Pandemiatik trantsizio ekosozialera

2020/04/17
Arg: Jordan Cantelo
Arg: Jordan Cantelo
Jordi Garcia Jane-k, apirilaren 13an, "Nexe" Kataluniako Lan Kooperatiben Federazioa-ren (FCTC) aldizkarian argitaratuko artikulua.

Lehengo lepotik burua

Hondamendien eta krisien ondorioek ez diote mundu osoari berdin eragiten. Koronabirusak bereziki herri klaseak (langile klaseak eta klase ertain pobretuak), emakume eta pertsona migratuak, erretiratuak eta hegoaldeko herrialdeak kolpatzen ditu. Era berean, berrogei urteko politika neoliberalak ekonomia deslokalizatuz, eskubideak murriztuz eta ikerketa medikoan eta osasunean gastu publikoa argalduz, pandemiaren aurrean babesgabeago uzten gaitu.

Saihesten ez badugu, 2008koa baino larriagoa den sartzen ari garen munduko atzeraldi berriak, desberdintasun, miseria eta autoritarismo handiagoa eragingo du. Bestalde, hondamendia litzateke "business as usual”-era itzultzea, krisitik atera nahi izatea orain arte bezala ekoiztuz eta materialki are gehiago haziz. Hala klimaren eta energiaren krisia okertu egingo litzateke eta urte gutxiren buruan hondamendi ekologikoak biderkatu, berauek gainditzeko baliabiderik gabe gure gizarte agortuak kolapsatu arte.

Errealitatea ondo irakurri

Gehiengoaren bizi-baldintzak hobetuta baino ez gara atzeralditik aterako; lehenik eta behin, gertatzen ari denaren interpretazio egokia orokortzea lortu behar dugu, gero egiturazko erreforma ausartak eta, aldi berean, gehiengoak partekatuak proposatu, eta, hirugarrenik, horiek lortzeko biziki mobilizatu.

Sozializatu behar dugu COVID-19 kapitalismo globalak etengabe habitatak suntsitzearen beste azpiproduktu bat dela, joan den udazkeneko uholdeak edo Australiako urtarrileko suteak bezala. Ulertu behar dugu murrizketa sozialek, deslokalizazio produktiboak eta mugikortasun jasanezinak hilgarritasuna handitu dutela. Hilabete hauetako ikaskuntza gisa atera behar dugu mundu osoko ehunka mila ikertzaileren arteko lankidetza, baita gure auzo eta herrietan sortu diren ekimen eta elkartasun sareak ere. Konturatu behar gara zaintza lanen eta osasun-sistema on bat izatearen garrantziaz. Jabetu behar gara daukagun elkarren arteko beharraz (elkarrekiko mendekotasunaz) eta naturarekin bakeak egin behar ditugula, berak dituelako irabazteko aukera guztiak eta bere mende gaudelako (ekodependentzia).

Horrelako interpretazio bat erreferentziazko gutxieneko oinarri bat da, planeta justu eta bizigarri batera hurbilduko gaituzten eraldaketa neurri zabal bat aplikatzeko (trantsizio ekosoziala).

Eraldaketa handi berria

Lehentasun guztiek bat egiten dute: 7,5 milioi kataluniarren oinarrizko behar materialak eta immaterialak (elikadura, etxebizitza, zaintza, energia, askatasuna, parte-hartzea, hezkuntza...) asetzea, baina baita munduan gauden 7.500 milioi pertsonenak ere, bakoitzak bere bizitza duinaren proiektua egin ahal izan dezan planetako baliabide mugatuen banaketa ekitatibo baten markoan. Izan ere, 2030 Agenda, paper bustia edo korporazio handien marketin soziala bihurtzeko arriskuarekin, ikuspegi horren minimoen garapena da. Teorikoki nazioarteko adostasuna bildu eta datozen hamar urteetan helburuak zehazteko balio dezake.

Gure etxean eta arlo sozioekonomikoan oinarritzen bagara, katalanen oinarrizko beharrak betetzeko,  gure eredu produktiboa eraldatu beharko dugu ekologikoki jasangarriak eta sozialki baliagarriak diren produktu eta zerbitzuak sor ditzan, eta  modu justuan banatu (gainerako mundua ustiatu gabe, alderantziz, gainerako munduarekin solidarioak izanik).

Ekoizpen-eraldaketak Generalitatearen ekonomia- eta industria-politikako baliabideak areagotzea eskatuko du, eta hemendik aurrera herritarren oinarrizko premiak asetzen dituzten sektoreak indartzea. Era berean jendarteari ekarpen txikia edo ekarpenik egiten ez dioten sektoreak eraldatu edo zigortu egin beharko dira. Turismoaren, eraikuntzaren, autogintzaren eta abiazioaren sektoreak murriztu beharko ditugu, beste hauek sustatzen ditugun bitartean: nekazaritza ekologikoa eta hurbilekoa, osasuna eta zaintza, energia berriztagarriak, higiezinen parkearen birgaitzea, kultura, IKTekin lotutako jarduerak, fabrikazio digitala, besteak beste.

Kapitalismotik atera ezin garen bitartean, ekoitzitako aberastasuna zuzen banatzeko, banaketa politikak (produktuen, lanaren eta finantzen merkatuetan eskua sartuz, ekonomia soziala eta solidarioa sustatuz...) eta birbanaketa politikak (zergen progresibitatea nabarmen handituko duen erreforma fiskala, zeharkako zergen jaitsiera eta zuzenekoen igoera, batez ere enpresa handiei eta errenta handiei...) bultzatu beharko ditugu.

Mobilizatu

Nork ordainduko du osasungintza hobetzeko edo amildu diren enpresetako edo birmoldatzen ari diren sektoreetako langileak babesteko faktura? Ezingo dugu gehiengoaren pobrezia materiala gutxitu gutxiengo baten aberastasuna murriztu gabe. Hala ere, aberatsek ez diete beren pribilegioei uko egingo, ezpada alternatiba okerragoa izango dela jakinda.

Egunotan ikusten ari gara: pandemiaren hilabete hauetan gobernuek hartutako neurrietako bakar batek ere ez ditu betetzen enpresa handien interesak. Europako Banku Zentralak bankuei ematen die ekonomia suspertzeko dirua, gero hauek diru hori kreditu gisa emango diete enpresa eta estatuei, ondoren interesak kobratzeko. Lombardia, oraingoz koronabirusak hildako pertsona gehien dituen lurraldea izatea, eskualdeko industria patronalak ekoizpena ez gelditzeko egindako presioak azaltzen du. Hemen konpainia askok ERTEak baliatzen dituzte plantillak arrazoirik gabe murrizteko, eta horietako buruei exijitu behar zaie, diru publikoa eskatzen dutenez, beren akziodunen artean etekinik ez banatzeko. Dendek pertsiana jaitsi behar duten bitartean, Amazonek denetik saltzen du etxeetan zehar banatuz eta bere langileak, bai biltegian, bai kalean, kutsatzeko arriskuan jarriz.

Etorriko diren mobilizazioak ez lirateke mugatu beharko gastu sozial gehiago eskatzera edo murrizketa berriak gelditzera. Kalean ozen eta argi esan beharko dugu nork ordaindu behar duen hori guztia eta nola: funtsean, aberatsei, bankuei eta enpresa handiei zergak igoz eta zerga iruzurra zailtzeko kontrolak handituz.

Osasun kolektiboaren, demokrazia ekonomikoaren eta gizarte eta ingurumen justiziaren aldeko Kataluniako itun baten alde

Mobilizazio horiek sustatuko dituen herri-erakundeen bloke bat egituratu behar dugu. Horrek eraman beharko luke administrazioen, eragile sozioekonomikoen eta herri-erakundeen arteko itun batera. Itun horrek eragileen politikak eta estrategiak bideratu beharko lituzke ukitu kosmetikoetatik harago joango diren neurri sorta batzuetara, eredu sozioekonomikoaren eraldaketa ekarriko lukeen erreforma erradikal bat lortzeko.

Ivan Miró-k, “Una Economia per la Vida. De la Covid-19 a un Nou Model Econòmic Plural, democràtic, relocalitzat i ecològic per Catalunya” artikuluan akordio horrek nolakoa izan beharko lukeen deskribatzen du: Osasun Kolektiboaren, Demokrazia Ekonomikoaren eta Justizia Sozioekonomikoaren aldeko Itun Katalana deitzen du. Miróren ustez, "askotariko eragile sozioekonomikoen arteko ituna izan behar da, rolak eta harremanak definituz eta politika ekonomiko eraldatzaileak artikulatuko dituen matrizea ezarriz" eta "eredu ekonomiko plural berri baten aldeko politikak instituzionalizatuz, osasun unibertsala, demokrazia ekonomikoa eta gizarte- eta ingurumen-justizia bermatuz". Gogoratzen duenez, Quebecen antzeko prozesu bat bizi izan zen laurogeita hamargarren hamarkadaren erdialdean: langabeziaren aurkako mobilizazio sozialek eta krisi ekonomiko baten ondorioz eragindako murrizketek Ekonomia eta Okupazioaren Goi Bilera sortu zuten 1996an, gobernu québécoisaren, patronalaren, sindikatuen eta ekonomia sozialaren arteko mahai bat, herrialdea krisitik ateratzea ahalbidetuko zuten neurrien agenda bat hedatzeko.

Kataluniako gobernuak ez du botere koertzitiborik, ezta baliabide nahikorik ere beharko lituzkeen neurri garrantzitsuenetako batzuk ezartzeko; aitzitik, Espainiako Estatuaren edo Europako Batasunaren esku daude. Ez da arrazoigabea herritar askok erabateko burujabetza nahi izatea. Beraz, politika ausart eta sortzaileekin mugak gainditzen saiatzeaz gain, itun honen sinatzaileek Espainiako Estatuko eta Europako antzeko aktoreekin koordinatu beharko lukete, Espainiako gobernua eta Europako Batzordea dagozkien neurriak ezartzera behartzeko.

Zein aktorek integratu beharko lukete akordio berri hori koronabirusaren ondoko ekonomia berrabiarazteko?

Mirók esandakoari jarraituz, lau izango lirateke: sektore publikoa; ekonomia sozial eta solidarioa; gizarte-onurako sektore pribatua deitzen zaion ekonomia pribatuaren zati bat (batez ere autonomoak eta ETEak, soberakinaren zati handi bat gizarte helburuetara bideratzen duelako, gizarte enpresara hurbilduz edo gizarte-, lan- eta ingurumen-erantzukizun handia erakutsiz), eta herri ekonomia eta komunitate ekonomia (elkarri laguntzeko sareak, etxebizitza-sindikatuen herri-egiturak, komunitate-kudeaketako ekipamenduak, baratze komunitario eta sozialak, hazkuntza kolektiborako espazioak, migratzaileen ekimen ekonomikoak, komunitateak…).

Itunaren agenda

Mirók berak, bere lanean, dagoeneko aipatzen ditu itun horren agendan sartzeko proposamen batzuk: ekonomiaren plangintza, oinarrizko errenta unibertsala, sektore estrategikoen nazionalizazioa eta munizipalizazio demokratiko eta komunitarioa, banka publiko baten sorrera edo osasunaren hornidura unibertsala. Jarraian, planteatzen dituen neurri gehienak jaso, beste batzuk gehitu eta guztiak zerrenda honetan egituratu ditut, zirriborro moduan:

  1. Biztanle guztien oinarrizko premiak estaltzea: migratu eta errefuxiatu guztiak barne (hauek erregularizatu egin behar dira), oinarrizko errenta baten bidez, etxebizitzaren prezioak kontrolatuz eta oinarrizko premiako produktuen gaineko BEZa murriztuz.
  2. Kataluniako sektore publikoaren garapena:
    1. Generalitatearen zerbitzu publikoen hazkundea eta hobekuntza (hezkuntza, osasuna, zaintzak...). Zerbitzu horiek jabetza eta kudeaketa publikoak lehenetsi behar dituzte, langileen eta erabiltzaileen parte-hartzearekin, eta behar denean zerbitzu jakin batzuk ESSren Hirugarren Sektore Sozialarekin kontzertatuz.
    2. Kataluniako inbertsio banka publikoa sortzea, garapen sozialerako eta trantsizio ekologikorako.
    3. Teknologia garbiak ikertu, garatu eta merkaturatzeko ekosistema katalana sortzea, sistema produktiboa ekologikoki birmoldatzeko.
  3. Zerga-sistema birbanatzailea eta ekologikoa: aberastasunen gaineko zerga (aktibo higigarriak, higiezinak eta finantzarioak); sozietateen gaineko zerga erreala handitzea; oinordetzen gaineko zergaren eta PFEZaren tarte altuei tributazioa gehitzea; zerga-ihesa jazartzeko giza baliabideak eta baliabide juridikoak handitzea; finantza-transakzioen tasa; eta karbono-tasa, CO2 emisio gehien sortzen dituzten produktuen ekoizpena grabatzen duena.
  4. Gastu militarren murrizketa zorrotza Estatuko Aurrekontu Orokorretan.
  5. Zaintzen demokratizazioa: aitortza soziala; eragile guztien erantzunkizunaren sustapena; zaintza-lana, ordaindua izan ala ez, duintzeko funtsa eta mekanismoak; eta zaintza komunitarioko espazio eta zerbitzuak laguntzea.
  6. Generalitatearen kultura-aurrekontuak %2 handitzea eta kultura-jarduera guztiei BEZaren tasa oso murriztua ezartzea.
  7. Administrazio guztientzako gastu-araua kentzea eta Ley de Racionalización y Sostenibilidad de la Administración Local (LRSAL) legea indargabetzea, bai eta udalerrietan diru-laguntza ekonomikoa handitzea ere, tokiko ekoizpena eta ekoizpen- eta merkaturatze-kate laburrak estimulatuko dituen tokiko garapen komunitarioko, endogenoko eta autozentratuko politikak aplikatu ahal izan ditzaten.
  8. Generalitatearen ekintza-planak elikadura-, energia-, finantza- eta moneta-subiranotasunaren mailak handitzeko (moneta osagarriak ezartzea edo babestea barne).
  9. Kataluniako Parlamentuak BPGren ordezko adierazle bat onartzea, GPI indizea (Benetako Garapenaren Adierazlea) esaterako, ongizate iraunkorra neurtzeko diseinatua izan dena. Eta Generalitatearen komunikazio guztietan adierazle berri horren erabilera sistematikoa sustatzea.
  10. Ekonomia sozial eta solidarioari (ESS) ematen zaion babesa handitzea: ESSren legea onartzea, eremuko erakunde esanguratsuen adostasunarekin; ESSren adar guztiak sustatzera bideratutako partidak handitzea, kontsumo arduratsua, finantza etikoak eta ekimen soziokomunitario guztiak barne (baratze komunitarioak, denbora-bankuak, komunitate autofinantzatuak...); ateneo kooperatiboak sustatzea, garapenerako erakunde publiko-kooperatibo gisa, ESS bidez; krisialdian dauden denda, enpresa txiki eta ertainek, autonomoen negozioek eta enpresek ESSren praktikak beren gain hartzea errazteko neurriak, bai eta ESSko erakunde esanguratsuen aintzatespena ere, arlo sozioekonomikoan solaskide gisa, bai udal-eremuan, bai Katalunia mailan ere.
  11. Landa-ingurunearen balioa handitzea eta Kataluniako nekazaritza-sektorea ziklo laburretara, ekoizpen agroekologikora eta elikadura-subiranotasunera bideratzea.
  12. Plangintza eta erabaki ekonomikorako marko demokratiko eta parte-hartzaileak, bai udal mailan, bai nazio mailan.

Ekonomia sozial eta solidarioaren dimentsio aldarrikatzailea

Oro har, ekonomia sozial eta solidarioa (ESS) enpresa konbentzional handiak baino hobeto erantzuten ari da. Krisi garaian, beste behin ageri da enpresa kapitalista gehienek ez bezala jokatzen dutela: barne-elkartasuneko mekanismoak eraikitzen dituzte ahalik eta gehien eusteko inor kaleratu gabe (lanaldiak eta soldatak berregokitzen dituzte, "nork bere gaitasunen arabera, nork bere beharren arabera" eta abar), kontingentzia-funtsak sortzen dituzte behar handiena duten erakundeei laguntzeko, ekimen solidarioetan parte hartzen dute… Hilabete hauek eta datozenak aukera bat dira ESSren enpresak balioan jartzeko, enpresa kapitalistaren alternatiba onena baitira, tokiko ekosistema kooperatiboak hazteko eta saretzeko, merkatu soziala eraikitzeko... Baina orain ere bada unea ESSk bere dimentsio soziopolitikoarekin batera bere dimentsio sozioekonomikoa erakusteko, bere rol aldarrikatzailea garatzeko, duen rol eraikitzailearen osagarri. Egia esan, balioen eguneroko praktika horrek are zilegitasun handiagoa ematen dio ESSri, salaketak eta aldarrikapenak egiteko.

ESS Ekonomia Solidarioaren Sarearen mugimenduak, Kataluniako Lan Kooperatiben Federazioak, Kataluniako Gizarte Ekonomia Elkarteak... mobilizazioen bultzatzaileetako bat izan beharko luke krisi hau betikoek eta planetak ordain ez dezaten, emaitza ez dadin pobrezia eta berotze global gehiagorekin izan. Ivan Miroren dokumentua abiapuntu bikaina da gogoeta eta ekintza bateraturako proposamen bat helarazteko gizarteko beste kolektibo batzuei (feministak, ekologistak, ezkerreko independentistak, libertarioak, auzo elkarteak, arrazakeriaren aurkakoak, sindikatuak...) eta, elkarrekin, herritarrak mobilizatzeko eta botere publikoak interpelatzeko.

Ikasi al dugu?

Boteretsuen indarra; Kataluniako eta Espainiako gobernuetan ageriko eskuin gogorrak aginduko balu mobilizatuko liratekeen zati baten kooptazioa; borrokak aldarrikapen defentsibo eta epe laburrekoak planteatzeko ohitura; ikasitakoaz ahazteko gaitasun ikaragarria; trantsizio ekologikoa egiteak dakartzan uko egiteak pertsonalki onartzeko zailtasuna; gauzen inertzia bera... Ez da erraza baikorrak izatea eta oraingoan pentsatzea, 2008ko krisian gertatua ez dela errepikatuko: azkenean, kapitalismoa "erreformatu" beharrean, oraindik austeritate politika basatiagoak inposatu zizkiguten eta planeta suntsitzen jarraitzen dugu. Jakingo al dugu oraingoan ondo, azkar eta iraunkortasunez erantzuten?

Ezin dut ekidin Fredric Jamesonek esandakoa burura etortzea: gaur egun errazagoa dirudi munduaren amaiera imajinatzea kapitalismoaren amaiera baino. Pentsatu nahi dut adimenaren ezkortasun printzipio horren parte dela, baina Gramsciren erara uztartu behar dugu borondatearen baikortasunarekin. Itxaropena dagoen bitartean bizia dagoelako.