Dokumentuak 59: Trump eta aro geopolitiko berria

(Dokumentu osoa irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)
Gabon guztioi. Lehenik eta behin, eskerrik beroenak eman nahi dizkiet antolatzaileei, Javi eta Joseri, gonbidapena luzatzeagatik. Guretzat beti da plazer bat Euskadin egotea, eta, bereziki, hemen Donostian izatea. Aspaldi honetan ez gara hona etorri hitz egitera, eta pozgarria da berriz elkartzea.
Hitzaldi hau ez da aldez aurretik idatzitako edo antolatutako diskurtso bat. Gaurkotasunak eskaintzen dizkigun elementuetatik abiatuta zuzenean egindako hausnarketa zuzen eta irekia da, berehalako pentsamendutik abiatua. Atzo, esaterako, Trump eta Putinen arteko komunikazio zuzena izan zen; gaur, Trumpek Zelenskyrekin hitz egin du. Bestalde, Israeleko agintariek erabaki dute indarrez ekitea palestinarrak berriro desplazatzera behartzeko, ziurrenik iparretik hegoaldera. Gaur bertan, gainera, bilera bat egin da Emirerrietan Kongoko Errepublika Demokratikoko presidentea eta Ruandako presidentea elkartuta, Kongoko ekialdean urteak daramatzan gerra ikaragarriari amaiera emateko. Ehunka mila lagun hil dira gatazka horretan, eta bilera horretan, hain zuzen, Kongoko Tshisekedi eta Ruandako Kagame izan dira aurrez aurre, M23 taldearen inguruko gatazkaren testuinguruan.
Gai horiek guztiak jorratuko ditugu gaur, geopolitikaz arituko baikara. Geopolitika, gizarte- eta politika-zientzia gisa ulertuta, potentzien arteko harremanez hausnartzen du, faktore geografikoak, herrialde bakoitzaren aberastasuna, defentsa-gaitasuna —armamentuari dagokionez— eta mundu mailako eragin-sareak kontuan hartuta. Diziplina hau XIX. mendearen amaieran hasi zen garatzen; alemaniarrek jarri zioten hasiera, diotenez. Hala ere, gaur egun, berriz ere behartuta gaude gai honetan sakontzera.
Zergatik? Trump agintera iritsi zenetik —duela bi hilabete baino gutxiago—, nazioarteko sistemaren egitura mugitzen hasi delako. Ez dut esango sistema hori erori denik —nahiz eta, nire ustez, gainbeheran egon—, baina argi dago dardarka ari dela. Azken 80 urteetan, Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik, eraikitako sistema hori kolokan dago orain.
Lehenik eta behin, gertatzen ari diren aldaketa horiekin erabat harrapatuta eta desorientatuta daudenak Europako agintariak dira. Ez zuten espero Europaren tutore izan den potentziak —Bigarren Mundu Gerraz geroztik Europa antolatu, babestu eta, neurri batean, kolonizatu duenak— bat-batean interesik ez izatea kontinente honetan gertatzen denarekiko, batez ere segurtasunaren arloan. Are gehiago, badirudi Estatu Batuek nahiago dutela Errusiarekin harreman pribilegiatu bat ezarri, Europako zati handi batek mehatxu gisa ikusten duen potentziarekin.
Horrek egoera berria eta aurrekaririk gabekoa sortu du. Hausnarketa horretan murgilduko gara gaur. Berriro diot: ez dut tesi itxirik, ez baitago oraindik distantzia nahikorik hipotesi sendo bat osatzeko. Baina gaur uste dudana partekatu nahi dut. Gerta liteke bihar gertakariek kontrakoa frogatzea, baina beharrezkoa da pentsatzera ausartzea.
Hasieran, nik egingo dut aurkezpen bat, baina gero, nahi izanez gero, aretoko parte-hartzeekin elkarrizketa irekia garatzeko aukera izango dugu. Helburua da ulertzea mundu berria nola marrazten ari den, mundu berri honetan sartzen ari garelako, eta horretan ez dago zalantzarik. Duela bi hilabete arte existitzen zen mundua ez da jada existitzen, eta gero eta indar gutxiago izango du. Beraz, ulertu beharra daukagu nola moldatuko garen arriskuez beteriko errealitate berri honetan. Eta, agian, aspalditik ikusi ez ditugun arrisku motak aurkituko ditugu bidean.