Arriskutsua zara, bazenekien?

2015/04/27
diapo-m1-2015.jpg
Zuk axola duzu eta zuri ere axola zaizu. Soldatapeko lanik duzun ala ez, axola du. Soldatapeko lan hori zeinen prekarioa den, axola du. Zure lana ordaindua den, ala ostera, ordaindu gabeko lana ote den. Zure lana gizarteak zelan baloratzen duen edota erabat ikusezina ote den. Zu hor zaude, existitzen zara, eta ez zara bakarra. Langile klasea ere ez da desagertu, klaseen arteko bereizketak desagertu ez diren bezala. Arazoa ez da langile klasea existitzen den ala ez; arazoa da langile klaseak eliteari enbarazu egiten diola. Enbarazu handia egiten diogula, egiten diozula.

Aiala ElorrietaAiala Elorrieta, Manu Robles-Arangiz Fundazioa (artikulu hau Berrian argitaratu zen 2015/04/26an)

Akaso ez duzu zeure burua langile klasearen barruan kokatzen, edo akaso bai. Beharbada terminologia kontua da. Guy Standing britainiarrak esaten du hiztegi berriaren beharrean gaudela XXI. mendeko gizarte-klase harremanak islatzeko. Occupy mugimenduak biztanleriaren %99 eta %1aren arten banatzen dela aldarrikatu izan du, baina, Standingen ustez, klase egitura are konplexuagoa da. Konplexutasun horren barruan, Prekariatua aurkezten du, klase sozial arriskutsu berria. Presiopean lan egitera ohituta, lan eta bizitza ezegonkorra izatera ohituta, eta, askotan, leporaino zorpetuta. Arrotza egiten al zaizu? Eskubideak galtzen ari den lehen klasea da. Izatez ez da hain berria, baina bai bere arriskugarritasunean. Milioika pertsonak klase baten parte direla kontzientzia hartzen dutenean, soilik orduan elkartu daitezke eta politika berriak lantzen hasi. Kontraboterearen alderdi oso garrantzitsua da hori.

Gaur egungo langile klaseak dominazio ardatz guztiak hartu behar ditu kontuan, prekariatua eta kapitalismoak ikusezin nahi dituenak ere bai

Kontraboterean dabiltzan sindikatuek ere traba handia egiten diote patronalari. Zertara dator bestela Euskal Herriko gehiengo sindikala legez kanpo uzteko Confebaskek egindako eskaria? Azken urteotako lan erreformak, aurrekontu eta zerga politikak ez al dira langile klasearen, prekariatuaren aurkako etengabeko erasoa?

Jendetza kontzeptua darabil Negrik lan prekarioaren inguruko teorian. Prekariatua eta jendetza, bi kontzeptu arras desberdin. Jendetzaren ideia ez du gustuko Silvia Federici idazle feministak. Izan ere, jendetzaren baitan geroz eta inteligenteagoa omen da lana. Ordenagailu bidezko lana, lan kognitiboa. Federiciri ez dator bat horrekin, ez dituelako emakumeak eta Hegoaldea behar bezala begiratzen. Hegoaldeari itsu. Ordenagailuekin jarduten duten langilearen atzean eta Kongon koltana eskuratzeko irauten duena dago. «Kapitalismoaren alderdi batean garapen gisa aurkezten dena beste alderdian azpigarapena da», laburbildu du beste soziologo batek, feminista hura ere. Ez dago Kongoraino joan beharrik gainera; gure herrian, gure etxeetan etorkinek zein lan mota eta zein baldintzatan egiten dituzten erreparatzea besterik ez dago; ikusezinetan ikusezinenak!

Itsu baita ere emakumeekiko, edota genero aldagaiarekiko. Postmarxismotik datorren Negriren teoria horrek bazter batean uzten baitu teoria feministaren ekarpenik handienetakoa: ez du onartzen ordaindu gabeko lan feminizatua, lan erreproduktiboa, akumulazioa kapitalistaren funtsezko baliabidea denik. Kapitalismoa ordaindu gabeko itzelezko lan kopuru baten gainean oinarritzen da, eta ez beti, edo ez bakarrik kontratu bidez arautzen diren harremanen bidez. Soldatapeko harremanak ezkutatu egiten ditu; ordaindu gabeko lana, esklabotza. Kapitalismoaren metaketa prozesua ahalbidetzen duen lanaren zati handi bat.

Gaur egungo langile klaseak dominazio ardatz guztiak hartu behar ditu kontuan, prekariatua eta kapitalismoak ikusezin nahi dituenak ere bai. Klase hori oso arriskutsua da elitearentzat. Are arriskutsuago, feminismoaren oinarriak bere egiten baditu. Ba al zenekien hain arriskutsuak ginela?