Enbata + Alda! 2000
Enbata-Alda2000(91).pdf
3.4 MB
Enbataren 2000. zenbakia
1960 urtean Euskal Herrian mugimendu abertzaleak une zaila bizi du, gau frankista bukaezinean murgilduta. Erbesteko EAJ krisian dago, eta Jose Antonio Agirre lehendakariaren heriotzak ez du lagundu. ETA sortu berria da eta bide berrien bila dabil. Halako batean, egundoko ezustekoa: Gar abertzalea gutxien espero zen tokian pizten da, inoiz ezagutu ez zen inguruan, Iparraldean alegia. Enbata aldizkariaren lehen zenbakia 1960ko urrian kaleratzen da; izen bereko mugimendu politikoa antolatzen hasten da. 1963ko Aberri Egunean aurkeztu zen Itxasoko Kartak Euskal Herri batuaren subirania eskubidea aldarrikatzen du. Hiru probintzietan sekulako astindua eragin zuen, Sabino Arana Goirik 1895an "euzkotarren aberria Euzkadi da" lehenengo aldiz esan zuenean eragin zuenaren antzekoa.
Izan ere, Enbata ez zen hutsetik sortu; aitzitik, gertaera hau ulertzeko Bidasoaz gaindiko anai-arreben ideiak, lorpenak eta dramak aintzat hartu beharra dago. Bata bestearen atzetik gertatu ziren errefuxiatu oldeek (karlistadetakoak, 1936ko gerrakoak, 60etako hamarkadan sortu zen erresistentzia berrikoak) arrastoa utzi zuten. Enbatako aitzindariek iturri hartatik edan zuten. Deskolonizazioaren seme-alaba ere baziren (Indotxina, gero Afrika eta Magreb), eta Ameriketara Iparraldeko hainbat eta hainbat gazte jende eraman zuten hegaldien ondorengo. Ipar Euskal Herriko lehen agerkari politiko abertzalea argitaratu zutenek betiko industriak ixten ari zirela ikusten zuten. 60etako hamarkada hasieran, Bokaleko altzairu-fabriken eta Hazparneko oinetako lantegien desagerpenak herri guztia larritu egin zuen, etorkizunak eskuetatik aldegiten ziola ikusten baitzuen, beste nonbait erabakitzen zen heinean. Baina estatu frantsesak aspaldian lortu zuen bere batasuna; estatu honetan sentipen nazionala, nazionalismo frantsesa mende eskas baten fruitu da, betiko etsai zen Alemaniaren kontra izan ziren hiru gerra handietan sendotu zena (1879, 1914-18 eta 1939-45koak).
Enbata inguru eta garai zail honetan sortu zen. Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak bizi izan dituen gorabehera, zatiketa, aurrerapauso, porrot eta arrakasta guztien gainetik, aldizkaria bere 2.000 zenbakietan abertzaleentzako haria, lotura eta batzutan arragoa izan da, baina baita ispilua ere, bere atal guztietan, gizarte zibilean eta kulturan ere, eraikitzen ari zen mugimendu batentzat. Astero behin eta berriz ekiten diogun borroka honi zentzua ematen saiatzen da, abertzaleen zerbitzurako tresna izan nahi du.
Egun Enbata Abertzaleen Batasunetik hurbil dago, baina uko egiten dio alderdi baten ildoan sartuta egoteari. Batik bat bere askatasunari eutsi nahi dio, eta abertzaleen arteko joera desberdinak, eta areago, hortik haraindi ere, irekia izan nahi du. Duela gutxi harreman estuan hasi da ELArekin, Manu Robles-Arangiz fundazioaren bidez.
Parisko botereak maiz isilarazi nahi izan du Enbata. Era guztietako auziak ezagutu ditu aldizkariak. Voltaireren eta Jean-Jacques Rousseauren herria izanagatik ere, Parisek ez ditu burua tente daukaten euskaldun menderakaitz hauek maite. Pompidou presidenteak, Aznarren moduan, Enbata 1974ko urtarrilaren 30ean galarazi egin zuen "lurralde nazionalaren osotasunari eraso" egiten ziolako. Hogeita hiru urte beranduago, polizia komisario batek aldizkariaren aurka hasitako auzia medio, dirutza ikaragarria ordainarazi zioten GALeko polizia espainiarren eskutik dirua jaso zuela argitaratzeagatik.
Landeiako irakurleek badakite militatzea zer den. Ez dute zalantzarik egingo esanez gero ezkutuko eta etengabeko ahaleginak, berebiziko karra eta energia behar izan direla 47 urtean 2.000 ale hauek kaleratzeko. Enbata sineste baten ondorio da, eta fede horrek ere badu salbuespenezko abertzale baten borondatearekin zerikusirik, Jakes Abeberryrekin hain zuzen; beronek aldizkariaren ardura gutxik daukaten irmotasunaz hartu izan du bere gain, sortu zenetik gaur arte. Baina gure astekaria militante askok eta askok beren alea jartzen dutelako bizi da: noizbehinka edo astero idazten duten erredaktoreak; diseinatzailea, zuzentzailea, zabaltzeaz arduratzen dena, argazkilaria, maketista, informatikoa, abokatua, kontularia, etab.
Sare honek, sortzeko grina horrek, "irauteko nahi gogor" horrek eragiten dute Enbatak bere lana eginez parte hartzeko aukera izan dezan, beste abertzaleekin eta batik bat ELArekin batera, Euskal Herriko mutur batetik besteraino mugiarazten gaituen proiektu kolektibo handian, hots, gizarte justuago eta solidarioago baten baitan garatuko den gure herria eraikitzeko proiektuan.
Ellande Duny-Pétré