Su txikian prestatu eta antolatutako borroka
"Elkartzeko edozein saiakera oztopatzeko diseinatutako mapa bat dirudi sektoreak", ziurtatu du hitzaurrean Mari Kruz Elkoro Manu Robles Arangiz Fundazioko kideak. "Hori da azpikontraten eta sektore feminizatu eta prekarioen errealitate gordina. Hala ere, antolatzeko modu berriak eta hurbilagoak bilatu eta lortu zituzten. Langileek espazio komunak sortu zituzten eta antolakuntza sindikala eguneroko bihurtu". Indar kolektibo horri esker eutsi ahal izan diete urte hauetan guztietan, langileen arteko diskriminazio eta lan baldintza desberdinak gainditzeraino.
"Lan esparruko halako borroka feministak funtsezkoak dira emakumeen eskubideak lortzeko", azpimarratu du Elkorok. Izan ere, "milioika emakumek, beren ahalegin eta konpromisoaren bidez, gizarte osoarentzat bidezkoagoak, berdinzaleagoak eta errespetuzkoagoak diren lan esparruak eraikitzen dituzte". Bide horren kontakizuna da 'Su Txikian: Jantoki pribatuetako sukaldaritza sektorearen 25 urteko borroka'.
