Hegemonia: Unibertsalak norberari eta partikularrak arerio politikoari egozteko gaitasuna

2013/04/02
D23.JPG
Hegemonia eta estrategia independentista, Unai Apaolaza Amenabar/ Nahiz eta gaur egun, sarri, hegemonia modu kuantitatiboan erabili, eta zehazkiago hauteskundetan beste alderdi politikoetakoek baino bozka edo ordezkari gehiago ateratzearekin identifikatu, hori egiteak hegemonia kontzeptuaren logika gaizki ulertzea eta ondorioz erabilgarritasuna kamustea dakar. (Uniberstala eta partikularra)

Unai Apaolazaren Hegemonia eta estrategia independentista artikuluko zati bat. Lapiko Kritikoa koletiboaren hAUSnART aldizkariaren 2. zenbakitik hartua.

Hegemoniarik gabeko hauteskundetako nagusitza posible da, baina kasu horretan, nagusitasuna, trapuzko hankak dituen elefantearena litzateke eta neguaren gogorrenean hego haizeak iraun lezakeena iraungo luke. Hegemonia edukitzeak ekarriko duen hauteskundetako (erreferendum) nagusitzak aldiz, elefantearen hankak hezur-haragituko ditu, udaberria ekarriko du.

Hegemoniarik gabeko hauteskundetako nagusitza posible da, baina kasu horretan, nagusitasuna, trapuzko hankak dituen elefantearena litzateke eta neguaren gogorrenean hego haizeak iraun lezakeena iraungo luke

Hegemoniarako borroka jendarteak izango duen neurria ezartzeko borroka da; jendarteak erabiliko dituen betaurrekoak graduatuko baititu. Hegemoniarako borroka “normala dena” eraikitzeko borroka da. Jendarte batek izango dituen balioak marrazteko borroka da.
Behin hegemonia lortu eta gero, helburu politikoak kasik borroka politikorik gabe lortu daitezke; jendarteak “normal” jokatzen duenean hegemonikoa denaren alde egingo baitu. “Normala” den hori “apolitikoa” da; hegemonikoa denaren alde egitea “normala” denaren alde egitea denez, hori ezin kontsidera daiteke ekintza politikoa, ekintza morala baizik. Zehazkiago, ekintza moral zuzena. Ekintza politikoa baino, “normal” “zentzu onez” “gizalegez”… jokatzea litzateke.

De modo que la lucha por la hegemonía ideológico-política es siempre una lucha por la apropiación de los términos “espontáneamente” experimentados como “apolíticos”, como términos que trascienden los límites políticos. (Zizek, 2001;191)

Guzti hori adibide konkretu batekin adierazteko, pasa den mendeko 90. hamarkada hasieran, Euskal Herrian eraiki zen eta hegemonia maila altuak lortu zituen diskurtso bati erreparatuko diogu: euskal jendartea indarkeria zale eta demokraten artean zatitzen zuen diskurtsoari, alegia. Diskurtso hori eraiki zutenek, jendartea posizio politikoen arabera zatitu beharrean, posizio etikoaren araberako banaketa egin zuten eta bereizketa hori politika baino lehenagokoa zela azpimarratu zuten. Zatiketa hori egiteak parte okerrena tokatzen zitzaienei, “biolentoei”, politikan aritzeko eta eragiteko ahalmena erabat kamustu zien. Baina posizio politikoa baino lehenagokoa omen den zatiketa hori, berez, izugarrizko erreminta politikoa da, eta hori du bere helburua; etsai politikoari ahalmen politikoa ahalik eta gehien murriztea. Biolentoak eta demokratak dikotomia independentismoa indargabetzeko estrategia politikoa izan zen, ez giza eskubide unibertsal horien aldeko estrategia.

Posizio politikoen araberako zatiketa egin beharrean posizio moralekin dikotomia sortzea posizio hegemonikoa duten mugimendu politiko guziek egiten dute. Horretarako, hegemonia duenak bere burua unibertsalen ordezkari eta etsai politikoa partikularrena dela baieztatuko du. Logika politikoa erabili beharrean hegemonia duenak logika morala erabiliko du.

Lo que ocurre es que actualmente lo político se expresa en un registro moral. En otras palabras, aún consiste en una discriminación nosotros/ellos, pero el nosotros/ellos, en lugar de ser definido mediante categorías políticas, se establece ahora en términos morales. En lugar de una lucha “izquierda y derecha” nos enfrentamos a una lucha entre “bien y mal”. (Mouffe, 2007,13)

Hegemonia lortzeko borroka objektibitateak lortzearen borroka da; “egiak” zeintzuk diren finkatzearen borroka da. Hegemonia edukitzeak “egiaren” jabe zarela esan nahi du. Unibertsalaren jabe zarela.

Hegemonia horrela ulertzea ekintzarako dei bat da. Edozein mediorekin eraginkor izateko deia da. Eraginkor izatea jendartearen gehiengoa (borondate kolektiboa) zure koordenadetara eramatea da. Horrek ez du jendartearen gehiengoak zure helburu politikoekin bat egiten duenik esan nahi, ez derrigorrean. Hori baino lehenagokoa eta oinarrizkoagoa da, zuk markatzen duzun joko zelaian eta zuk jarritako arauekin jolasten ari direla esan nahi du. Bushek ez al zuen Afganistan eta gero Irak demokraziaren eta justiziaren izenean inbaditu (inbaditzaileek inbaditzearen ekintzari jarritako izena lehenik “justizia infinitua” eta gero “askatasun iraunkorra” izan zen, beti ere kontzeptu unibertsalak)? Nahiz eta ekintza hori erabat biolentoa izan eta milaka eta milaka hildako eragin. Horra hor hegemonia izatearen onura.

Artikulu osoa irakurri