekintzak konplexuak eta zailak dira. Baina argi dago ere eremu hauetan ezer ez egitea askoz ere garestiagoa izango dela, gizabidearen, ekonomiaren eta politikaren ikuspuntutik begiratuta.
(1)Intergovernmental Panel on Clima Change
(2)Honetarako, our cela, il faudrait des programmes en phase avec le rapport « Comment s’aligner avec une trajectoire compatible avec les 1,5°C ? » txostenaren araberako programak beharko lirateke; txostena B&L Evolution azterketa bulegoak egin du, eta online kontsulta daiteke: http://www.bl-evolution.com/Docs/181208_BLevolution_Etude-Trajectoire-rapport-special-GIEC-V1.pdf Hor jasotako neurriak Bizik bultza duen Itunekoak baino askoz zabalagoak eta azkarragoak dira.