Astrid Agenjo: hausnarketa feminista ekonomia eta krisiari buruz

2014/03/07
martxoak8-2014-diapos_4-3.jpg
Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunaren bezperan ELA sindikatuak trebakuntzarako hitzaldi bat antolatu du Iruñean ekonomia feministaz. Astrid Agenjo ekonomista feminista izan da hitzaldia eman duena. Hemen duzue Astriden hitzaldiaren laburpen moduko bat, bideo laburpen batekin eta irudiekin. Bizitzaren iraunkortasuna ziurtatuko duen ekonomiarantz trantsizioan...

Ekonomia hitza entzutean, jendeari gizon zuri bat datorkio burura, beste gizon zuri batzuei zenbakietaz hitz egiten. Ekonomia zientzia gisa saltzen digute, egia unibertsal teknikoak esaten dituen arlo bat bezala, azken finean, esaten digute, enpleguaren arazoa ekuazio batekin konpontzen da. Ezkutatu egiten digute ekonomiaren atzean ideologia dagoela, erabaki politikoak direla tekniko bezala saldu nahi dizkiguten neurriak, gizarte orden bidegabe bat betierekotzeko. Azken finean ezagutza oro da politikoa, eta egun ezagutzen dugun ekonomia, botere harremanen isla besterik ez da.

Kontua da esaten digutela BPGa haztea ona dela, baina hori ere irizpide politiko bat da, merkatua hedatzeko helburuarekin erabakitako irizpide bat hain zuzen. Hori ezbaian jarri behar da, alde batetik muga sozial ekologikoak kontuan izan behar ditugulako.Baina, hortaz gain, guk badakigu dauzkagun behar guztiak ez dituela merkatuak asetzen.

Economia iceberg

Saltzen digute ekonomia produktiboa dela ekonomia, baina ezkutatu egiten digute ekonomia produktibo hori ezinezkoa litzatekeela merkatutik kanpo gelditzen diren lan erreproduktiborik gabe. Izebergaren ekonomia deitzen diogu honi ekonomia feministan. Ekonomia produktiboa, ikusgarria dena, errealitatearen zati txikiena delako.

Askotan hitz egin da kapitala eta lanaren arteko kontraesanaz, baina oinarrizko kontraesana kapital metaketaren eta bizitzaren iraunkortasunaren artekoa da.

Hurrengo bi marrazkiak ikusita: zenbat pertsona daude lanean?

Hombre ordenadorMujer trabajando

Bi? Ez, bakarra. Gizona internetez apustuak egiten dago.

Gertatzen dena da sozialki markatzen digutela zein den gure lekua. Segregazio hori horizontala da (sektoreen arabera lanak emakumeentzat edo gizonezkoentzat dira) eta bertikala ere bai (goiko postuetan apenas dago emakumerik, nahiz eta unibertsitateak emakumez josiak egon). Beirazko sabai bat dago, eta baita zoru itsaskor bat ere, genero desberdintasuna eragiten duen egitura baten pean bizi garelako lanaren banaketa sexuala egiten duena: zaintza etiko erreakzionarioa (emakume zaintzailea eta gizon profesionala). Azken finean, egitura horrek bilatzen duena da gu kontrolatzea, zaintza lan horietan jarraitu behar dugulako, lan hori gabe ezinezkoa delako sistemak aurrera egitea, baina lan hori guztia ezkutuan mantendu nahi dute.

Ekonomia feministak ezagutza eraldatzaile sortzea du helburu, errora joz. Ekonomian merkatua duen zentraltasunarekin amaitu nahi du, zentroan pertsonak eta beren beharrak jartzeko

Hortaz galdetzen denean, zer ikusi du ekonomiak genero harremanekin? Aipatu dugun hauxe hain zuzen. Egitura androzentriko batean bizi gara. Bi aukera ditugu honen aurrean, egitura hau onartzea edo egitura hau eraldatzen saiatzea. Kontziliazio politikak ezartzen dira adibidez, baina zein da kontziliatzen duena? Emakumea. Ez da errora jotzen. Ezbaian jarri behar dena da kapital metaketa bizitzaren iraunkortasunaren aurretik lehenesten duen egitura. Bizitza hauskorra da, ahula, zaintza behar du, guztiak gara interdependenteak eta ekodependenteak. Errora joan behar dugu.

Ekonomia feministak ezagutza eraldatzaile sortzea du helburu, errora joz. Ekonomian merkatua duen zentraltasunarekin amaitu nahi du, zentroan pertsonak eta beren beharrak jartzeko. Merkatuak bere lekua izango du, baina ez zentroan. Gatazka ez da, esan bezala, kapitala eta lanaren arteko soilik, kapitala eta bizitzaren artekoa baizik. Esplotazioa merkatuan ematen da, baina baita etxeko eremu pribatuan ere.

Hiru oinarrizko galdera egin behar ditugu etengabe, errora joateko:

  1. Ze aurreikuspen ditut? Merkatuan amaitzen dira nik bizitzatik lortu nahi dudan guztia?
  2. Zein da zaintza lanen papera?
  3. Ekonomiak bizia iraunarazten du? Zer botere eta esplotazio harreman sortzen eta birsortzen dira
Emakumeoi gehiago eragiten digu krisiak, bizitzaren iraunkortasuna gure esku uzten dutelako, lana biderkatzen zaigulako eta emakumeoi txertatzen dizkiguten estereotipoak indartzen direlako

Azkenaldian ikusten ari gara geroz eta diru gehiago behar dela bizitzeko, baina geroz eta zailagoa dela diru hori lortzea. Eta horrela lortu dute zorra bihurtzea diziplinatzeko mekanismo funtsezkoa. Nire ingurukoei galdetzen diedanean “zergatik ez zarete kalera ateratzen protestatzera?” “Hipoteka bat ordaintzen ari naiz…”. Heldu gara bizitzaren prekarizazioaren hedapen etengabe batera, bazterketara eta pobreziara eramaten duena. Azken finean, bizitzaren erreprodukzio soziala dago krisian.

Eta beste krisi guztiak ezkutatu dituen ekonomia krisi honekin lortzen ari direna da merkatuen arriskuak gure bizkarrean zamatzea. Emakumeoi gehiago eragiten digu honek, bizitzaren iraunkortasuna gure esku uzten dutelako, lana biderkatzen zaigulako eta emakumeoi txertatzen dizkiguten estereotipoak indartzen direlako. Kontrolatuak egon behar dugu. Azken euskarria gara, azken koltxoia, baina ezkutuan, ez da interesatzen kapitala eta bizitzaren arteko gatazka agerian geratzea.

Beraz gure beharrak lehentasun izango dituen eredu baterantz jo behar dugu. Unibertsaltasuna eta singulartasuna kontuan izango dituena. Horretarako gure burua neurtzeko susmo-metroa erabili behar dugu: zer kontsumo eredu ari gara birsortzen; zein bizitza eredu… Kontuan izan nola ari garen desberdintasun moduak birsortzen gure bizitzeko eta kontsumitzeko erekin.

Amaitzeko, Bizkaiko zahar egoitzetako langileen borrokaren testigantza Loli del Castilloren bidez: