ZULOAN: bidaia bat AHT eta lan-esplotazioan barrena
Gai honekin lotua: Sindikatu eta komunikabideen arteko elkarlana lan esplotazioa azaleratzeko: AHTren kasua
Elkarrizketa hau Argian argitaratu da
Manu Robles-Arangizek ARGIArekin elkarlana lotu ostean, Urko Apaolaza ELAren bulegora joan eta karpeta arrosa pasa ziotenean hasi zen guztia: “Ikusi orduko ohartu nintzen altxor handia genuela”. Dokumentazio lanari AHTren obretara eginiko joan-etorriak gehitu dizkio kazetariak eta urtebeteren buruan esku artean du hankak lohietan idatzitako Zuloan liburua.
Sindikalista zaildu batekin, ELAko eraikuntzako Gipuzkoako arduradun Igor San Joserekin sartu zara, kaskoa, peto horia eta botak jantzi eta obretara. Langileekin harremana nolakoa izan da?
San Joseri antzematen zaio ohituta dagoela obretako hizkera berezian. Telefonoz patronalak deitzen zionean ere, berehala altxatzen zitzaion ahotsa eta sumatzen zen negoziatzen ari zela. Berak urtetan egindako lana izan dut oinarri eta bera da liburu honen protagonista nagusietakoa.
Niretzat hasieran ez zen erraza izan langileen azpimundu horretara sartzea. Harremana faseka joan da: hasieran ez dakite zehazki zertara zoazen eta hizketan hasita, nahiko solte kontatzen dizute beren egunerokoa, kexak... Bigarren fasea beldurrarena da: enpresariak jakiten dute gure lanaren berri eta enkargatua etortzen da zerbait esaten, eta langileak beldur dira kaleratuko ote dituzten. Beldur horretan tokatu zitzaidan une eder bat bizitzea: San Josek egun batean esaten die “honek ezin du horrela izan, hitzarmenaren arabera hau dagokizue, nik kasua eramango dut Lan Harremanen Kontseilura... hemen uzten dizuet nire telefonoa; nor egingo da kargu?” eta une horretan langile batek egiten du: “ekarri hona!”. Hori pauso handia da, aurpegia ematera pasatzen denekoa. Horrela langileak langak gainditzen doaz, eta hurrengo bisitetan ikusten duzu askoz lasaiago daudela, dagoeneko enpresariek badakite zer dagoen, sindikatuek ere bai, eta langileak sentitzen du “ni ez naute toreatuko”, asko sindikatura afiliatu egiten dira eta beste babes bat sumatzen dute... Borroka batean sartu izanaren kontzientzia hartzen dute. Bistan dena, hortik greba bat egitera bide luzea dago.
Esku leuneko langile bat “esklabotza” hitzez behin baino gehiagotan izendatu duzun zulora sartuta... Zer diozu AHTko lanaz?
Oso gogorra da. Eguzki epeletan bazoaz kontainer kanpoan atsedenaldian zigarroa erretzen ari direnean tira, baina euria edo hotza egiten duenean asko zailtzen da hor egote hutsa. Horrez gain, ordu pila sartzen dute lan astunean. Eta kanpotik etorriak izanik, hemen ez dute babes sarerik. Guri zerbait gertatuz gero familiarengana goaz, lagunengana, sindikatura, alkatearengana... Hauek ahuldade handia dute horretan eta enpresek hori baliatzen dute eurek esandakoa isilik onartzeko. Oihaneko legea da, hitzarmenez desinformazio handia dute langileek.
“Beren herrian ez dute lanik, eta eurentzat asko da 1.200 euro” tabernan behin eta berriz entzuten duguna...
Soldatena eskandalagarria da. 5 eta 6 euro kobratzen dute orduko. Sartutako ordu denak ez dituzte kobratzen, eta tarifa horretan sartzen dira ordu estrak, oporrak, dietak, dena. Hitzarmenaren arabera bikoitza ordaindu beharko liekete, eta estrak askoz gehiago, oporrak... egunero 10-11 ordu sartzen dituzte lanean. Langileen Estatutuak dio hilabetean 170 ordu sartu behar dituztela, eta hauek denek 200 ordutik gora sartzen dituzte. Ordu pila horiekin 1.200 euro kobratzera iritsi daitezke agian, baina kotizazioan kakazahar bat agertzen da...
Tabernako komentario hori egitea da errazena, betikoa, “ezer baino hobeto dela”. Hori batzuen egoeraz probestea da, erbesteratu laboralak dira. Beren herrira joatean nahiko ongi ateratzen zaiela? Baina zer baldintzetan lan eginda? Eta ez dute aukerarik, enkargatuak esandakoari isilik obeditzea, Eta larriena da obra publiko bat dela!
Hain justu obra publiko bat izaki, nola baimentzen du ikuskaritzak lan hitzarmena ez betetzea?
Sindikatua ari da ikuskaritzaren lana egiten eta horrek ez du ez hanka ez bururik. Ikuskaritzari dagokio bermatzea langileen eskubideak beteko direla eta guk aztertutako kasuetan behintzat ez du bermatzen: epeak izugarri luzatzen ditu, edo ez du erantzuten, erantzuten duenean ez erabat... Pentsa ikuskaritza zorrotz jartzen dela eta enpresak hitzarmena betetzera behartzen dituela, beste edozein sektoretan enpresa guztiek bete behar duten moduan. Enpresei askoz garestiago aterako litzaieke obra eta denbora gehiago beharko lukete AHT egiten; ez dut uste Eusko Jaurlaritzaren nahia hori denik...
Eraikuntza sektorearen egungo argazki bat ere ematen du AHTk.
AHT paradigma moduko bat da, bai. Lehen enpresek bere langilegoa zuten eta azpikontratatzen zutena lan oso espezializatua zen, beraiek egiteko gaitasunik ez zutena.
Baina hori guztia erabat desitxuratu dute Aldi Baterako Enpresa Elkarteek (ABEE). ABEEak, hasteko, pastela banatzeko modu bihurtu dira. Enpresa handi hauek merkatua jan dute baina ez dute bere langilegoa handitu, txikitu baizik. Obra batera joan eta Moyua enpresako bi langile aurkituko dituzu, Amenabarreko beste bi... koordinazio lana egiten dute baina kapital humanoa azpikontratek jartzen dute, jendea kanpotik ekarriz. ABEEak obra osoari prezio bat jartzen dio eta normalean merkeenari ematen zaio adjudikazioa, eta ondoren ABEEak azpikontratatu egiten du lana, beraz, esan dezakegu adjudikazio publikoen azpiko adjudikazio pribatuak direla, ezkutuan daudenak. Eta Euskal Herriko eraikuntza enpresa txiki pila bat ixten ari dira, joko horretan ezin dutelako lehiatu.
Guztien lan baldintzak prekarizatu dituzte, eta langileari baldintza horietan ari edo beste sektore batera joan, ez zaio besterik geratzen. Negozioa gutxi batzuen esku geratu da eta etekin ekonomikoa ere bai. AHTren kasuan oso ikusgarria da esleipena nori egin zaion: 10etik 7 Espainiako etxe handientzat izan da, beraz, bertako enpresak aberasten dituen mitoa erori zaigu...
[Beheko infograman ikusgai. Zuloan blogeko artikulu honetan azalpena]:
Liburuan kontatzen duzunez, Zuloan blogean argitaratu zenuen lan esplotazio kasu bat eta patronalaren berehalako erreakzioa sorrarazi zuen, langileen lan baldintzak hobetuz. Euskarazko komunikabide txiki batek sinetsarazi nahi digutena baino gehiago eragiten du?
Hasieratik nabari duzu patronala begira dagoela, adi. Tekla egokia jotzen baduzu, despatxuren batean norbait dardarka jartzen da. Sindikatu bat eta komunikabide bat elkarlanean ikustea ez zaie gustatzen. Gainera, enpresa hauek oso ohituta daude periodico handi erdaldunen agendaren arabera jokatzen. Etortzen da hedabide txiki eta euskaldun bat, ulertu ere egiten ez dutena eta itzuli egin behar dietena, eta galduago sentitzen dira.
Erreakzio positiboak eragin ditugu, enpresa konprometitu zen hitzarmena betetzera. Baina ardura ere ematen du, kontrakoa ere gertatu baita, guk argitaratutako beste erreportaje batean aurpegia eman duten langileen bila joan dira. Egin dugun mugimendu bakoitzak erreakzioa eduki du.
Lan honek zer eragitea nahiko zenuke?
Nahi nuke liburu honen bidez jendeak ikustea zer dagoen horrelako obra baten atzean eta hausnartzea zer ari garen egiten: AHT bihurtu zaigu Euskal Herriko faktoria handienetakoa, erabateko lan-esplotazioan oinarritua, eta oso gutxi altxa
dugu ahotsa horren aurka, langileen %80 atzerritarrak direlako. Hemen geratuko da obra hori, guk eta gure bilobek eta birbilobek ordainduko dugu... hemendik mende batera bizi direnak ere jabetu daitezela nola egin zen tren hau, ez zela egin azken teknika puntakoenak erabiliz, atzerriko langileen odola eta izerdia isuriz baizik.
Egilea: Urko Apaolaza Avila.
Argitaratzailea: Manu Robles-Arangiz eta ARGIA.
168 orrialde.
Prezioa: 14 euro.
Lizentzia librekoa.