Kapitala XXI mendean: Hautsak harrotu dituen liburua

2014/06/10
pikettybi.jpg
Thomas Pikettyren azken liburuaren argitalpena aparteko fenomenoa izan da. Seiehun orriak pasatzen dituen liburu mardul hau azken hilabeteetako best-sellerra izan da, batez ere jatorriko frantseseko bertsioa ingelesera itzuli denetik. Desberdintasun globalaren gaineko ikuspegia ematen digu: datu estatistiko zabalean oinarrituta, Kapitalismoak historian zehar geroz eta desberdintasun handiagoak sortzeko izan duen joera bistaratzen du.

Aiala Elorrieta, Manu Robles Arangiz fundazioa.Aiala Elorrieta

Thomas Pikettyren azken liburuaren argitalpena aparteko fenomenoa izan da. Seiehun orriak pasatzen dituen liburu mardul hau azken hilabeteetako best-sellerra izan da, batez ere jatorriko frantseseko bertsioa ingelesera itzuli denetik. Desberdintasun globalaren gaineko ikuspegia ematen digu: datu estatistiko zabalean oinarrituta, Kapitalismoak historian zehar geroz eta desberdintasun handiagoak sortzeko izan duen joera bistaratzen du.

Pikettyren ustetan, desberdintasunak areagotzeko joera Kapitalismoaren baitako fenomenoa da eta desberdintasunen sortze horretan, jabegoak, ondareak, eta oinordetzak jokatzen duen funtsezko papera nabarmentzen du.

Ez da desberdintasunen inguruan egiten den lehen lana, baina Krugmanen hitzetan “Epe-luzera desberdintasunaren joerak ulertzeko eran iraultza ekarri du. Gure diskurtso ekonomikoa eraldatu du. Aurrerantzean ez dugu aberastasuna eta ezberdintasunaz lehen bezala hitz egingo”.

Pikettyren maisulanak kritika zabala jaso du ikuspegi eta korronte desberdinetatik, eta eskumako ideologoek Pikettyren tesiak baztertzen dituzten arren, taxuz egindako lan zientifiko honetan autoreak erabili dituen datuen sendotasuna eta maila handia goraipatu dituzte den-denek.

Pikettyren ustetan, desberdintasunak areagotzeko joera Kapitalismoaren baitako fenomenoa da eta desberdintasunen sortze horretan, jabegoak, ondareak, eta oinordetzak jokatzen duen funtsezko papera nabarmentzen du: oinordetzaren bidezko aberastasunaren transferentziak desberdintasunak gehitzeko duen gaitasuna, alegia. Baieztapen hau esaldi sinple batean sintetizatzen digu Pikettyk: “Hobe da metatutako aberastasun batekin abiatzen baduzu jokoa. Jokoan sartzen bazara soldata soilarekin, oso maila handiko soldata izan beharko du”.

Desoreka honen sakonean formula matematiko batekin egiten dugu topo. Formularen arabera, Kapitalaren errendimendua neurtzen duen itzulera-tasa (r), ekonomiaren hazkunde tasa (g) baina handiagoa da. Ekonomiako fakultate bateko arbelean r˃g idatziko genukeen hori, beste era honetan adierazi liteke:

“Metatutako edozein aberastasunek, ekonomia bera baino erritmo azkarragoan birkapitalizatzeko joera du. Errentaren hazkundea baina azkarrago”. Horixe da Pikettyrentzat, kapitalismoaren kontraesan nagusia.

Egin dezagun atzera 100 urte eta azter dezagun nola funtzionatzen duen gauzak lehen munduko gerra aurretiko Belle Epoque garaian. Sasoi hartan, inbertsioetatik %4-5 inguruko irabaziak jasotzea espero zuten kapitalaren jabeek, zerga minimo batzuk ordaindu ostean. Bitartean, ekonomiaren hazkundea %1aren bueltan mugitzen zen. Jokaldia bistakoa da: aberatsenek beren irabaziak inbertituz bermatu egiten zuten haien aberastasuna -eta diru-sarrerak- ekonomiaren hazkundearen gainetik haziko zirela. Bide horretatik, beren nagusitasun ekonomikoa betikotzeko gaitasuna zuten.

Baina bene-benetan joera betikotzea ahalbidetzen duena oinordekotza da. Aberatsenek, berriz ere zerga minimoak ordaindu eta gero, hil ondoren haien ondorengoei transmititzen zieten ondarea, aberastasuna. Hau da, aberastasunaren zatitik handiena (%90) oinordetzaren bidez metatzen zen, eta ez, aurrezki edo diru-sarreren bidez.

Garai hori agortuta dagoela pentsa genezake, gaur egun ez dela hori gertatzen. Baina hain zuzen ere horixe da Pikettyk esaten diguna: gerra aurreko puntu horretara iristen ari garela.

Horrela laburtzen du Krugmanek, Kapitala XXI. Mendean liburuaren mamia:XIX. Mendeko desberdintasun mailara itzultzeaz gain, kapitalismo patrimonialaren bidean ere bagaude. Ekonomiaren pisu izugarria familia dinastiek kontrolatzen dute, eta ez talentua duten pertsonek”.


Kapital sarrerak eta oinordetzan hartutako aberastasuna oraindik ere gakoa dira desberdintasunak definitzeko orduan, geroz eta garrantzitsuagoak gainera.


Kapital sarrerak eta oinordetzan hartutako aberastasuna oraindik ere gakoa dira desberdintasunak definitzeko orduan, geroz eta garrantzitsuagoak gainera -nahiz eta oraindik ez diren Belle Epoque garaiko mailara itzuli-. Frantzian, esaterako, gerra garaian eta gerraosteko hazkunde garaian nabarmen hondoratu zen oinordetzan hartutako aberastasunaren zatia. 1970 urtean %50ren azpitik jaitsia zen, baina egun %70a iritsi da berriro eta goranzko joera du. Aldiz, gaur egun AEBtan sumatzen den ezberdintasun maila, XX. mende hasieran Europan zegoenaren parekoa da.

Beraz, kapitalaren jabegoak eta oinordekotzak, garrantzi kapitala izaten jarraitzen du. Bere estimazioen arabera, AEBn, gaur egungo desberdintasunaren herenak, kapitalaren-sarreretan du jatorria. Era berean, beste desberdintasun iturri baten loratzea nabarmentzen digu: soldata astronomikoak jasotzen dituen elitearen indartzea.

Datu bilketa osatzeko, XVIII menderaino egiten du atzera, bai diru-sarrera mailaren eta baita aberastasunaren datuak ere erreskatatzeko. Irabazi-mailaren eta aberastasun-mailaren datuak fusionatzen ditu beraz, eta hogei herrialdeetako datuak maneiatzen ditu dagokion lan konparatiboa aurrera eraman ahal izateko. Metodologiaren berritasunetako bat, zerga-erregistroetara jo izana da.

XX. mendean zehar zerga-sistema progresiboek diru-sarrera eta aberastasunaren kontzentrazioa murrizten lagundu dute. Pikettyren arabera, kaosaren emaitza iragankorra izan da hori, eta ez, demokraziak desberdintasunari aurre egiteko duen bide naturalaren emaitza. Bi mundu gerrak, hondamena, eta ondorengo oparoaldi garaia izan ez bagenitu, ez genukeen zerga-sistema progresiboaren onurarik lortzeko gaitasunik izango. XX. mendeko progresibitatearen arrakasta akzidentala izan den arren, liburua ixteko, zerga-sistema progresiboen eta aberastasunaren gaineko zergen gaineko aldarria egiten du.