Antolakuntza, borroka eta garaipenak garbikuntzako soldata arrakalaren aurka

2024/12/04
photo_5944823298963654726_x.jpg
“'Emakume zarete, horixe da tokatzen zaizuena'; 'Soldata txikiagoetatik abiatzea, gauzen eboluzio naturala da'. Horrelakoak entzuten dituzte emakume langileek, negoziazio mahaietara soldata arrakalaren gaia daramatenean. Naturala? Hego Euskal Herriko soldata arrakala, %25 ingurukoa izanik, nola izan liteke naturala? Kontakizunaren ardatz nagusia Bizkaiko Epaitegietako garbikuntza sektoreko langileek, 2022an egin zuten greba izan da. 2022an 65 eguneko greba egin zuten". Aiala Elorrietaren hitzaldia "Lana eta sindikalismoa XXI mendean" kongresuaren "Feminismoa eta zaintza-lanak" mahaian.

Emakume zarete, horixe da tokatzen zaizuena
Soldata txikiagoetatik abiatzea, gauzen eboluzio naturala da

Horrelakoak entzuten dituzte emakume langileek, negoziazio mahaietara soldata arrakalaren gaia daramatenean. Naturala? Hego Euskal Herriko soldata arrakala, %25 ingurukoa izanik, nola izan liteke naturala?

"Nola garbitu soldata arrakala?" dokumentuan, ELA sindikatuak soldata arrakalaren aurka egindako bidea eta estrategia aztertu ditugu. Bereziki garbikuntza sektoreari begiratu diogu. Zergatik? Sektore feminizatua da, prekarizatua, partzialtasun maila handikoa, eta sarritan azpikontratatua. Zelako koktela. Ba, garbikuntza sektorea izan da azken urteotan soldata arrakalari aurre egiteko estrategia nabarmena martxan jarri duen sektoreetako bat.

Kontakizunaren ardatz nagusia Bizkaiko Epaitegietako garbikuntza sektoreko langileek, 2022an egin zuten greba izan da. 2022an 65 eguneko greba egin zuten. Dokumentua egiteko Maite Leizegi eta Inma Gomezekin solasean aritu ginen. Sindikatuko liberatua eta garbiketako ordezkaria.

Antolakuntzan aurretiko lana

Zerbitzuak Federazioak soldata arrakalaren inguruan urte asko darama lanean eta horren emaitza azken urteetan jaso da batez ere.

Lan zentroetan greba eta soldata arrakalaren auzia bera ere, ez dira bapatekoak. Ez dira inprobisatuak. Urteetako antolakuntza lana egon zen. Kasu honetan, lan sindikala abiatu zuena, lan osasun arazoak identifikatzea izan zen (2017): emakumeek jasan beharreko gehiegizko lan karga zen kezka handiena. Hor hasi zen elkar ezagutza langile eta sindikatuaren artean.

Ezinbestekoa da elkar-ezagutza: langileek sindikatua eta bere tresnak ezagutzea; sindikatuak langileen kezka eta arazo nagusiak identifikatzea.

Lan kargak murriztu ziren eta orduan hasi ziren langileak sindikatuan afiliatzen. Horrela kontatzen digute: Konfiantza zegoenean, orduan eman zen salto bat diskurtsoan: hobeto antolatu gaitezke, gehiago izan gaitezke, eta gure helburua hitzarmena hobetzea izan daiteke, horretarako dugu erresistentzia kutxa. Une horretan sartu ziren “greba” edota “erresistentzia kutxa” berbak garbitzaileen taldean.

Aurreko esperientzia eta garaipen sindikalek, zorua ematen diote gatazkari.

Ez da greba isolatu bat. Estrategia baten parte da. Greba jakin honen aurretik beste batzuk egon ziren, eta ostean baditugu esperientzia gehiago.

Langile asanbladatan, aurreko grebetako bizipenak eta kontakizunak lehen pertsonan kontatzea oso lagungarria da, langileak jabetzeko eta boteretzeko: “Hasieran ez dute sinisten. Saiatzen gara, aurreko gatazketan parte hartu duten langileak asanbladatara eramaten ditugu, lehen pertsonan entzun dezaten. Testigantza batek indar handia ematen du”.

Eta noski, aurreko garaipenak lagungarriak dira negoziazio mahaian ere. Esaterako, Bizkaiko Epaitegietako garbitzaileen kasuan, aurretik Gipuzkoako garbiketakoek egindako greba: “Epaitegietako langileen hitzarmena geldi zegoen. Negoziazio mahaia 2013an ireki zen, eta hor zirauen, hobekuntza gabe. Soldatak bai, baina besterik ez. Guk hor aukera ikusi genuen. 2019an Gipuzkoako garbiketakoak zeuden greban, eta salto bat eman zuten, hobekuntza bat. 9 hileko greba egin zuten arrakalari aurre egiteko. Guk esan genuen: zergatik guk ez? pliego berbera da, baldintzak ere, haiek lortu badute, guk zergatik ez? Horregatik horren bila joan ginen. Behin jendea antolatuta zegoela, helburua izan zen berdintzea behintzat
Gipuzkoakoekin” .

Balio bereko lana

Nola eraman negoziazio mahaira arrakalaren gaia? Zein ebidentzia erabil daitezke beste aldearen aurrean? Partzialtasun maila handiagoa, behin-behinekotasun maila handiagoa, kategoria baxuagoak, ordezkapenik eza eta antzerakoak eramaten dira negoziazio mahaira, soldata arrakala ezabatu beharra justifikatzeko. Berebizikoa da konparaketa bat egitea, arrakala hori bistaratuko duena, eta horretarako funtsezkoa da balio bereko lanaren ideia.

Balio bereko lanaren ideiak, ordainsari berdina jasotzeko eskubidea gordetzen du, ez soilik lanpostu berbera den kasuetarako, baizik eta lanpostu ezberdinak izan arren, lan horien balioa berbera den kasuetarako.

"Balio bereko lanak direla frogatzeko, lanaren funtzioaren deskribapenetara jotzen dugu. Sektore maskulinizatu eta feminizatuetan funtzioen deskribapena berdina bada, ezin dira baldintza desberdinak onartu”.

"Eraikinen eta lokalen garbiketaren sektorea, kale garbiketarekin alderatzen dugunean: 10.000 euroko soldata arrakala dute Bizkaian eta 8.000 eurokoa Gipuzkoan".

"Balio gutxiago al du eraikinak garbitzeak errepideak garbitzeak baino? Kontua da zerbitzu hori merkeagotu egiten dela emakumeek egiten dutenean”.

Langile azpikontratatuak: administrazio publikoak erantzule

-Zerbitzuak azpikontratatzeko joera, estrategia politiko baten barruan kokatzen da, 80ko hamarkadako korronte neoliberalaren barruan. Euskal Herrian, administrazio publikoek, hautu hori hartu zuten.

Azpikontratazioak berekin dakarren lan balditzen prekarizazioarekin lotuta, sindikatuak interpelazazio zuzena egiten dio administrazio publikoari. Eta noski, baita soldata arrakalaren erantzule gisa ere.

Administrazio publikoa zerbitzu askoren kontratugilea da, eta arduradun politikoek erabakitzen dute zerbitzu bat azpikontratatuko den edo ez, eta zein baldintzatan emango den (prezioa) eta zein pliego ezarriko diren (partzialtasuna, esaterako) edota zein enpresa pribatu egingo den esleipenaren jabe.

Epaitegietako greba hobetan ere, garbitzaileak azpikontratatuta zeuden.

Askotan enpresak erakunde publikoentzat lan egiten dutenean, nahi izaten dute ardurarik ez izan. Aitzakia gisa, margenik ez dutela argudiatzen dute... Jakinik aitzakia hori baliatzen dutela, gatazka bat prestatzean, kontuan izaten dugu beti, pliego berriak noiz ateratzen diren".

Partzialtasuna

Soldata arrakalaren kontzeptua zer den azaltzen den kapituluan, kontzeptuaren dimentsio desberdinak bistaratu ditugu. Zalantzarik gabe, azpikontratazioarekin batera, partzialtasuna, arrakala honen alderdi nabarmena da.

Zerbitzuak azpikontratatuta dauden kasuetan, partzialtasun horren kausa, administrazio publikoak ezarritako pliegoak izan daitezke.

Alderdi ekonomikoan adostasuna dagoen arren, lanaldietan dugu traba. Soldata handia izanda ere, zer inporta du, beti erdia jasoko baduzu? Egun oztopo handiena, lanaldia ezin luzatzeko dauden mugak dira”. (Bizkaia Plazako greba)

Jaurlaritzak bere pleguetan ezarri eta mugatzen du, astean gehienez 20 ordu egin dezaketela lan”. (Bizkaia plaza)

Antolakuntzarako Tresnak: erresistentzia-kutxa, ekipoa, boteretze prozesua

Inma eta Maitek, elkarrizketan zehar behin baino gehiagotan azpimarratu dute, langileek eta afiliatuek sindikatuaren tresnak zeintzuk diren ezagutu behar dituztela. Eta tresna horiek ezagutu eta bizitzen dituzten heinean,aurrerapausuak ematen direla antolakuntzan. Epaitegietako grebaren kasuan ere, Erresistentzia-Kutxa derrigorrezko tresna izan da hitzarmenaren hobekuntzan inplikatu ahal izateko.

Langileek uste dute jende asko behar dela zerbait lortzeko. Nik esaten diet, kolektiboan 6 langile badaude, eta 6ak antolatzen badira, edo grebara badoaz, %100a daukazu. Ez duzu jende pila behar. Jakina, Erresistentzia Kutxarik gabe, ezingo litzateke”.

Amaitzeko: Sindikatu feminista eraikitzen ari garela esan ohi dugu. Bide horretan, soldata arrakalaren aurkako borroka sindikala, ekarpen handia eta oso emankorra da.

1) Akordioen edukiak daude alde batetik. Epaitegien greba, akordioarekin amaitu zen. Akordioak, bi bidetatik murrizten zuen arrakala.

2) Soldata arrakalaren aurkako borrokak, emakume langileen boteretzea dakar. Etorkizunerako negoziaketei begira, ezinbestekoa.

Prekaritate handia dago... Aldaketa bat dago langile horren baitan: 5etan jaikitzen naiz egunero 500 euroko soldata bat izateko... edo, 5etan jaikitzen naiz, baina borrokatuko dut 500 euro ez kobratzeko. Jauzi kualitatibo horrek lan handia du atzean.... Nahiz eta erresistentzia kutxa zer den azaldu, prozesu bat da: nahikoa konbentzituta egon behar dira eta indarrez, ahal dutela sinisteko. Etxean eta kolektiboan. Boteretze prozesu bat exijitzen du”.

Irakurri dokumentu osoa hemen: Nola garbitu soldata arrakala?