Langabezia zuk uste baino askoz ere okerragoa da; hemen duzu arrazoia

2021/02/01
POBREZIA BAII.jpg
Amerikar askoren arazoa ez da lana aurkitzea, baizik ordu nahikoak eta soldata duinak izatea. Gure datu orokorrek errealitate hori ezkutatzen dute.

Eugene Ludwig, Politico agerkarian argitaratua.

Guztiok dakigu milioika estatubatuar dagoela lanik gabe. Baina zenbat eta non? Honi erantzuteko urte askotan Bureau of Labor Statistics-ek (BLS) hilero ematen duen langabezia-tasari erreparatu diogu. Urteen buruan langabezia-tasa lan merkatuaren osasuna ezagutzeko datua izan da, baina baita politikariek neur zezaten ekonomi guztiarena ere.

Datu horren arabera, pandemia gorabehera, oraintxe bertan egoera ez da hain iluna. Abenduko langabezia-tasa %6,7koa zen. Alta, azken urteetan nolabait aitortu izan da tasa horrek ez zuela kopuru osoa erakusten, izan ere, soilik lan bila modu aktiboan ari den jendea hartzen baitu aintzat; etsitako langile direlakoak, ez dutenak argi ikusten zertarako lan bila ibili, edo erabat amore emanda daudenak, ez dira kopuru hartan agertzen. Eta duela hamarkadak BLSk lana txukun egin eta langabezia-tasa orokorrarekin batera langile hauei buruzko informazio gehigarria ere eman izan du.

Baina kontua da etsitako langileak ez direla langabezia-tasaren arazo bakarra. Izatez, egunotan langabezia-tasa ofiziala ez da soilik osatu gabeko zenbaki bat; areago, errealitate alternatibo bat taxutzen du, zeinak ezkutatu egiten duen zenbat pairatzen ari diren sarrera apal eta ertainak dituzten langileak. Ondorioz, politikariek uste dute amerikar horien egoera benetakoa baino askoz hobea dela.

Beste bi arazo ere baditu langabeak zenbatzeko modu honek.

Lehenik, ez da kontutan izaten lanaldi partzialeko beharginek zenbat ordu egiten dituzten. BLSren betiko definizioaren arabera, astean arratsalde bakarrean lan egiten duen iturgina edo erizain pribatua langabezia-tasan “okupatu” gisa zenbatzen da, nahiz eta lan gehiago egin nahiko luketen eta ez duten aurkitzen. Gure langabezia kopuruek zera eragiten dute, besterik ez dagoelako ordu urri batzuk lan egiten dituen pertsona bat “okupatu”tzat hartzea, lanaldi betean diharduen CEO baten pare. Praktikan honek esan nahi du langabezia-tasak propio ezkutatzen duela zenbat langile bizi diren pobrezian, ez lanik ez dutelako, baizik eta nahikoa ordu sartu ezin dutelako.

Bigarrenik, datuak ez du adierazten langile baten soldata aski ote den pobreziatik ateratzeko. Hots, langabezia datuen arabera lanean ari izanez gero, kito arazoak. Alabaina, gero eta indar handiagoa hartzen ari den gutxieneko soldataren aldeko mugimenduak adierazten du langile estatubatuar asko okupatuta daudela, baita lanaldi osoan ere, baina aitzitik pobreak direla.

Beraz, honez gero langabezia-tasa ezin dugu baliatu ekonomiaren bilakaera zer nolakoa den ezagutzeko. Izan ere, zertarako balio du adierazle batek maila berean kokatzen baditu hain enplegu eskasa duelako familia pobrezian duen norbait eta %1 aberatsenen artean dagoena?

Langabezia funtzionala

Kontuak argitze aldera, arazoa berez ez datza datuetan; BLS federalak biltzen dituen datuak lan merkatua aztertzeko erreferentziazko estandarra dira oraindik ere. Arazoa da politikariek errealitatea ulertzeko estatistika ofizial orokorrak ematen duen argazkia hartzen dutela aintzat. Eta argazkia oso ezberdina da BLSren datuak berberak finduz gero, hots, lanaldi osoa nahi duten lanaldi partzialeko langileak eta pobrezia atalasearen azpitik dauden soldata jasotzen duten beharginak kenduta (demagun, zuhur jokatze aldera, hau urteko 20.000 dolarretan dagoela).

Lanaldi osoko enplegua nahi izanik lanaldi partziala aurkitzen dutenak eta lanaldi osoa izan baina pobreziatik irteteko beste irabazten ez dutenak langabe funtzionaltzat hartu beharko genituzke. Kalkulu hau egiten hasi naiz, eta True Rate of Unemployment2 (TRU) izena eman diot. Eta abenduko TRU ez zen %6,7koa, kezkatzeko moduko %25,1a baizik.

Langabe-datu ofizialen eta langabezia funtzionalaren arteko dibergentzia oso handia da, baina egoera larria zen pandemia hasi aurretik ere. 2020ko otsailean, ekonomia ustez “ziztu bizian” zihoala, BLSren datu ofizialen arabera amerikarren %3,5 besterik ez zegoen lanik gabe, baina TRU %24koa zen. Zer pentsa ematen du. Beraz, ekonomia Covid-19 aurretik une gorenean omen zegoenean ere, estatubatuarren laurdena inguru zebilen lanaldi osoko enpleguaren eta bizitzeko moduko soldataren bila. Eta nazioak ia mendebetean bizi izan duen unerik okerrenean kopuru hori hazi egin zen: langileen %32,4ak ez zeukan behar zuena.

Baina kontua are larriagoa da. Kalkulatu dut ere lan egiteko adinean eta langabezia funtzionalean dauden helduen ratioa biztanleria osoarekiko, hau da, lana bilatzeari utzi diotenak ere aintzat hartuz. Abenduan lanerako adinean dauden estatubatuarren %53,9ak ez du bizitzeko adina ematen duen soldatekiko lanaldi osoko enplegurik. Eta etsigarriagoa oraindik: Bigarren hezkuntzako titulurik ez dutenen %80 dago egoera horretan, eta bigarren hezkuntzako titulua besterik ez dutenen %59,5.

Agian kezkagarriena da gure ikerketaren arabera afrikar-amerikarrek garai oparoetan lan-aukera zertxobait hobeak izaten dituztela, baina gero buelta are gogorragoa izan ohi dela ekonomiak okerrera egiten duenean, eta horrek eragotzi egiten die berdintasun ekonomikoa iristeko modua. Egun amerikar beltzen egoera zorigaiztokoa da: %30,2 lanik gabe dago TRU datuen arabera, eta aldiz amerikar zurien %22,7.

Erantzunak huts egin du

Finean amerikar askorentzat, eta gutxiengoentzat bereziki, luzaz, oso luzaz, AEBetako ekonomia ez zegoela langabezia datu ofizialak adierazten zuen bezain ondo. Litekeena da hau albistea izatea auzo eta hirigune erosoetan bizi direnentzat, baina hiri askotako bazter azpiratuetako biztanleak ez dira harrituko (...).

Washingtongo gobernuak ez du erantzun egokirik eman, izan ere, langabezia-tasa ofizialak alderdi bietako politikariei bide eman baitie, batik bat garai oparoetan, diskurtso bat garatzeko zeinaren arabera gure politika ekonomikoa aski egokia den, gaurkoaren moduko krisirik pairatzen ez dugunean.

Agenda ekonomiko bat behar dugu zeinaren oinarria izango den aintzat hartzea langabeziaren benetako argazkia politikariek uste dutena baino askoz okerragoa dela. Langileen laurdenak, gutxiengo-komunitateetako zati handi batek barne, ezin du bizitzeko moduko soldata lortzeko lanaldi osoko enplegurik aurkitu, ez eta ekonomia oro har sasoian dagoela dirudienean ere. Ekonomia zein ikuspuntutik behatzen dugun axola du. Gure arrakasta aztertzeko neurri okerra erabili izan dugu.

Bada garaia langabezia-tasak dioenari aurrez aurre begiratzeko; honez gero ezin dugu pentsatu ekonomiaren martxa orokorraren neurri egokia denik. Paisaia ekonomikoa den bezala ikusten hasten ez garen artean, pentsaezina da politikariek aurrera egingo dutela bestelako hazkunde ekonomiko baterantz, zeinak arazoak dituzten estatubatuarren bizimoduan benetako eragina izango duen.