[Argitalpena] Klima aldaketa Hego Euskal Herrian

2020/11/18
alda dezagun sistema .jpg
Hego Euskal Herrian krisi klimatikoari aurre egiteko neurri egokiak proposatu ahal izateko, krisi honetan eragina duten elementuak aztertu behar dira lehenik. Txosten honetan berotegi efektuko gasen emisioak eta energia sektorea dira aztergai, klima aldaketaren eragile garrantzitsuenetakoak baitira.

(Dokumentu osoa irakurri)

2019an klima aldaketari loturiko adierazleek errekor berriak ezarri dituzte, bai tenperatura igoeran, bai berotegi efektuko gasen emisioetan ere. Munduko Meteorologia Erakundeak argitaraturiko klimaren egoerari buruzko txostenaren arabera, 2019an klima aldaketak ondorio larriak izan zituen munduan milioika pertsonaren osasunean, elikaduran eta etxeetan. Gainera, itsasoko bizitza eta ekosistema ugari arriskuan jarri zituen. Datuek erakusten dute dinamika jasanezina dela, baina 2020a urte berezia izaten ari da Covid-19agatik, eta mundu mailako pandemia honek ez dio mesederik egin inori, ez eta klima aldaketari ere.


Urtearen lehen seihilekoan mundu mailan eman zen jarduera ekonomikoaren beherakadari esker, berotegi efektuko gasen isuriek modu esanguratsuan egin zuten behera. Aurreikuspenek adierazten dute 2020 honetan berotegi efektuko isurketak murriztu egingo direla 2019rekin alderatuta. Baina koronabirusa geldiarazteko hasierako neurriek (kale hutsak, fabrika asko itxita, autorik gabeko errepideak ...) airearen kalitatea hobetu duten arren ezin zaio balio handirik eman. Txinan (isurketen %25eko murrizketa) eta beste herrialde batzuetan pandemiaren ondorioz izandako isurketen murrizketa, aldi baterako gertaerak baitira. Gainera gobernuek krisitik ateratzeko hartzen dituzten neurriak sarritan gehiegizko kontsumoan eta natur baliabideen gehiegizko ustiapenean oinarrituak izaten dira.
Egoera hau frogatzen ari da trafikoaren eta industria kutsatzailearen jarduera murriztea bezalako neurriek berehalako ondorioak dituztela, bai ingurumenean, bai kutsadurak eragindako gaixotasunak jada pairatzen dituzten pertsonen osasunean. Ez da ahaztu behar espainiar Estatuan urtean 16.000 heriotza izaten direla atmosferako kutsadurak eraginda.


Une honetan koronabirusaren inguruan mundu mailako kezka dagoen arren, klima aldaketaren aurkako borrokan ahaleginak ez dira murriztu behar. Koronabirusa aldi baterako izatea espero da, aldi baterako eraginak dituena, baina klima aldaketa urte askoan egongo da hemen eta etengabeko ekintza eskatzen du. Klima aldaketak ere ondorioak ditu pertsonen osasunean eta gure gizarteetan, koronabirusa baino askoz larriagoak sarritan. Epe laburrean eragin ekonomikoa izango du birusak, baina berotze globalak eragindako galerak masiboak eta epe luzekoak izango dira.


Koronabirusaren osasun krisiak berekin ekarri behar du sistema kapitalistaren ekoizpen, banaketa eta kontsumo eredua birplanteatzea, bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jartzeko. Klima aldaketak ere hausnarketa eta aldaketa premia bera dakar. Aldaketa erradikalak egiteko aukera da hau, bizitza erdigunean jarriz eta planeta babestuz. Daukagun ekoizpen, banaketa eta kontsumo eredua hausnartzeko eta birpentsatzeko unea.


Hego Euskal Herrian krisi klimatikoari aurre egiteko neurri egokiak proposatu ahal izateko, krisi honetan eragina duten elementuak aztertu behar dira lehenik. Txosten honetan berotegi efektuko gasen emisioak eta energia sektorea dira aztergai, klima aldaketaren eragile garrantzitsuenetakoak baitira.