Gai Monografikoa: burujabetza nazionala, identitatea, demokrazia, ongizatea...
Xabier Anza, Manu Robles-Arangiz Institutua
Deskargatu Gai Monografikoak 50
Eztabaida honetan esanguratsuak iruditzen zaizkidan hiru ezugarri azpimarratuko ditut.
Lehena, eta agerikoena, eztabaida, ia bere osotasunean, euskaraz ematen ari dela. Badakigu gure herrian horrek zer esan nahi duen: alde batetik, Euskal Herriko gizarte zati handiena ez dela enteratzen ari eztabaida bera ematen ari denik ere; eta bestetik, eztabaida hedabide hegemonikoetatik aparte ematen ari dela.
Orrialde hauetan aurkituko dituzu, beraz, zenbait sorpresa, kontraesan, eztabaida eta, batez ere, galderak
Bigarren ezaugarria da eztabaida hau soilik partzialki dela akademikoa. Bertan parte hartzen dute eta berau lideratzen dute, egia da, maila intelektual handiko pertsonek, batzuk akademiakoak. Haatik, akademia barruan dauden horiek, ere, periferia osatzen dute, nire iritzian. Eta ez lotu periferia hitz horri zentzu gutxiesgarririk mesedez. Ez gure kasuan behintzat.
Eta hirugarren ezaugarria da eztabaida urrun dagoela, itxuraz, bere burua nazionaltzat duten eragile eta erakunde politikoen epidermisa ukitzetik ere. Ez da gutxi, frankismotik hona, bankada politikoen kontrol estura eta diziplina ideologiko eta diskurtsibo zurrunera ohitu den gizarte batentzat. Posible da aipatu eragileek ikuspuntu berri hauek modu isilean jasotzen ibiltzea, baina agerikoa da autore hauek proposatzen dituzten berrikuntzek ez dutela eraginik diskurtso politiko nazionaletan, eta are gutxiago, programa zein ekintza ildoetan.
Aurten 40 urte betetzen dira ELAk bere III. kongresua ospatu zuenetik. Frankismoaren ondoren ELAren birfundazioa ekarri zuen kongresu honen urteurrenaren harira, Manu Robles-Arangiz Fundazioa Nazioarteko Mintegi bat ari da antolatzen, hain justu, gai hauek jorratzeko: auzi nazionala, abertzaletasuna, independentzia, burujabetza soziala...
Gai Monografiko honen helburua da ELAko militanteak gai hauen inguruan ematen ari den eztabaida dastatzen hastea ekainaren 16 eta 17an Gasteizen ospatuko dugun mintegira begira. Horretarako hemen bildu ditugu, modu apur bat traketsean agian, pentsamendu soberanista, abertzale, sozial, independentistan ematen ari den konbultsio horren lagin batzuk.
Orrialde hauetan aurkituko dituzu, beraz, zenbait sorpresa, kontraesan, eztabaida eta, batez ere, galderak. Ez gara saiatu, ezta gutxiagorik ere, ezeren oinarri doktrinalik ezartzen. Bestalde, gazteleraz dauden artikulu gehienak guk itzuli ditugu euskaratik, ematen ari diren eztabaiden zati bat aldarrikapen nazionala bere egiten duen publiko zabalago batera hel dadin.
Testuez disfruta dezazula.