Zergatik zigortu langileonganako balizko tratu ona?

2016/11/14
EnpresaKulturaBerria.JPG
Gerentea langileon alde gehiegi egiteagatik kaleratua izan den enpresa batean egiten dut lan. 2009an iraungi zen gure hitzarmena, probintziala. Hogei langile inguru lantoki batetik bestera mugituak izan dira inolako informazio, negoziazio eta akordiorik gabe. 15 langile inguru, lantokitik eta eguneroko funtziorik aldatu gabe, enpresa talde berdineko beste enpresa batera mugituak izan dira. Baimenik gabe. Zergatik? Enpresa batzordea 5 kidetik 9ra igarotzea ekiditeko. Izan ere, enpresa nagusiak 100 langiletik gora dituenean, langileen batzordeak ordezkari gehiago behar ditu.

patromalaOporrak nahieran aldatzen dizkigu enpresak langileoi, baita lan ordutegia ere: gaur goizez, bihar arratsaldez, etzi 5:00etatik 9:00etara eta 17:00tatik 20:30era… Bajan zegoen langile bat kaleratu digute. Beste batek lana utzi behar izan du bere ordutegia eta alabatxoa zaintzea ezin zituelako uztartu eta enpresak beste aukerarik ez diolako eman. Kaleratzea hitzartuta zuen lankide bati, borondatezko baja sinarazi zioten azken unean, langabezia galduz. Azpikontrata bateko bi langilek istripu bana izan ondoren kaleratuak izan ziren. Batek hatz bat galdu zuen, besteak hestea zulatu zuen. Biak istripu arin bezala katalogatuak, badakizue, Osalanen inspekzioari iskin egiteko. Aita hil berri zuen lankide bati etxera deitu zioten hurrengo egunean lanera joan beharrean zela gogorarazteko. Koinataren hiletara joateagatik, lankide batek galdutako lan orduak errekuperatu behar izan zituen (45 minutu).

Ze argudio mota da “langileon alde gehiegi egitea”? Zenbat da gehiegi? Non da Adegiren trainerua, non da langileon parte-hartzea? Non da harreman estilo berria?

Soldata miserableari aurre egiteko ordu estrak sartzen dituzten langileei ez zaizkie ordu guztiak ordaintzen. Dagokien antzinatasuna ez zaie aitortzen 15 bat langileri. Batzuei enpresa berean lan egindako 10 urte inguru ez zaizkie aitortzen antzinatasunaren barnean. Automatikoki igo beharreko kategoriak ez zaizkie igo langile askori. Erretiratu berri den lankide bat, adibidez, 1972tik izan da laguntzaile, lanean hasi zen egunetik erretiroraino, kategoria horri dagozkionak baina ardura handiagoak eduki arren. “Ez dizut pentsatzeagatik ordaintzen, lan egiteagatik baizik”, “ze espero duzu, zoriontsu izatea?” eta tankerako esaldiak entzutera ohituak gaude. Segurtasun arauak egunero, orduero, urratzen dira. Zamalanetako orgek ez dute atzera martxako argirik, pilatutako materialek oztopatzen dituzte lantoki barruko oinezkoentzako pasabideak. Larrialdi irteerak pilatutako paletekin oztopatuta daude. Soldata ez zaigu hilabete amaierara iristen. Ezinezkoa da familia bat mantentzea gure soldatarekin.

Honaino langileongatik gehiegi egin duenaren curriculuma.

Gerentea langileon alde gehiegi egiteagatik kaleratua izan den enpresa batean egiten dut lan. Gerente berria ez omen dago horren alde, zenbakiei langileoi baino arreta handiagoa jartzearen aldeko omen da.

Argi izango duzue dagoeneko langileon alde ezer gutxi egin zuela gure gerente kaleratuak. Baina pentsa baietz, pentsa langileok ederki bizi ginela berari esker. Eta gainera lantokiak irabaziak ditu urtero! Ze argudio mota da “langileon alde gehiegi egitea”? Zenbat da gehiegi? Non da Adegiren trainerua, non da langileon parte-hartzea? Non da harreman estilo berria? Zergatik zigortu langileonganako balizko tratu ona? Zergatik ez zoriondu langileok pozik eta zoriontsu ikusteagatik eta gainera urtez urte irabaziak lortzeagatik?

Gerentea langileon alde gehiegi egiteagatik kaleratua izan den enpresa batean nola uste duzue izan gaitezkeela zoriontsu langileak?