Nola aurre egin zuzentasunez gainbehera ekologikoari?

2012/05/30
yayo-herrero.jpg
Yayo Herrero, Ecologistas en Acción / Gizakiok erabat gaude naturaren eta beste pertsona batzuen denboren mendean; gehienbat, gizarte patriarkaletako emakumeek gorputzak zaintzeari eskaintzen dioten denboraren mendean, gorputzak ere amaikorrak eta ahulak baitira. Bi mendekotasun horiek saihestezinak dira, baina kultura kapitalistak (bai eta, zoritxarrez, kapitalismoaren aurkako arrazionaltasun batzuk ere) bi mendetasunei bizkarra emanez eraiki dira.

Gutxiagorekin ongi bizi liburuxkaren sarrera

Muga materialei bizkarra emanda bizitzearen ondorioz, biziari berari eusten dioten oinarri fisikoen eta prozesu dinamikoen kontrako ekoizpen, banaketa eta kontsumo eredu bat eraiki dugu. Eredu hori, gainera, erabat da bidegabea eta berdintasunik gabea, eta ez da gauza izan jende gehienaren oinarrizko beharrak asetzeko.

Diru-irabaziak sortzeari esaten zaio ekoizpena gure mendebaldeko munduan, batere kontuan hartu gabe ekoizpen horren oinarrian natura dagoela. Berdin dio barazkiak eta armak “ekoizteak”. Gauza garrantzitsu bakarra da ekoizpen hori (egia esan, lehendik dauden baliabide mugatuak erauzi eta eraldatzea) lagungarria izatea ekonomiaren hazkundea neurtzeko erabiltzen diren diru-agregatuak ugaritze aldera.

Mugak gainezka egina dagoen planeta batean bizi gara, non gainbehera fasean baitaude nekazaritza-hiri-industrian dautzan metabolismoaren funtzionamendurako egun ezinbestekoak diren material batzuk; bada, ekonomiaren arlo materialaren deshazkundea ez da aukera bat. Jende asko (Periferiakoa, batez ere), izan ere, erregai fosilen, ur gezaren edo lur emankorren eskasiak jota bizi da, eta horrek ez du atzerabiderik.

Guk nahi ala ez, arlo materiala deshaziko denez, berdintasunaren eta justiziaren alde ari diren erakundeek eta gizarte mugimenduek bestelako ekonomia eraikitzen ahalegindu beharko lukete, ekoizpena bizitza mantentzeko oinarria izan dadin; ez, ordea, bizitza suntsitzeko oinarria. Ildo horrekin bat, behar-beharrezkoa zaigu aztertzea derrigorrezko zer ekoizpen eta zer lan komeni den sozialki sustatzea, eta zer jarduera kaltegarri komeni den birmoldatzea, haietan diharduten gizon-emakumeak babesteko.

Diotenez, gizarte ugalketa ahalbidetzen duten ondasunak eta zerbitzuak sortzeko prozesuari esaten zaio ekonomia. Etengabe bazterturik gelditzen da, dena dela, etxeetako gizarte ugalketa, zeina, lanaren banaketa sexualak eraginda, emakumeen bizkar gainean erortzen baita, eta, emakumea ekonomikoki ageri denean, soldatapean aritzeagatik, sektorerik prekarioen, ahulen eta esplotatuenetakoa da.

Denbora luzaz, mugimendu ekologistak eta sindikalgintzak elkarri bizkarra eman diote eta elkarren aurka ere bizi izan dira. Kapitalismoaren aurkako ekologismo sozial batek kapitalaren eta lanaren arteko kontraesanetan pausatu behar du begirada, eta negoziazio kolektiboari eta lan-eskubideari eusteko kezka izan behar du. Egiazko lurraldeetan sustraituriko sindikalgintzak ezin du ahaztu kapitalismoaren ekoizpen moldea, funtsean, bizitza mantentzearen aurkakoa dela.

Lanaren kontzeptua bera eztabaidatu beharra dago, ekoizpenaz gain, etxeko ugalketa eta eguneroko ongizatearen kudeaketa ere barne hartzeko; aztertu beharra dago zer sektorek eta jarduerak balio duten giza premiak asetzeko, eta zeintzuek baldintzatzen duten etorkizuna, baita epe laburrean ere; ikertu beharra dago zer aliantza eta sinergia izan daitezkeen sindikalgintza, ekologismoa, feminismoa eta beste mugimendu batzuk borroka bateratuetan elkartzeko tresna egokiak. Horra hor berehalako batean egin beharreko lanak; gaur egun, izan ere, itxuraz, aliantzak ehuntzea eta mugimendua egituratzea bide bakarra baita, bizi digun “estatu-kolpe” neoliberalaren kontra ekiteko eta bestelako errealitate bat eraikitzeko; hots, bere baitan hartzen gaituen planetarekiko errealitate bateragarri eta bidezko bat eraikitzeko.