Demokrazia Estatua Desobedientzia

2014/01/31
Herri_harresia.jpg
Honez gero gatazka politikoa ez da euskal gatazka hutsa; espainiartu ere egin da, baina Espainiak 'politiko' adjektiboa duen edozeri fobia dionez, bere arazoa termino ekonomiko eta militarretan definitzea erabaki du. Horregatik ez da elite espainiarra sekula demokratizatzen; aberastu edo militarizatu beste biderik ez dauka, izan ere, politikak batzen ez duena diruak eta errepresioak batu behar baitu.

Jule Goikoetxea

Jule Goikoetxea, Politika eta administrazio zientzietan lizentziatua (artikulu hau Gara-n argitaratu zen 2013/10/06an gaztelaniaz, itzulpena: Gabriel Zeberio)

Haatik, horrek ez du auzi espainiarra konpontzen, benetako arazoa existentziala baita, proiektu politikorik ezak eragiten duten arazoa. Espainiak ez du inoiz proiektu nazionalik izan beste nazio batzuk menperatu gabe, eta bere biztanleei proiektu demokratikorik eskaintzeko gauza ez denez, irauteko modu bakarra estatu ustel, oligarkiko eta armadari -diskurtso zein irudimenean- lotua izanik baino ez da, elite ustel eta oligarkiko orori dagokion moduan.

Aitzitik, gure arazoa goitik behera, mami eta azal, esplizitu eta inplizituki politikoa da. Ez gara aspertuko esateaz gure atxiloketak politikoak direla; aplikatzen dizkiguten biolentziak, espetxeratzeak, umiliazio, auzibide eta hondamendi ekonomikoak politikoak diren bezalaxe. Honek etengabeko gerra esan nahi du, unean-uneko egoera zein den gogorragoa edo leunagoa izan daitekeena, baina amairik gabeko gerra, zeinetara makurtu behar dugun gurea ez den eta gure jabe ez den Estatu honetan bizitzeagatik.

"Estatuaren ildotik aldentzen den edozein protesta edota militantzia politiko berez bihur liteke legez kanpoko eta, areago, inkonstituzional"

Sintomatikoa da gaztelaniaz “epaiketa politiko” hitzaren definizioa: “Ordena konstituzionaleko prozesua, zeinaren xedea zerbitzari edo funtzionario publikoen erantzukizun printzipioa egikaritzea baita...”. Ingelesez, aldiz, hitz beraren definizioak dio auzibide politikoak lotuta daudela desobedientzia zibilarekin eta Gobernuaren edota gobernu baten politika jakin batzuren aurkako protesta moduekin.Espainian ez dago epaiketa politikorik, bere funtzionarioak eta estatu-aparatuak eredugarri baitira, baita nazioarteko komunitatearentzat ere, beren gardentasun, lan eragingarri eta arduratsuagatik; horregatik, estatuaren ildotik aldentzen den edozein protesta edota militantzia politiko berez bihur liteke legez kanpoko eta, areago, inkonstituzional (zeren, ba al dago halako ekintzetarako beharrik, Estatua, diogun moduan, gardena, efizientea eta arduratsua izanik?). Beraz, Espainian ez bazara funtzionario edota oligarkia estatalaren interesekin akoplatutako bankari, ezin duzu politikarik egin, ez epaiketa politikorik izan; egin dezakezun gauza bakarra... delitua da. Izatez horrek esan nahi du Gobernuaren eta Estatuaren aurkako protesta oro kriminalizatzea eta, horrenbestez, desobedientzia zibileko ekintza guztiak. Hots, demokrazia debekatzea, ezinezkoa baita demokrazia desobedientzia zibilik gabe. Izan ere, hori demos-ik gabeko demokrazia eratu nahi izatea bailitzateke, alegia, gizarte antolatu eta politikoki aktiborik gabea, hau saiatzen delarik aintzat har daitezen agintzen duen gobernuan herritarren eskariak artikulatzen, agintariek muzin eginagatik ere.

"Estatu bat gauza ez denean bera osatzen duten nazioen eskari sozial, ekonomiko eta politikoak ordezkatu eta aintzat hartzeko, estatu arrotz bihurtzen da, atzerri"

Zein herritan galarazten da, izatez, demokrazia? Biztanleen eta hauen komunitateen eskariak modu konstitutiboan integratu eta gauzatzeko mekanismoak dituen proiektu politikorik ez duten herrietan. Hortxe datza, hain zuzen, auzi espainiarra.

Auzi honekiko, demokraziaren debekuarekiko, bi jarrera har daitezke: Babesa ematea edo aurre egitea. Esaterako, Jaurlaritzaren moduan babesa ematea, ez soilik Herrira kasuan, baita #HerriHarresia, edota #AskeGunea antolatzen den aldioro egin izan duen bezalaxe, Ertzaintza bere biztanleak azpiratu eta atxilotzera bidaliz. Beste jarrera, kriminalizazio horri aurre egitea, biztanleen eskubide sozial eta politikoak errespetatzen ez duena egiteari uko eginez. Edonola ere, ez dago ekidistantzian geratzeko aukerarik, ez baitago esparru ekidistanterik. Mundu guztia dago, nahita zein nahi gabe, nonbait kokatuta. Jaurlaritzako alderdiak bere hautesleak lasaitu nahi ditu halako operazioak salatzeko komunikatuak idatziz, Herrira zein Segiko militanteen aurka direla ere, edota makroepaiketen aurkako adierazpenak eginez, baina aldi berean gure baliabideak -humanoak, ekonomikoak, sozialak eta instituzionalak- Estatuari eskaintzen dizkio; hain zuzen gurea ez den estatuari, ez baikaitu ordezkatzen, ezta guk bera kontrolatzen ere.

Estatu bat gauza ez denean bera osatzen duten nazioen eskari sozial, ekonomiko eta politikoak ordezkatu eta aintzat hartzeko, estatu arrotz bihurtzen da, atzerri. Ez da naziotasun arazoa, demokratikoa baizik. Eta arazoa da ez daukagula erabakitzeko gaitasunik gure praktika eta harreman sozial eta politikoetarako nahi ditugun instituzionalizazio eta ordezkatze mekanismoei buruz, ezta geuk sortzen ditugun baliabideak erreproduzitu eta banatzeko mekanismoei buruz ere. Horrek esan nahi du Estatu arrotz batekiko entitate politiko erabat menpekoa dugula hau. Hots, ezin dugula gure demokraziarik izan, eta horrek auzi politikoa ez ezik arazo ekonomiko, sozial eta etikoa dakar berarekin, duintasunari dagokionez. Beren burua demokratikotzat duten alderdi politikoek ulertu beharko lukete, lehenbailehen, politikoki eta era duinean, umiliaziorik eta errepresiorik gabe, gure eskubide zibil, sozial,politiko eta ekonomikoak

"Ezin da demokraziarik izan ordezkatzen zaituen eta kontrolpean duzun Estaturik gabe"

bermatuko dituen Estatu batekin bizitzeko gakoa, geurea den demokrazia batean bizitzea dela. Eta funtsezkoa da aintzat hartzea ezin dela demokraziarik izan ordezkatzen zaituen eta kontrolpean duzun Estaturik gabe. Hamarkadak iraun dituen gerra hotz hau amaiarazteko aukera bakarra dago, eta ez da Espainia euskalduntzea, ez berari egokitzeko erreformatzea ere; besterik gabe espainiar Estatua bertatik ateratzea da.

Ez badaukagu erakunde estatal propiorik, segurtasun indarrez gainera sistema konstituzionala duen instituziorik, zeinak euskal gizartearen edo beronen edozein kideren aurkako injustizia bat gertatzen denean esku hartzeko bitarteko eta erakundeak dituen, zertarako behar dugu Eusko Jaurlaritza bat. Noiznahi eta nahi bezala gu bahitu, torturatu eta hondamendira eramaten bagaituzte, zertarako nahi ditugu euskal bankuak, kontzertu ekonomiko bat edota goi-auzitegi bat, EAEkoa zein nafarra. Gaurko egitura instituzional guztia, aldundi eta udalak barne, ezgauza bada euskal gizartean hartutako erabaki sozial, ekonomiko eta hezkuntzakoak gauzatzeko, ez dakit zertarako dugun euskal edo nafar autogobernurik. Estatu arrotz baten ustelkeria, feudalizazioa, desastrea, pobrezia eta kultura demokratiko gabezia kudeatzeko? Alderdi abertzaleek espainiar Estatuarengandik berez gureak diren eskubideak -kultura, giza-eskubideak, arlo soziala edo ekonomikoari dagokienez- lortzeko duten menpekotasunak narriadura politikora eta hondamendi sozioekonomikora garamatza.

Estatu espainolak ez ditu gure erabakiak errespetatzen, baina hori ez da kontu pertsonal bat; besterik gabe errespetu instituzionala zer den edota demokrazia zertan datzan ez dakien Estatu bat da. Beraz, berton erabakitakoa gauzatzeko erakunde estatalik ez badaukagu, zeinek modu esplizituan (ez ezkutuka) eta politika publikoetan gure gizarterako nahi ditugun justizia politiko, sozial eta ekonomikozko printzipioak ahalbidetuko dituen, inoiz ez gara demokrazian biziko.

Bada garaia alderdi abertzaleek arazoa euskal nazioaren eta bera ez aitortzearen inguruan bailegoan hitz egiteari utz diezaioten. Ez dugu geure nazioa aitortzerik behar, euskal demokrazia bat baizik. Horretarako funtsezkoa ez da espainiar Estatuarekin negoziatzea, ez esparru ekonomiko, sozial edo politikoan; hori etorriko da aurrerago. Beharrezkoa da estatu gisa pentsatzen hastea. Egungo Europan justizia, ongizatea eta duintasuna ez digu Espainiak, ez euskal nazioak ekarriko, geurea den sistema demokratiko batek baizik. Baina demokrazia bat eraikitzeko Estatua egin beharra dago, eta horretarako, jaun-andreok, desobeditzea ezinbestekoa da, Estatua izango baikinen.