A la conquista del cuerpo equivocado. Solasaldia Miquel Missérekin

2021/05/17
Joan den maiatzaren 4ean solasean aritu ginen Miquel Missé-rekin bere "A la conquista del cuerpo equivocado" liburuaren inguruan. Labur geratu zitzaigun ordu eta erdiko tartea eta bertan izan ginenok hausnarketak elkarbanatzen jarraitzeko desioz geratu ginen. Tertulian parte hartzerik izan ez zuten kideak ere gaiaz jarduteko gogoz daude. Jarrai dezagun bada solasean!

Trans esperientziaren inguruan azken urteetan nagusitu den pentsamoldeak, mainstream diskurtsoak alegia, gorputzaren eraldaketan jartzen du fokua. Gazte transexualei (ia) aukera bakar gisa horixe eskaintzen die diskurtso nagusiak: existitzen ez den eta eskuragarria ez den balizko gorputz idealaren bila, eraldaketa prozesua abiatzea.

Bide bakar hau desjabetze bat dela aldarrikatzen du Miquel Missék: norbere gorputzaren desjabetzea. "A la conquista del cuerpo equivocado" liburuan hori irauli eta gorputzak berreskuratu eta haien jabe egiteko deia egiten du Missék. Baina liburua harago doa: genero eraikuntza zurrunak gure gizartean eragiten dituen ondoeza jendartean oso zabaldua dagoen esperientzia da. Alegia, ez da soilik trans pertsonek bizi duen ondoez bat. Guzti horrekin, trans esperientzia jendartearen bazterretatik, erdigunera dakar: binarismoaren deseraikuntzan aurrerapausoak emateko indar gisa.

kartela_page-0001.jpg
Aiala Elorrieta dio:
2021/05/17 15:15

Misseren liburuak asko eta sakon jarduteko aukera ematen du. Foro honetara kontu bat ekartzearren, bere liburuan proposatzen duen "trans ispiluak" kontzeptua aipatu nahiko nuke. Genero trantsizioaren prozesuan murgilduta dauden pertsonek, izan dezatela "trans ispilu" bat haien buruak begiratzeko. Ispiluaren beste aldean, ez dadila egon gorputz CIS ideal bat, trans prozesuaren arrastorik ez duena, edota trans prozesuaren markak ezabatzen dituena. Izan dadila ispilu bat, trans prozesuaren markak bistaratzen dituena konplexurik gabe.

Iruditzen zait ezinbestekoa dela ispilu berriak eskuragarri izatea. Iruditeria eraldatzeko, ez bakarrik pertsona trans-entzat, baizik eta geure gorputzekin modu askeagoan eta orekatuagoan bizitzeko gai izan gaitezen...

Unai Oñederra dio:
2021/05/17 16:36

Bai, berak aipatzen du baduela gorputza lapurtu diotenaren sentsazioa, ez zizkiotela beste erreferenterik eskaini bere garaian Eta liburuak badu guztiontzako mezua: sistemak ezartzen dizkigun gorputz eredu hegemonikoen atzetik bagabiltza, ez gara inoiz asetuko, ezartzen dizkiguten ideal teoriko horiek ez baitira irisgarri (ez osasungarri), eta ez dira gure egonezak konponduko. Missék liburuan dioena, nolabait, modu sinplifikatuan esateko: alda sistema, ez gorputzak! Ez da gorputzak aldatzearen kontra dagoela, baizik eta dudan jartzen duela ea hori izan behar den trans mugimenduarentzat irtenbide bakarra. Gorputzean zentratzeak arazoa indibidualizatzen du, eta denborarekin konturatu da egon daitekeela trans bezala bizitzeko beste modu bat, norberaren gorputzarekin bakeak eginda. Errespetu handiz eta bere esperientzia eta bizipen propioetatik idatzita dagoen liburuan dio "nire gorputza gorrotatzera eraman naute, hain justu, nire gorputzaren aldaketekin aberasten direnak. Arazoa ez dago gorputzean, arazoa transfobian dago (gehitu hemen lodifobia, arrazakeria...), kultura hegemonikoan, genero arauan... eta horrek kultura (sistema) eraldatzea eskatzen du. Helburua genero eta gorputz desberdinak libre biziko diren sistema lortzea da. Eta horretarako aliantzen beharra aipatzen du. Asko gustatu zait liburua, eta berekin izan genuen elkarrizketa oso baliagarria izan zitzaidan.

Xabi Irastorza dio:
2021/05/17 16:39

Erabat ados Aiala!
Zeinen garrantzitsua den genero nortasun binario trinko eta itxitik, genero nortasun anitz, malgu eta inklusiboagoetara trantsizioa egitea. Zuk diozun moduan, ez bakarrik genero trantsizioa egin dutenenentzat, baita gure generoa, nortasuna, gorputza, espresioak edota janzkerak modu dibertsoan bizi dituztenentzat ere. Guztioi genero rolen zurruntasunetik askatzen eta modu libre eta berasgarriago batean bizitzan lagunduko ligukeelakoan nago.

Xabi Irastorza dio:
2021/05/17 17:49

Niri ere liburua izugarri gustatu zait. Asko ikasi dut eta begirada ere aldatu dit.

Unai, zuk diozun ildotik liburuaren irakurketan zehar honako apunte hauek egin nituen niretzat. Hemen partekatzen ditut:

Hasiera batean liburua “haur transen” egoera eta “arazoak” beste modu askatzaileagoan bizitzeko idatzia badago ere, askoz ere harago doala iruditzen zait.

Genero-ezinegona sentitzen duten pertsonen bizipen zabalagoa, pluralagoa eta osasuntsuagoa egiten du eta generoa modu zabalagoan bizitzeko aukerak irekitzen ditu.
Baina, nire ustez planteamenduaren sakontasunak zalantzan jartzen ditu generoa bizitzeko inposatu diguten zurruntasuna, bai trans pertsonentzat, baita cisentzat ere. Generoaren kategorizazioa eta gorputz ideal eta desiragarrien kanonak gainditu eta gure izatea, espresioa eta gorputzak modu osasuntsuagoan bizitzeko aukera irekitzen du (bai transen kasuan, baina baita gizen, itsusi, elbarri edo aniztasun funtzionaleko pertsonen kasuan ere). Liburuak literalki dio “Derecho al propio cuerpo sin malestares ni violencias, sin presiones que derrumban nuestra autoestima”.

Eta hau honela, nire uste Miquel Missék genialtasun bat egiten du. Izan ere, trans errealitatea "arazo" partikular, indibidual eta "marjinal" izatetik genero-egitura zurrunak sortzen duen ondoeza agerian utzi eta salatzen duen errealitate izatera pasatzen da. Transexualitatea, periferiko-marginal izatetik genero hegemonia eta zurruntasuna eta honek sortzen duen ezinegona zalantzan jartzera pasatzen da. Guztiontzat askatasunaren eramaile bihurtzen du. Ez bakarrik trans pertsonengan, jendarte osoan baizik. Generoaren gizarte-kategorizazio zurrun, murriztaile, itogarri batetik, generoa osasuntsuago eta modu askatzailean bizitzera igarotzea, bai cisentzat, baita transentzat ere.

Kategoria bitar heterosexual batean pentsarazten digute, zisheteropatriarkatuaren egitura menderatzailea betikotzeko. Arauetatik ateratzen dena lehenik borrokatu egiten da, baina gero integratzera pasa daiteke arazo partikular/indibidualtzat jotzen bada eta “zure arazoa” konpontzen baduzu (okerreko gorputza zuzentzen baduzu) ezarritako kanonetan sar zaitezke eta “integratzeko aukera eskaintzen zaizu. Ikuspegi honetan, arazoa ez da sistemarena, norbanakoena baizik (aldatzen bada integratzeko aukera du). Hori da Missék salatzen duen oharkabean edo inor konturatu gabe pasatzen diren trans gorputzen mitoa. Hori lortzen duten heroi gutxi batzuk badira: ekonomia-, kultura- eta gizarte-kapital handiko pertsonak. Ikuspegi honek transmititzen den mezua da: gorputz cisheterosexual perfektuen antzarik ez duten trans gorputzak ez dira desiragarriak eta ez dute merezi. Nik gehitu nuke, ezta cis gorputzak ere.



Honela, bazterketaren biktimak bi aldiz bihurtzen da biktima. Lehenik, bere nortasuna bizitzea eta sentitzea galarazten zaiolako, eta, ondoren, onartu ahal izateko aldatzera behartua delako. Desiragarri den kanonetara hurbiltzen ez diren “anomalia” batzuk ere onartzen dira (loditasuna, itsusitasuna, aniztasun funtzionala...), baina betiere idealetik edo desiratik (gorputz cisheterosexual "perfektutik") kanpo edo urrun. Eta beti ere sistema zalantzan jartzen ez duten heinean. Norbera edo indibiduoak aldatzeko aukera eman egitura eta funtsa (menderakuntza sistema) alda ez dadin.


Niretzat, liburuko ekarpenik garrantzitsuena da trans esperientziak (genero-egitura zurrunak sortutako ezinegonak) zalantzan jartzen duela generoaren gizarte-egitura osoa, genero-egitura bitar zurruna, alegia. Uste dut sakonean hori dela Espainiar estatuko trans legearen inguruan azaleratzen ari den eztabaidaren muturretako bat.

Unai Loiarte dio:
2021/05/18 18:26

Liburu pedagogikoa iruditu zait; Missék bere bizipenen bitartez azaltzen ditu sakontasun handiz zenbait trans-gatazka. Bere eskutik eramaten zaitu liburuan zehar eta horrek (ere) planteatzen duenarekin interpelatua sentitzera zaramatza.
Gauza asko esan daitezke, baina azpimarratuko nukeen ideia cis-trans kategorien ezabatze-lausotzean egiten duen ekarpena da.
Missérentzat genero desberdintasuna sozialki eraikia da, ez da biologikoa. Eta gaur egungo genero-erregimen zurrunak sortzen duen ondoezaren aurrean, trantsizioa estrategia bat izan daitekeela defendatzen du.
Genero ondoeza gizartean orokortua dagoela iruditzen zaio eta genero-operazioak (maskulinitatera-feministatera daramaten operazioak) uste baino anitzagoak direla: kirurgia estetikoa, depilazioa, gimnasioa... Generoa afirmatzeko operazioak direla dio Missék. Ideia honek, izugarrizko sakontasuna daukala iruditzen zait.
Trans bizipena ulertzeko ohiko formak, genero batetik besterako trantsizioa izan du ardatz. Trans-ak mugitzea erabaki du, esfortzu bat egin du mugitzeko. Eta bestaldean, cis-bizipenak ez du esfortzurik suposatzen, bere horretan dago, mugitu gabe eta esfortzurik egin gabe.
Zer gertatuko litzateke ulertuko bagenu cis-pertsonek ere beren gorputzetan genero operazioak egiten dituztela? Ez zertan egotzi zaien generotik aldentzeko, egotzitakoan berresteko baizik.
Zer gertatuko litzateke ulertuko bagenu cis-pertsonek ere genero-ondoeza sentitzen dutela?
Zertan desberdinduko liratezke trans-cisak? Soilik trans pertsonenganako jazarpenean.
Missék ez ditu zalantzan jartzen genero-kategoriak (maskulinoa, femeninoa, gizon, emakume), nahiz eta, genero-adierazpen kategoria proposatzen duen aurrekoak destenkatzeko. Guztiz konbentzitzen ez nauen proposamena da, genero bitartasunaren kontra jotzea beharrezkoak dela iruditzen baitzait.
Asko disfrutatu dut liburuaz eta begiradak aldatzeko oso baliagarria izan daitekeela iruditzen zait.

Aiala Elorrieta dio:
2021/05/19 14:06

Ederto, Unai Loiarte! Piztu da eztabaida!! Zure iruzkinean esandako askorekin bat nator, eta azpimarratzen duzun puntuetako bat, genero operazioen ingurukoa, oso garrantzitsua iruditu zitzaidan niri ere. Eta ekarri beharreko gaia zalantzarik gabe: generoa afirmatzeko operazioak dira, cis askok egiten dituzten operazioak ere...
Iruzkinaren bukaeran planteatzen duzu, Missék ez dituela genero-kategoriak zalantzan jartzen eta ez duela hortaz, haien kontra jotzeko beharra adierazten. Hor zalantza sortzen zait: ez du agian modu esplizituan hori egiten, baina nik uste, liburu osoan zehar, "generoa" bizitzeko dauden modu askeagoak planteatzen dituenean, gure gorputzak modu askeagoan bizitzea planteatzen duenean...inplizituki egun ezagutzen ditugun gizon-emakume kategoriekin hausten ari dela....
Egia da, beharbada modu nabarmenagoan enuntziatu beharko lukeela, baina era berean, oso era transbertsalean, bi kategoria horiek kolokan jartzen dituela uste dut.
Esan bezala, piztu da eztabaida!

Maialen dio:
2021/05/24 10:28

A ze hari puska! Etxeko-lanak egin gabe nator, liburua ez dut irakurri, baina zuen gogoetek Misséri jarraitzeko motiboa eman didate eta planteatzen duzuek sortu dizkit zirriborro batzuk.

Batetik, Trans ispilua kontzeptua gustatu zait eta ni ere ados nago iruditeriak binarismo dikotomikoa bestelako egiteko behar ditugula. Hala ere, behin kolektibo honetako bati entzun nion ez zaiola batere gustatzen trans kontzeptua, patología gisa izendatzeko erabili zela garaian, eta bere ustez horixe dela mugimendu honen blokeoaren arrazoietako bat: transek ez dute trantsiziorik egiten, begiratzen dituen horrek baizik. Ez dakit Missek berak nola definitzen duen bere burua, (hiztegi terminologiko potoloa dago sexu-genero identitatean) (esnearen apaletan ere bai eta ez digu axola, are, halaxe izatea desio dugu) (barka konparazio-metafora boteprontokoa), interneten “soziologo eta ekintzaile transa” dela aipatzen da. Niri ere iruditzen zait trans kontzeptuak muga dezente sortzen dituela.

Gorputz libreen mundo bat amesten dut nik ere, baina horretarako gorputza bera erabiltzea interesgarria iruditzen zait. Ni ere ados nao Oinederra zurekin, gorputzean zentratzeak arazoa inbidualizatzea ekarri dezakeela baina feminismoaren potentzialtasun nabarmenena gorputz(ak) politizatzea dela uste dut, eta iruditzen zait, gorputza “bere kasa” uzten duen kulturarik ez dela egongo eta konszientzia hori gure alde ere erabili dezakegula.

Kontra pixka bat egitearren, nire ustez Espainiar Estatuko trans legearen inguruko eztabaida ez da genero-egitura zurruna malgutzeak dakarren aldaketagatik gertatu. Genero-kategoriak hausteaz aritu zarete eztabaida bukaera, eta nik ere zalantza daukat batzuetan, feminismoak planteatzen duen “deseraikuntzak” bestelako identitateen eraikuntza de facto ekarri arren, eraikuntza horietan edo deseraikuntzan, non den fokoa baliagarriagoa. Eta gizakian edo gizaki-ostean! Ni konbentzituta nago hemendik hamarkada batzuetara, guk taloak eta erromeriak nola ikusiko dituztela gai hauek cyborg euskfemanarkoek :)

Nik besarkadak bidaltzen jarraituko dut. Astelehen on!

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Erantzunak moderatuta daude.