Eric Toussaint: "Europako Batasuna erreformaezina da, desobeditu beharra dago"
Eric Toussaint, Nazioarteko mintegia Bilbon 2017/06/14
Europan egon badago ezkerreko alternatiba erradikala
Europan ezker erradikaleko joera duen leihoa irekita dago: haustura antikapitalista, internazionalista, antinperialista, feminista, ekologista proposatzen dituena. Baina Grezian gertatu bezala, ezker erradikal horrek frustrazioa dakarrenean, leiho hori eskuin muturrerantz ireki daiteke.
Frantziako presidentziarako hauteskundeen lehen bueltan Melenchon hautagairi (France Insoumisse) oso gutxi falta izan zitzaion bigarren bueltara pasatzeko, botoen %1,7a baino ez. AEBtan Bernie Sandersek irabaziko zituzkeen hauteskundeak bera izan baliz Alderdi Demokratako hautagaia. Erresuma Batuan berriz, Alderdi Laboristari 800.000 bozka falta izan zaizkio Alderdi Kontserbadorea garaitzeko. Corbynek oso kanpaina ezkertiarra landu du, Blairren joera eskuindarrarekiko erabateko haustura ekarri duena: Brexitaren ikuspegi internaziolista planteatzen du, hainbat sektore ekonomikoren ber-nazionalizazioarekin batera. Ipar Irlandan, Sinn Fein alderdia 4 diputatu izatetik 7 izatera iritsi da. Hau da, Europan ezker erradikaleko joera duen leihoa irekita dago: haustura antikapitalista, internazionalista, antinperialista, feminista, ekologista proposatzen dituena. Baina Grezian gertatu bezala, ezker erradikal horrek frustrazioa dakarrenean, leiho hori eskuin muturrerantz ireki daiteke.
Aldaketarako gobernuak
Arazorik handiena ondokoa da: Estatuak bere maila guztietan ezker eraldatzailea xurgatzeko duen erabateko gaitasuna
2015eko maiatzetik aurrera aldaketarako gobernuak boterera heldu ziren Espainiar estatuko zenbait udalerritan. Baina arazorik handiena ondokoa da: Estatuak bere maila guztietan ezker eraldatzailea xurgatzeko duen erabateko gaitasuna. Udalerriek daukaten aldaketarako marjina oso estua da: udalek berreskura litzaketen zerbitzuen kantitatea oso murritza da, kontuan hartuta zorra ordaindu ostean diru gutxiegi geratzen dela bermunizipalizazio garrantzitsu batean inbertitu ahal izateko.
Aldaketa gobernuen urrats bakarra finantza publikoak hobeto kudeatzea baldin bada, etorkizuna etsigarria izango da. Ostera udal hauek gobernu zentralaren aurka ekiten badute, badago alternatibarik.
Cádizen ospatu berri da Zor ez-legitimoaren eta Murrizketen aurkako II Topaketa munizipalista. Ekimen honen jatorria manifestu erradikal batean dago; manifestuak zorraren auditoretza exijitzen duen bitartean aldaketarako gobernuak dituzten udal handiei (Bartzelona, Zaragoza, Valentzia, Madril...) dei egiten die zorraren ordainketarekin itota dauden udalerri ertain eta txikiagoekin bat egin dezaten, elkarrekin gobernu zentralari aurre egin diezaioten. Aldaketa gobernu hauen urrats bakarra finantza publikoak hobeto kudeatzea baldin bada, etorkizuna etsigarria izango da. Ostera kontu publikoen kudeaketa garbiagoarekin batera, udal hauek gobernu zentralaren aurka ekiten badute, badago alternatibarik.
Greziako esperientziatik irakaspenak
Ezkerreko indar batek agintera heltzekotan desobeditzeko, gizartea mobilizatzeko eta herrien arteko elkartasuna bilatzeko konpromisoa hartu behar du
Eraldaketa lortu nahi duen ezkerreko indar batek konpromisoa hartu behar agintera heltzekotan desobeditzeko: EBko hitzarmenen aurrean, Europako Batzordea eta hartzekodunen aurrean desobeditzeko ardura. Greziako kasuan justu kontrakoa gertatu da. Tsiprasek gizarte babes zabalari esker lortu zuen lehen ministro izatea baina bere apustua Europako Batzordearekin harreman on bat mantentzearen aldekoa izan zen: herriari esan zion negoziazioen bidez eta zorra ordainduz konponbide bat topatu zitekeela. Baina hori ez da posible: Europako Batasuna erreformaezina da.
Aldaketarako gobernu baten dagoena, gizarte justizia eta austeritatearen amaitzeko argumentuak erabiliz Europako Batzordera jotzea da, gizartearen sostengu zabal horretan oinarrituta. Hau da, desobedientziaren aukera irekia dago.
Europako Batasuna ezin da erreformatu. Baina EB horren aurka borrokatu beharra dago eta Europako beste herriei erakutsi behar zaie aldebakarreko konfrontazio neurriak hartuz gero alternatibak egon badaudela.
Era berean, aldaketarako gobernuak jendartea mobilizatzeko konpromisoa ere hartu behar du. Horixe da Greziako kasutik atera dezakegun bigarren irakaspena. Tsipras eta Varoufakis etengabeko negoziazio zurrunbilo batean sartu ziren, Batzordea eta NMFrekin bilera amaiezinak eginez. Hegazkinez hegazkin, hoteletan bizi ziren. Ez duten greziar jendartea mobilizatu eta ez zieten Europako herriei dei egin beraien kausarekin bat egin zezaten. Baina Tsiprasek aldi oro negoziazio prozesuaren benetako edukien berri eman izan balu, mobilizazioak dei egin balitu, Europako beste herrialdeetako herri mugimenduen gonbidapenak onartu izan balitu, beste egoera batean egongo ginateke. Grezia, euroguneko herrialde ahul eta periferikoetako bat izanik ere, Europako Batzordearen aurkako bataila irabazteko moduan zegoen, zorraren ordainketa etetetik abiatu izan balitz.
EBZak bere esku zeuden tresna guztiak erabili zituen Greziako gobernuaren aurka, Tsiprasek ezer erabili ez zuen bitartean.
Tsiprasek Greziako Altxor Publikoa hustu egin zuen, administrazio publikoari eta enpresa publikoei exijitu zien haien likidezia Banku Zentralari eraman zezaten zorra ordaindu ahal izateko. Ez zeukan beraz baliabide nahikorik larrialdi humanitarioko plan zabal bat abian jartzeko. 2015eko otsaila eta ekaina bitartean 7000 miloi euroko zorra itzuli zien hartzekodunei, trukean zentimorik jaso gabe. EBZak bien bitartean bere estatutuek ahalbidetzen zioten guztia erabili zuen Tsiprasen gobernuaren aurka. Lehendabizi, gobernu-aldiaren hasieran larritasun-likidezia ezarri zuen, ohiko likidezia baino kostu garestiagoa duena. Hilabete batzuk aurrerago Tsiprasek erreferenduma deitu zuenean, EBZek guztiz eten zuen likidezia. EBZak bere esku zeuden tresna guztiak erabili zituen Greziako gobernuaren aurka, Tsiprasek ezer erabili ez zuen bitartean.
Grezia bezalako herrialde periferiko batentzat, desobedientziak zorraren ordainketa etetea dakar, bestela ez da ekonomian inbertitzeko tarterik geratzen. Indar korrelazio baten beharra dago hartzekodunak mahai batean eseri arazi eta negoziatzera behartzeko.
Eurogunetik irtetea erabaki baino lehen, badago alternatibarik: desobedientziaren bidea dago, trantsizio baterako bidea irekitzeko tartea dago, beti ere indar metaketaz eta gizartearen sostenguaz baliatuta
Zorraren ordainketa etetea aldebakarreko beste neurri batzuekin uztartu beharra dago: kapital kontrola, banka sektorearen gizarteratzea, gastu publikoa handitu ahal itzeko defizit fiskalaren igoera...Guzti hori posible izateaz gain, ezinbestekoa ere bada. Egia da era honetako erabakiek herrialdea eurogunetik kanporatzea ekar dezaketela, nahiz eta horretarako bide legalik ez dagoen. Izan ere, herrialde bakoitzaren erabakia da eurogunean jarraitu ala ez subiranotasunez erabakitzea. Nire ustetan, eurogunetik irtetea erabaki baino lehen, badago alternatibarik: desobedientziaren bidea dago, trantsizio baterako bidea irekitzeko tartea dago, beti ere indar metaketaz eta gizartearen sostenguaz baliatuta.
Aukera erradikala da bai, baina gobernu batek maila honetako erabakiak hartu ditzake aurretiaz jendartea konbentzitu baldin badu neurri horiek ezinbestekoak direla: gure gaurko gizartean badira sektore publikoaren esku egon behar duten elementu estrategikoak. Osasun zerbitzuak, hezkuntza, energia edota finantza sektoreak publikoak izan behar dira. Botere publikoek beren esku baliabideak izan behar dituzte trantsizio ekologikoan masiboki inbertitu ahal izateko, eta horrek banka sektorea gizarteratzea dakar.
Europako Batasuna ezin da erreformatu. Baina EB horren aurka borrokatu beharra dago eta Europako beste herriei erakutsi behar zaie aldebakarreko konfrontazio neurriak hartuz gero alternatibak egon badaudela.