De Solidaridad de Obreros Vascos a Euskal Langileen Alkartasuna 1911-2001 / Notas para una crónica de 90 años
De Solidaridad de Obreros Vascos a Euskal Langileen
Alkartasuna 1911-2001 / Notas para una crónica de 90 años
Autor: Martín Aurrekoetxea Larrondo
Sortu zenetik ELAk egin duen bide luzearen ikuspegi laburra eskaintzea eta horretarako behar adina elementuko bilduma osatzea, horixe du helburu honako lan honek. Ahalegindu gara, bestalde, lanaren edukia sindikatuaren garapena, irizpideak eta jarrerak ezagutzeko lagungarri izan dadin.
Kronika gisako ohar-hautaketa guztiz asimetrikoa egin da. Lehentasuna eman zaie, bestalde, aipamen testualei, eta azken garaiotako jardueraren eta jarreren gainetik jarri dira. Iraganetik hartu behar dira, izan ere, oraina aztertzeko eta jorratzeko behar ditugun estimuluak.
Hiru zatitan banatzen da testua (banaketa subjektiboa, inondik ere). Funtzionala omen banaketa, "garai" historikoen araberakoa.
Lehenbiziko parteak (1911-1976) testu guztiz selektiboak ditu. Aipatu besterik ez ditu egiten garai hura nolakoa izan zen jakiten laguntzen diguten gertakariak: SOV-en sorrera, hasierako urratsak, ibilbide gogorra eta erakundearen sendotzea... Gerra (1936-1939) ondorengo errepresioa eta erbesteratu beharra ere aipatzen ditu. Garai hartako ELAko kideek larrutik ordaindu zuten bere militantzia eta beti izango ditu gogoan Sindikatuak. ELAk hainbat alorretan izan duen bilakaeraren diagnosia edo azterketa egiten du egileak zati honen amaieran. Lehenbiziko Biltzarra (1929) eta II.a (1933) garai horretan eginak dira.
Bigarren zatian (1976-1990), berriz, fase berri bat ageri da, bere aukera, gatazka eta zailtasun guztiekin. Ilusio handiz aritu zen sasoi horretan ELAren militantzia, egoera ekonomikoa, politikoa eta laborala gogorrak izan arren. Lege aldetik berriz, guztiz aurkakoa eta mugatzailea zen frankismo ondorengoa. Afiliazio- eta ordezkaritza-maila oso onak lortu ziren, baita antolakuntza egokia ere; hala eta guztiz, neke-aztarnarik azaldu zen garai horretan. Indar berriaren hauspoari eraginda gainditu ziren makalaldi haiek. Fase horretan egin ziren III. (1976), IV. (1979), V. (1982) eta VI. (1986) Biltzarrak.
Hirugarren zatia (1990-2001) berrindartze- eta hedatze-sasoitzat jo genezakeen hamarkada luze bati dagokio. Jarduera-eremu berriei ekin zitzaien, Euskal Herriaren eraikuntza nazionalaren aldeko jarrera tinkoago eta esplizituagoa oinarri harturik, ikuspegi sozial eta politikotik betiere. Bestalde, belaunaldien errelebu erabatekoa egin zuen ELAk bere antolakuntza-sistema guztian epe horretan. Generoari dagokionez ere (emakumeen partaidetza) izugarrizkoa izan zen aldaketa 1990-2001 tartean. Horrekin batera, lanerako metodo eraginkorragoak jorratu ziren eta erreibindikazio-dinamika zorrotzagoari ekin zitzaion. Fase horretan egin ziren VII. (1990), VIII. (1993), IX. (1997) eta X. (2000) Biltzarrak.