Sindikalismo magikoa

2021/02/11
hands-1835994_1280.png
Sindikalismoa eremu gogorra da egunero begien aurrean dugun errealitatea ere horrelakoxea delako: lanik gabe geratzen den jendea, murrizketak edo baldintza aldaketak inposatzen dizkietena, osasun arazoak izan arren lan egitera behartzen dituztenena, ikaragarrizko lan-kargak sufritzen dituztenena... Patronal eta erakunde publikoen abusu mota desberdinen lekuko gara. Eta guk ahal duguna egiten dugu jende guzti horren beharrei erantzun bat emateko, ez soilik zor dieten plusa eskatuz, hitzarmenak sinatuz edota kaleratzeak borrokatuz, baita arazoak entzun eta ulermena azalduz edota gertutasuneko tratua emanez.

Maia Beitia,  ELA eskuhartze soziala Donostia

Gudu zelai latza da sindikalismoa ideologikoki azken trintxera baitirudi: sistema zapaltzaile hau zuritzen duten komunikabide eta mezu guztien aurka inurrien pare egiten dugu lana, batzuetan emaitza ikusgarri eta gogoangarriak lortuz. Gogorra da hala ere, ez ditugulako gustatuko litzaizkigukeen tresna eta baliabide guztiak eta horrek gugan ere frustrazio eta haserrea sortzen du, batzuetan nahi eta ezina izanik.

Mundua eraldatzeko proiektu honetan lan egiten dugunok gudu zelaia dugu lantoki. Aldiz, horrek ez du esan nahi samurtasunerako lekurik ez dagoenik, are gehiago, bai psikologikoki eta baita emozionalki ilunak diren garai hauetan goxotasuna erresistentziako tresna da. Irribarre bat, laztan bat, konplizitatea, elkar ulertzea... edozein iraultzatan ezinbesteko elementuak dira. Borroka kalean egiten delako, baina bihotzen goxotasunak lagunduz gero are indartsuagoa da.

Ekar ditzagun maitasun keinuak erdigunera. Eduardo Galeano gogoan, berak “marxismo magikoa” proposatzen zuen: “mitad razón, mitad pasión, mitad magia”. Egin dezagun sindikalismo magikoa guk ere.