Zazpiak Bat 2.0
David Lannes, irakaslea eta ikerlaria (artikulu hau Enbata aldizkarian argitaratu da frantsesez)
Ipar Euskal Herrian, panorama instituzionala ez da 2018ko bera, Euskal Hirigune Elkargoa (EHE) bere hastepenetan baizik ez baitzen. Geroztik, mugaz gaindiko lankidetza estrategia bat (2019), Euskal Herriko klima plana (2021), mugikortasun plan bat (2022), trantsizio energetikoaren eta plangintza ekologikoaren idazkaritza nagusi bat (2023), etab. izan ditu.
Arrazoiak asko dira erakunde berri horiekin eta haien proposamenekin asetuta ez egoteko. EHEren eskumenak mugatuak dira, bere gobernantza ez da batere optimoa eta lurraldeen arteko desorekaren gaia agerian gelditzen da. Klima planari dagokionez, anbizioa falta zaio eta ez ditu betetzen Europar Batasunak 2050erako ezarritako karbono neutraltasun helburuak.
Adibideak biderkatu litezke, baina egia dena da tresna berriak ditugula eskura, ahalik eta gehien mugiarazi behar direnak. Zoritxarrez, ez dago arrazoirik pentsatzeko datozen bost urteek azken bostek baino gehiago lagunduko digutela, kontrakoa seguruenik. Inperfektuak direlako aitzakian tresnak ez erabiltzeak eta lorpen posibleetatik kanpoko aldarrikapenetan zentratzeak denbora baliotsua galaraziko liguke. Ezin dugu gehiago itxaron.
Eraiki ditzagun, beraz, burujabetza gune berriak eremu guzietan (etxebizitza, elikadura, energia, hizkuntza, mobilitatea, etab.), Euskal Herria Burujabek "gure bizitzen baldintzak" bezala izendatu dituenak kontrolatu ahal izateko. Prozesu honetan aurkituko ditugun oztopoek gure aldarrikapen instituzionalak elikatu eta gorpuztuko dituzte.
Eta Hegoaldean? Azken bost urteotako aldaketei buruzko hausnarketa ariketa honen egiaztapen mingotsetako bat da eraikuntza nazionalak beherantz egin duela, besteak beste Covidaren krisian mugak itxi izanaren biktima. Bidasoaz bestaldera ere gutxiago begiratu al dugu, gure erakunde berriak gure eskuetan hartzen ari ginela? Gaur egun, "Zazpiak Bat"ek ez du agian leku bera gazteenen iruditerian eta zaharrenenetan.
Zorionez, joera hori ez da atzeraezina. Euskal Herria Burujabe Baionan izan eta bi astera, "Burujabetzak" jardunaldiak antolatuak ziren Hernani Burujabe proiektuaren baitan. Beraz, berotze globalaren aurkako mobilizaziotik sortutako Ipar Euskal Herriko erakunde batek eta ezker abertzaleko feudo baten udaletxeak eramandako bi proiektuk, hurrenez hurren, gure burujabetzak berriz konkistatu beharra hitz beretan formalizatzen dute.
Iparralden zein Hegoalden, burujabetzaren ikuskera hori ohikoa da orain abertzaleen artean. Hala, Usurbilgo alkatearen ustez, "subiranotasuna poliedrikoa da, behetik gora eraikitzen da, herrietatik Euskal Herrira. Beraz, burujabetzari dagozkion proiektuak babestu nahi ditugu, izan energiari lotuak, elikadurari lotuak, zaintzari lotuak...". Getariako alkate eta Udalbiltzako lehendakariaren ustez, berriz, Hernaniko proiektua eredugarria da, eta "inbidia sanoa sortzen du".
Urteetan, Zazpiak Bat-en iruditeriak Iparraldeko eta Hegoaldeko abertzaleak batzen zituen, gure hurbilketa politikoak ezberdinak izan arren. Agian iruditeri hori ez da hain ona gaur egun, baina aukera historiko bat dugu, gure logika politikoak bat egiten duelako. Bide ezberdinetatik iritsi gara puntu berera eta, beraz, gure esperientziak osagarriak dira gure burujabetzen berreskuratze hau lortzeko. Zer hoberik elkarrekin lan egitea baino, Euskal Herria gure pentsamolde marko naturala izan dadin? Zazpiak Bat 2.0 eraikitzeko "poliedrikoa, behetik gorakoa, herrietatik Euskal Herrira hedatuko dena" eta gure aldarrikapen instituzionalei oinarri sendo bat emango diena.