25 egun greban zulotik ateratzeko
Bilboko Parking Plaza Ensancheko langileak dira, Bilboko parking zaharrena. 40 urtetik gora dauzka eta berritu gabe gelditzen den bakarra da hiri osoan. Igartzen da barruko giro ilun eta itogarrian. Zorua zuloz josia dago, eta paretetako zati askotan pintura eroria. “Begira gurpil aulki horrek kotxeen irteera maldatik atera behar izan du. Lotsagarria da”. Hamarkadatan parkinga egokitzeko zentimorik jarri ez izanak ez du esan nahi erabiltzaile kopuruak behera egin duenik. “Auto errotazioan estatuko bigarren parkinga da: 4 aldiz bete eta husten da egunean. 1200 auto sartzen dira hemen egunero”.
Zazpi dira aparkalekuan lan egiten duten langileak. Bost ELAko afiliatuak. Antonio Moreno eta Eloy Angulo dira beteranoenak, 42 urte parking berean. Manuel Rojo da, langileen ordezkaria, denbora gutxien daramana, 16 urte: “Viuda de Sainz enpresak 2011ko otsailean aparkalekuaren kudeaketa hartu zuenerako, urtetik gora generaman enpresako ituna berritu gabe, 2009an iraungitu baitzen.”
“Bost urte generamatzan KPI igoera hutsarekin 2005ean sinatu genuen itunak hala behartuta” esan digu Jose Ramon Garcíak, “enpresa berriari ituna berritu nahi genuela esan genion, oinarritzat Euskalduna Parkingekoa hartuta, baina ez zuten gurekin begirada gurutzatu ere egin”.
Pare bat hilabete pasata, etorri zen beraiekin harremanetan ibiliko zen gizona; guztia konponduko ei zuen poli ona. Itxurakeria hutsa. Abokatuen kolegioan egin zituzten zenbait bilera, baina guztietan berdina entzun behar izan zuten: inbertsioak egin behar ditugu parking-ean eta ez dugu zuek eskatzen duzuena emateko aukerarik. “KPIa besterik ez ziguten eskaintzen, ez lanordu murrizketarik ez beste ezer”.
2011ko Ekainerako argi zeukaten, enpresak kontua luzatzeko asmoa besterik ez zuela, antzuak zirela bilerak, eta ez zuela merezi antzerki horretan denbora gehiago galtzeak. Zazpi langileek asanblada batean hartu zuten aho batez greba mugagabera joateko erabakia. “Hilabete batzuetako epea eman genien negoziatzen hasteko” argitu nahi izan du Eloyk, “pentsa, otsailetik ekainera bada tartea nahi izanez gero gauzak eztabaidatu eta akordiotara iristeko, baina beraiek ez zuten ahalegin ñimiñoena egin”. “Parking honetan daramatzadan 42 urtetan, halako erabaki bat hartzera behartu gaituzten lehen aldia da” gehitu du Antoniok. Ez omen da harritzekoa, beste ELAkide batzuk abisatu baitzieten: “Viuda de Sainz-ekin negoziatzen ari zaretela? Lasai hartu orduan, zerbait lortzekotan hilabete batzuk iraun beharko duzue greban!”.
Horrek ez zituen kikildu. Zazpi langileen erabakia irmoa zen, aurrera egin behar zen. Hala, irailaren erdialdean greba erregistratu zuten. “Asanbladan aho batez adostutakoa enpresara gutun bidez bidalita ere, aurreabisutik greba hastera dagoen 2 asteko epean ez ziren gurekin harremanetan jarri.”
Heldu zen urriaren 3a. Goizeko 8tan itxi behar zuten parkinga. Langa jaisteko bi ordu besterik falta ez zirela heldu zen poli ona: “Guztia izorratu duzue! nik ia-ia konpondu nizkizuen arazoa, eta dena pikutara bidali didazue!”. “Nahi izanez gero oraintxe bertan konpon dezakegu kontua” erantzun zioten langileek. Baina enpresak ez zuen nahi.
25 egun eman zituen parkingak itxita, sarreran pankarta bat zuela. Langileak egunero gerturatzen ziren bertara. Bi goizez eta bi arratsaldez. Egun bat bai, bestea ere bai. Goizero kartel bat paratzen zuten parking sarreran: Parkinga egun 1 itxita: enpresak hainbeste euro galdu ditu, langileek beste horrenbeste. Parkinga 2 egun itxita: enpresak... “Bertatik pasatzen zen jendea gurekin hitz egiten gelditzen zen. Enpresaren jarrerarekin asaldatuta gelditzen ziren gaia azaltzen genienean”. Auzotarren babesa sentitu zuten, eta horrek indarra ematen du, egunek aurrera egin ahala animoak beherantz egiteko arriskua baitago. “Gure artean izan genuen batasuna eta erabakitasuna funtsezkoa izan zen. Kontuan izan bakoitzak etxean duen egoera desberdina dela, eta greba luzatzen den heinean horrek sor ditzakeen desadostasunek hausturak ekar ditzaketela.” Bost ELAkideek erresistentzi kutxatik kobratzen zuten, USOkoak beretik, eta zazpigarrenak deus ez.
Grebak iraun zuen bitartean enpresak poli ona kendu eta poli gaiztoa jarri zuen. “Zure aurpegia ez zait gustatzen. Akordiorik nahi baduzue beste norbait bidali” esan zion Manu ordezkariari taberna baten izan zuten enkontruan. Formak behekoentzat soilik asmatu ziren.
Urriaren 27an, ELAren bidez, etorri zitzaien enpresak itxuraz asmo onekin eskatutako bilera batera deitzeko. “Enpresak 5 urtean KPI+%12, eta urtero 12 orduko murrizketa eskainita akordiora iritsi ginen 25 egun greban eman ondoren”.
Enpresaren jarrera aldaketa eragin zuena ez dakite zehazki zer izan zen. “Amaiera aldean enpresaren izena garbi erakusten zuen pankarta handi bat zintzilikatu genuen, eta horrek min handia egin zien” dio Joserrak. Manuren ustez ordea, parking itxiak eragiten zien galera ez zen erabakigarria izan, “beti esaten zuten dirua ez zitzaiela inporta enpresaren izena baizik, horregatik nik uste beste lekuren batetik -udaletik, agian- presionatuko zituztela hau konpontzeko”.
Akordioa lortuta, eta parkinga berriro martxan, enpresak zigorra ezarri zien langileei gaizki portatzeagatik: “ez duzue gabonetako saskirik jasoko”. Baina langileek, akordioarekin lortutako lan baldintza duinez gain, badute saskia baino gehiago baloratzen duten saririk: auzotarren gertutasun eta estimua.