Energia urriko mundu baterako gida

Energia urriko mundu baterako gida liburu osoa azalekin.pdf 6.3 MB
Liburudendetan salgai Gaurko eredu kapitalistaren atal ahuletako bat energia da. Mundu guztiak onartzen du erregai fosilak xahutzea etorkizunik gabeko jokabidea dela, hainbat arrazoiren ondorioz. Liburu honentan, Gorka Buenok arrazoi horiek aztertzen ditu, energia zertan den azaltzen digu eta, arazoak ikusirik, izan litezkeen irtenbideak ere aipatzen ditu. Lan zehatza dugu hau, ikuspuntu teknikotik, baina irakurgarria ere bai. Gai honetan, beste askotan bezala, azterketa sakonak gutxitan izaten dira, eta oraingo honetan egileak taxuzko lana egin du, axalean geratzen ez dena. Azken urteotan ELA eta Manu Robles-Arangiz Institutua fundazioa energiaren gaiaz hausnartzen ari gara. Horregatik argitaratu izan ditugu ildo honetan beste liburu eta txosten batzuk, eta aurrerantzean ere jarraitu egingo dugu. Testu hau euskaraz idatzita dago. Egileari esker ona agertzea zor zaio, gure hizkuntzan honelako ekarpenak ez baitira sarri agertzen. Politika energetikoa zuzentzen eta erabakitzen dutenek gizarteari sinetsarazi nahi diote gauzak apur bat aldatuta sistema osoak bere horretan jarrai dezakeela. Hots, berotze globalak eredu energetiko eta ekonomikoarekin zerikusi handia duela begibistakoa den arren, aski omen litzateke zuzenketa txiki batzuk egitea berotze horren ondorioak mirariz leuntzeko, eta produkzioaren nahiz energia-kontsumoaren etengabeko hazkundea zalantzan jarri beharrik ez legoke. Noski, horrela jarraituz gero enpresen etekinak gero eta handiagoak izango dira. Baina liburu honek adierazten duen legez, sakoneko auzia eredu hau zalantzan jartzea eta eredua errotik aldatzean datza. Erronka honi aurre egin behar diogu, eta lan honekin aldakuntza hori bultzatzeko kezka hedatuko duela espero dugu. Mikel Noval ELAko Ingurumeneko arduraduna Pozgarria da Manu Robles-Arangiz Institutuarentzat lan hau aurkeztea. EHUko irakaslea den Gorka Buenok "Energia urriko mundu batentzako gida" idatzi du, eta nolabait ere aldendu egiten da aurreko argitalpenetan jorratu izan diren gaietatik, esparru sozioekonomiko, soziolaboral edo politikoarekin zerikusia zuten lanetatik. Energiari buruzko liburu hau teknikoagoa da. Zer dela eta energiari buruzko liburu bat? Zertan eragiten dio energiaren egungo egoerak mugimendu sindikalari? Baten batek harritzekoa iritziko badio ere, ezin dugu ahaztu energia sistema produktiboan funtsezko osagaia dela. Energia kontsumoaz hitz egitea klimaren aldaketaz, hondakinez eta kontaminazioaz jardutea da, baina batez ere baliabideen agortzeaz, inbertsioen beharraz eta bizi-kalitateaz hausnartzera behartzen gaitu. Energiari buruzko gaurko debatea itxuraz oso teknikoa dela eta sindikalismoarekin zerikusirik ez duela pentsa badaiteke ere, langile-klaseak bete-betean jasaten ditu gorabehera energetikoen ondorioak, behargin, kontsumitzaile eta herritar den aldetik. Aditu askoren iritziz, krisi energetiko larri baten atarian gaude. Hartara, egilearen tesi nagusiak zer pentsatua ematen du: egungo eredu energetikoa zeharo aldatu beharra dago, izan ere erregai fosilen erabilpen masiboan oinarritutako eredua bere mugetara iritsi baita (petrolioaren ekoizpenaren punta eta klimaren aldaketa medio). Hau gizateriarentzat berebiziko erronka izango da. Eta erronka horri behar bezala erantzuteko beste eredu baterantz jo behar dugu: energia berriztagarriaren erabilpen iraunkorra izango da horren gakoa, eta energia egun baino askoz ere garestiago eta urriagoa gertatuko da. Ondorioz, mugitzeko gaitasuna eta globalizazioa auzitan jarri beharrean izango gara. Krisietan langileok izan ohi gara galtzaile. Sindikalismoak oinak lurrean bermatuta baditu, kontrabotere izan nahi badu eta langile jendearen bizi- eta lan-baldintzek kezkatzen badute, energiaren alorrean gertatzen ari dena aintzat hartu beharra dauka. Gainera, sindikatuak beste gizarte-mugimendu batzuk baino egitura produktiboaren ezagutza handiagoa du, enpresetan dituen militanteei esker. Sindikalismoak eztabaida honetan badu zer esana. Bere asmoa elkartasuna, justizia eta beste indar sozialekin lankidetzan aritzea da. Horretarako ezinbestekoa da ere energiaren alorrari buruzko gutxieneko prestakuntza bat izatea, teknikoa eta konplexua izanagatik. Liburu honekin horretarako ekarpen bat egin nahi dugu. Gorka Bueno ingeniaria, energia berriztagarrien ikertzailea eta EHUko irakaslea da. Bere lanean oreka bilatzen saiatu da, aldi berean teknikoki zorrotza eta gaia ezagutzen ez dutenentzat ulergarria izan zedin. Baina horretaz gainera, liburu honetan nabari da Gorka militantearen kezka soziala. Euskal Herriko ikuspegitik abiatuta, irakurleak energia alorraren egoera, mugak eta etorkizunean har daitezkeen bideak ezagutuko ditu. Liburuan, bestalde, hainbat erreferentzia aurki daitezke, gehienak interneten kontsulta daitezkeenak, gaiari buruzko interes handia duenak sakontzeko aukera izan dezan. Fernando Iraeta Manu Robles-Arangiz Institutua fundazioko zuzendaria