Negoziazio kolektiboa Adrianoren harresiaren alde honetan

2022/11/30
SADpasaia.jpeg
Eleberri historikoak gustatzen zaizkit, bereziki Erroma inperialean girotutakoak. Agian ez du zerikusirik gertatu zenaren errealitatearekin, edo agian orain idatziko dudana sinplifikazio historiko izugarria izango da, baina ondorioztatu dut Erromaren kolapsoa enperadore hispaniar batekin hasi zela, Adrianorekin. Enperadore hau izan zen Erromaren hedapen politika geldiarazi zuena, muga egonkorrak ezarri zituena, Adrianoren harresi ospetsua esaterako, egungo Eskozian. Erromak hazi egin behar zuen, konkistatutako lurraldeak espoliatu behar zituen inperio kolosal hori finantzatu ahal izateko, eta konkista berririk gabe gainbehera geldiezina gertatu zen.

Pello Igeregi, Negoziazio Koletiboaren arduraduna ELA sindikatuan

Ziur aski momentu horretan gara sistema kapitalistaren barruan. Kapitalak hazkundea eskatzen du, produkzio-igoera jarraituak, funtzionatu ahal izateko. Kapitalak natura espoliatu behar du bizirik irauteko. Kapitalismoaren harresia ez du inork eraiki, planeta da gizakiaren aurrean altxatzen dena, amaigabeko hazkundea ezinezkoa baita planeta mugatu batean.

Putin funtzionala da gaur egun bizi ditugun gaitz guztiak azaltzeko. NATO, Txina Mendebaldeko bizimoduaren mehatxu gisa seinalatu duenean,  bizimodu berri post-kapitalista baterako joko-arauak ezartzen ari da benetan. Geopolitika, gaur egun, batzuek eta besteek planetako erreserba naturalak kontrolatzeko egiten duten borroka da. Izan ere, desazkundea ez da soilik aukera politiko desiragarria, iritsi den errealitatea baizik. Kontsumitzen ditugun ondasunak ekoizteko ezinbestekoak diren material askoren erauzketa muga gainditu egin da edo gainditu egingo da hurrengo urteetan. Hori da kobrearen, beste metal urri batzuen, fosforoaren edo uranio-235aren kasua. Baliabide naturalen inguruko borroka funtsezkoa da Estatu Batuentzat, beren posizio hegemonikoari eutsi ahal izateko, eta baita Txinarentzat ere hegemonia hori disputatzeko. Ukrainako distrakzioa beste alde batera begiratzeko funtzionala da (ez dut Ukrainan eta Donbassen bizi den giza sufrimendua gutxietsi nahi), KPI igoerak Errusiaren inbasioaren aurretik hasi baitziren.

Agian distraitu egin naiz, negoziazio kolektiboari buruzko artikulu bat eskatu baitzidaten, ELAn arlo horretako arduradun naizela eta. Baina nahita egin dut, negoziazio kolektiboaren testuingurua, deskribatu dudan egiturazko aldaketa horrek erabat markatzen duela uste baitut. Sistema kapitalistaren eraldaketa justizia sozialaren terminoetan gerta daiteke, munduko biztanleria osoaren bizimodu ona bermatuz, planetarekin oreka mantenduz eta prozesuaren kudeaketa demokratikoa eginez (ekosozialismoa); edo termino faxistetan, non munduko biztanleriaren zati txiki batek bere estatus pribilegiatuari eutsiko dion planetaren gehiengoaren kontura. Hori da gure negoziazio kolektiboan kudeatzen dugun dilema, gatazka-puntu argia batekin: soldaten erosteko ahalmenari eutsi edo enpresa-mozkinei, langile-klasea pobretzearen kontura; autoritarismo berriaren aurrean matxinatu ziklo-aldaketa demokratikoki gidatzeko edo bizitzaren prekarizazioari amore eman kapitalaren estatus pribilegiatuari eusteko.

ELAk 2022an egin nahi duen negoziazio kolektiboa testuinguru horrek eta bi helburu nagusik markatzen dute: Lan-prekaritateari eta prezioen igoerek eraindako pobretzeari aurre egitea. Eta bi erronka horiei lan-merkatuari begira egin nahi diegu aurre, okerren daudenen begietatik: emakumeak, migratzaileak eta gazteak.

KPIa igotzen hasi aurretik ELAk prekaritatearen aurkako kanpaina bat martxan zuen. Gure kalkuluen arabera, 541.600 langile baino gehiagok pairatzen dute lan-prekaritatea Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Gure ustez, pertsona batek lan-prekaritatea jasaten du bizitza duina izateko diru-sarrerarik ez duenean (18.200 euro urtean), gutxieneko segurtasuna duen bizitza bat eraikitzeko kontratu egonkorrik ez duenean, edo lanera joateak bere osasuna arriskuan jartzen duenean. Hego Euskal Herriko soldatapekoen %50ak baino gehiagok horietako prekaritate-elementuren bat pairatzen du gutxienez. Gure sindikatuak argi eta garbi dauka errealitate horri erantzuteko dugun egokitze-gaitasunak erakutsiko duela langileriarentzat dugun baliagarritasuna. Langileak prekaritatetik ihes egiteko antolatzeko gai ez bagara sindikatua ez da erreferentzia izango herritar gehienentzat.

Era berean, prezioen igoera esponentziala egunez egun pobretzen ari da soldata bat kobratzen duten eta KPI baino soldata-igoera handiagoak hitzarmen kolektibo bidez bermatu gabe dituzten langileak. Soldata-debaluazio horrek batez ere errenta txikienak dituzten pertsonei eragiten die, haien diru-sarrerak bizitza duinerako ezinbestekoak diren artikuluetara (elikadura, etxebizitza, elektrizitatea edo garraioa) bideratzen baitituzte ezinbestean.

Fase honetan, post-faxismo post-kapitalista da kapitalak hartzen duen forma bikoitza langile klasea desjabetzen jarraitu eta bere irabaziei eusteko. Ez da Errusia Ukrainatik erretiratzen denean edo NATOk Moskura doazen misilak desgaitzen dituenean gaindituko den zerbait, boteretsuek soldatapekoen aurka duten klase borroka baizik.

2022 urtea, 2012ko Lan Erreformaren ezarpenaz geroztik, eguneratu gabeko hitzarmenen daturik txarrenarekin hasi genuen. 380.000 pertsonek dute beren hitzarmen kolektiboa iraungituta, soldatapeko gizonen %70ak eta emakumeen %80k (emakume langileek pairatzen duten soldata-arrakala areagotzen du honek).

Iraungitutako hitzarmenen datu horri sektore publikoarena gehitu behar zaio. Sektore publikoan soldata-igoerak oinarrizko legeriaren bidez inposatzen dira, eta lan-baldintzak arautzeko akordiorik gabe daramate 2010 urtetik. 2022ko soldata-igoera %2koa izan da, iazko KPI %6,5ekoa izan zenean, eta egungoak bi digituak gainditzen dituenean. Kasu honetan ere funtsezko sektoreez ari gara, eta, besteak beste, pandemia baten aurrean zaindu gintuzten pertsonez.

Hiru faktorek azaltzen dute egoera hori. Alde batetik, COVIDaren pandemiak negoziazio kolektibo oro gelditzea ekarri zuen gure lurraldean, Gipuzkoako metalaren hitzarmen kolektiboa izan ezik.

Bestetik, prezioen igoera negoziazioak geldiarazteko oso akuilu garrantzitsua da patronalarentzat: akordiorik itxi gabe igarotzen den egun bakoitzak soldaten debaluazio erlatiboa dakar berekin. 2021eko eta 2022ko soldatak negoziatzeari utzi izanak %17ko aurrezpena ekarri die enpresei. Ondorioz, irabaziak handitu egin dira, baita ere, oro har, lehengaien kostuen igoera kontsumitzaileei pasa dietelako enpresek.

Eta, azkenik, COVIDak lan-gatazkak murriztea ekarri zuen, ere, 2020ko salbuespen-egoera aurretik kopuru hori zenbaki errekorretan zegoenean.
Azpimarratu behar da testuinguru honetan enpresen irabaziak izugarri handitzen ari direla. Bi datu bakarrik: dibidenduen banaketa %98 igo da iazkoarekin alderatuta, eta IBEX enpresek %83 handitu dituzte irabaziak 2019arekin alderatuta (COVID aurreko urtea).

Hitzarmen bat eguneratuta edukitzeak ez du esan nahi, berez, lan-baldintzak hobetuko direnik; adostutako edukiek dute garrantzia kasu horretan. Gure sindikatuan esan ohi dugu hitzarmen bat sinatzeko boligrafo bat besterik ez dela behar, baina eduki onak lortzeko, antolaketa sindikala eta gatazka ezinbestekoak dira. 2020 urtea azken hamarkadako hitzarmenen estaldura handienarekin hasi zen, eta, gainera, eduki berritzaileak eta onuragarriak izan ziren langileentzat (subrogazio-klausula Gipuzkoako metaleko azpikontratentzat, edo lanaldi partzialeko kontratazioa ezabatzeko neurriak Bizkaiko elikadura-merkataritzan, bi adibide bakarrik jartzearren). Estaldura zabal hori ez zen kasualitatea izan. 2019 izan zen azken hamarkadan gure lurraldean lan-gatazka gehien izan zuen urtea. Lan Harremanen Kontseiluak emandako datuen arabera, soilik Euskal Autonomia Erkidegoan 308 greba deitu ziren, 80.000 grebalari egon ziren eta 400.000 lanegun galdu ziren greba horien ondorioz, Estatu osoan galdutako lanaldi guztien ia erdia, EAE Estatuko biztanleria aktiboaren %5a besterik ez denean. Greba-maila hori ezohikoa da Europan. Beste datu bat: ELAren eraginpeko lurraldean Estatu osoan baino greba gehiago deitu dira zerbitzuen sektorean. Horrek adierazten du ez dagoela antolatu ezin den sektorerik.

2022a urte bitxia izaten ari da negoziazio kolektiboan. ELAk oso argi du erosahalmena bermatu eta prekaritatea amaituko duten akordioak ixteko ahaleginean ez duela etsiko. ELAk ez du soldata-debaluazioa babestuko. Dirudienez gainerako sindikatuek ez dute iritzi hori partekatzen, praktikan behintzat.

ELAk sei hitzarmen sektorial sinatu ditu aurten (Nafarroako ile-apaindegiak, Gipuzkoako eraikuntza eta ostatuak, Bizkaiko autoeskolak eta Arabako esku-hartze soziala eta aisialdi hezitzailea). Horietan guztietan erosteko ahalmena bermatzen duten soldata-igoerak adostu ditugu hitzarmenaren indarraldian. ELA da sindikatu nagusia hitzarmen horietan guztietan, eta gainerako sindikatuek ere sinatu dituzte.

ELAk beste hitzarmen sektorial batzuk sinatzeari uko egin dio. ELAk sinatu ez eta gainerakoek ontzat eman dituzten bi hitzarmen nagusiak, langile kopuruari dagokionez, Bizkaiko garbiketa eta Arabako metala izan dira. Lehenengoan, sindikatu sinatzaileek (LAB, CCOO eta UGT) ez dute erosahalmena bermatu. Bigarrenean, sindikatu horiek ontzat eman dute sektoreko langileen %10i soilik aplikatuko zaion soldata-igoera. Penatu egin gaitu LABek sinadura honetan UGT eta CCOO lagundu izanak. Arabako lantegi handienean, Mercedesen, erosahalmenari eusteko borroka eredugarria indargabetu zuten sindikatu berak dira, eta beraien helburu nagusia gatazkak desaktibatzea da. ELAren eta LABen artean akordio estrategikorik ez egotea, eta azken sindikatu hori, praktikan, erosahalmenari eusten ez dioten hitzarmenak sinatzen gusturago egotea, oso albiste txarra da ELArentzat.

Hala ere, sinatzen ez dugun lekuetan ere baliagarri sentitzen gara. Akordio horiek garestitu egin ditugu greben bidez. Arabako metalean, adibidez, beste sindikatu batzuekin sinatuta genituen hitzarmena sinatzeko gutxieneko edukiak eta, eduki horiek egon ezean, grebara deitzen jarraitzeko konpromisoa. Beste sindikatuek leialtasun minimo horiek bete ez zituzten arren, gure jendea oso pozik dago egindako lanarekin eta mobilizazioari esker negoziazioa nola baldintzatu genuen ikusita. Batzuetan beste sindikatu batzuen jarrera mingarria da, UGTrena bezala Gipuzkoako egoitzetan. Eraginkortasun mugatuko akordioa sinatu du, ordezkaritzaren %7 baino ez duen sektore batean, patronalari ia 270 greba egun izan dituen gatazka desaktibatzen laguntzeko helburuarekin. KPI baino gehiago lortu nahi dugu hain prekarioa eta feminizatua den sektore horretan, baina soldata-igoera hori gure grebalariek irabazi dute.

Halako kasuetan, eta gainerako sindikatuek nahikoa iruditzen ez zaizkigun akordioak sinatzen dituzten beste hainbat sektoreko hitzarmenetan, ELA saiatuko da sektoreko hitzarmenak gaindituko dituzten negoziazioak irekitzen enpresetan eta lantokietan. Hitzarmen horiek baino lan-baldintza hobeak adostu nahi ditugu, eta erreferentzia positiboak lortu sektore horietako gainerako langileentzat, eta, horrela, antolatzera eta mobilizatzera animatu. Aurtengo bi adibide jartzearren, Gorlizko Udalaren garbiketa azpikontratatuan, bi urtetan %44ko soldata-igoera adostu dugu, eta, hala, bide-garbiketako langileekiko jasaten duten soldata-arrakalarekin amaituko dugu. Eta Guggenheimen garbiketan, %20ko soldata-igoera lortu dugu (sektorean adostutako igoeraz gain), eta lanaldi partzialak osatuko zaizkie kontratu mota hori zutenei (plantillaren %46a); beraz, batez besteko soldata-igoera %40tik gorakoa izan da. Adibide horien eta beste batzuen artean badago lotura komun bat: greba mugagabeen deialdia eta gatazka erabiltzea botere sindikala areagotzeko. CIE taldeko Arabako zentro guztietan ere KPItik gorako soldata-igoerak lortu ditugu, beste lorpen batzuez gain.

Udazken interesgarria dugu. ELAri lan-gatazkak are gehiago areagotzea gustatuko litzaioke. Espero dezagun gainerako sindikatuekin akordio batera iristea Bizkaiko metalgintzan greba gehiago deitzeko, ekainean egin genituen hiru greba egunak baino gehiago beharko baitira lorpenak eskuratzeko.
Eta, batez ere, sektore feminizatuetan grebak aurrera eraman ahal izatea espero dugu, lan-baldintza txarrenak dituzten eta patronal matxisten borondatea behartzea zailago gertatzen ari den sektore horietan. Patronalak ez du onartu nahi sektore horien balioa, bizitzari eusteko ezinbestekoak diren arren (garbikuntza, merkataritza eta zaintza). Halaber, ez dute balio hori aitortu nahi dirua erruz irabazten ari diren sektoreetan, hala nola ostalaritzan. Espero dugu sektore horiek guztiek greba egingo dutela epe laburrean, eta espero dugu, halaber, EAEko eta Nafarroako gobernuek mobilizazio horiei boikota ez egitea gehiegizko gutxieneko zerbitzuekin.

ELAn oso argi daukagu gure negoziazio kolektiboko estrategiak bermatu behar duela kapitalak planetaren mugekin topo egin izana konpentsatzeko modua ezin dela izan lan-baldintzen kaskartzea. Oso argi daukagu, ere, ezinbestekoa dela eredu ekonomikoa aldatzea, eredu produktiboa eraldatzea eta mundu post-kapitalistari aurre egitea, banaketatik eta justizia sozialetik abiatuta. Sortzen ditugun gatazka txikiak kapitalak etekinak pilatzen jarraitzeko darabilen autoritarismoaren aurkako matxinada dira. Planetak dagoeneko eraiki du bere Adrianoren harresia, eta orain gizateriari dagokio erabakitzea bizitza banaketatik, justiziatik, demokraziatik kudeatu edo autoritarismotik. ELAk ekarpen txiki bat egingo dio helburu horri: udazken honetan antolatuko ditugun grebak.