Urratsa xehe eta bidea luze

2018/02/12
bakegileak.jpg
Duela urte bat pasa Luhuson eta jazko apirilaren 8-an, bi urrats haundi egin ziren Euskal Herriko bake bidean. Bakegileen lanaren emaitza izan ziren bi urrats horiek. Abendoko Pariseko manifestaldia izan zen beste zedarri bat bakeari buruzko martxan. Urrats ttipiak haundiak bezain garrantzitsuak dira helburua lortzeko.

Michel BerhocoirigoinMichel Berhocoirigoin, Gamarten laborari, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen Lehendakaria, ELBko militante eta Confédération Paysanne-en sortzaileetakoa (artikulu hau Enbatan argitaratu da)

Joan den eguberrikari, Garaziko herrixka batean nintzan eguberri bezpera arratseko mezan. Eta, meza ondoan, denbora hotza bainan ederrarekin, jendea nonbre haundian solasean gelditu da, lasai eliza zolan. Gizonen aldean segurik, aroa eta kabalak ziren aipagai nagusiak. Aldi huntan ere, ainitz urtez bezala gertatu niz eskualde hartako adinetako laborari batekin, beti plazer haundiz elekatzen dutana. Ja, larogeita hamar urte ditu eta aldi guziez harritzen nau zein ongi den ikusteak, gorputzez dudarik gabe, bainan ere bereziki izpirituz. Aroa eta kabalak aipatu ditugu dudarik gabe, bainan ez zitzaion aski. Gure aktualitatera jin zaut laster, jakin nahiz zer izpiritutan zen gobernua, Pariseko manifestazioa hurbiletik segitu zuen urrun izana gatik, eta bazekien ministeritzan laister bilkura bat bagenuela. Ez zen dudarik, gure aktualitatea, bere aktualitatea zela ere. Eta hasten nakio ene erantzuna ahalik eta zuzenena ateratzen, edozoin kazetalariri gisa hortako galderari saiatzen naizen bezala, (laburrago bilduz hala ere!).

Desesperaziotik ilusiora pasatu behar dugu, eta hortan gira. Nahi dugu sinetsi, eta sinesten dugu, urratsa xehe balin bada ez dela partaide izan behar lukeena trabatzaile delakoan, bainan ihiztokan eta mendiaren aldapa zolan garelakoan dela

Aroa aldatzen

Galdera konplikatua da, alabainan bi eremuren artean bezala baigira: aldaketa sakonak posible bihurtuko lituzketen baldintzak betetzen ari direla uste dugu eta sinisten dugu, bainan betetzen ari diren baldintza horiek posible bihurtu behar luketen emaitza sakonik, sinbolikoaz aparte, ez da oraindik ageri. Beraz, kazetalari bati, ala nere 90 urteko laborari lagunari, bien arteko errealitate berezi hori esplikatu behar dut. Jakin nahi zuen nere barneko sentimendua. Eta ari nintzaion esplikatuz, bai gauzak aldatzen ari zirela, aroa aldatzen ari zela, entzunak garelako sendimendua genuela, bainan oraino ez dugula espero ditugun urratsak, bainan ondoko egun edo asteetan izan behar luketela… Fite ulertu baitu afera, eta ene ustez jada bere analisia eginik baitzuen, erten daut : “Ba, urratsa xehe!”, eta erantzuten diot : “Bai bai, eta bidea luze!”. Urratsa xehe: ze espresio pollita! Aspaldi entzuna ez nuena, alta lehenago eguneroko hiztegian entzuten zena. Hitz berriak baditugu, bainan hitz xaharrek duten aberastasuna galtzen dugu. Urratsa xehe, espresio horrek du hobekienik biltzen gaur egun bake prozesuan eta presoen gaian dagon errealitatea. Mendiko aldapa zutari buruz zoazilarik zakua bizkarrean, urratsa xehe duzu eta ez duzu beste manerarik abantzatzeko, abantzatzekotz. Ihiztoka batean sartua bazira eta handik ateratzeko, urrats xehez baizik zira aterako, edo ez zira aterako. Bainan urrats xehearen erranaldi horrek bi zentzu izan ditzake: edo elementu naturalen kontra abantzatzeari egiten du erreferentzia, mendi aldapa edo ihiztokaren kasuan bezala, eta urrats xehez baizik ezin da abantzatu. Momentukotz Euskal Herriko prozesua kasu hortan da nere ustez: ihiztokatik atera nahiz edo mendi malda igo nahiz. Edo, izan dezakeen bertze zentzua da, partaide izan behar lukeenak (Frantziar estatua gure kasuan) ez duela kolaboratzen, eta trabatzen duela: kasu huntan ere urratsak xehe dira bainan, dozierraren zailtasunaren gatik baino gehiago, lagundu behar lukeenak ez duelakoan laguntzen.

Desesperaziotik ilusiora

Ez dakit, bi zentzuetarik zoin zuen buruan nere adinetako solaskideak. Bietarik bazukeen, beste askok bezala dudarik gabe. Eta nehork ez daki xuxen xuxen gaurko urrats xeheen oinarrizko arrazoi guziak nun dauden. Gauza segurra da ihiztoka batetik atera behar dugula, eta mendia igo behar dugula: sobera urte iragan dira egoera blokatuan. Desesperaziotik ilusiora pasatu behar dugu, eta hortan gira. Nahi dugu sinetsi, eta sinesten dugu, urratsa xehe balin bada ez dela partaide izan behar lukeena trabatzaile delakoan, bainan ihiztokan eta mendiaren aldapa zolan garelakoan dela. Eta sinetsi nahi dugu ere baldintza zail hauetan, urratsak egiteko, partaidearen kolaborazioa aurkituko dugula. Badakigu, oraindik memento batez, urratsa xehe abantzatu beharko dugula: normal da, hortarik pasatu behar da. Bainan, bidea luzea dela ere badakigu, eta jendarteak eta historioak ez dute onartuko bide guzia urrats xehean egitea. Garaiak etorri beharko du nun urrats haundiz abantzatzatu beharko den. Alabainan, bidea luzea da eta bide guzia egin behar dugu.