"Migratzaileak behar dira zenbait lanerako, baina baldintza jakinetan: eskubide gabe edo status oso prekarioan"
Iker Barbero, EHUko irakaslea
Migrazioetan zerbait ikasi badugu da datuetatik kanpo pertsona asko daudela eraginda, kontaezinak dira. Eta kontaezinak dira "merkatuak" nortasunik gabeko langileak behar dituelako nahi beste esplotatzeko.
Migratuen erdia emakumeak dira. Eta mugak ez dira berdinak generoaren baitan.
Ihes egiteko eskubidea aldarrikatu behar dugu. Teorian jendeak bere herrialdea uzteko eskubidea du, baina praktikan ezinezkoa da jartzen zaizkien oztopo, arazo eta muga guztiekin.
Ekonomia liberalizatu da, baina pertsonen mugimenduarekin, ordea, kontrakoa gertatu da. Nondik dator hori? Erakunde neoliberalen eskutik: Munduko Bankua, Nazioarteko Merkataritza Erakundea, Nazioarteko Diru Funtsa... "Merkatuak" behar dituen langileak eskuragarri eta berarentzat baldintza onetan izatea da helburua. Hainbat lurralderen barnean langileak libre dira mugitzeko. Baina "merkatuarentzat" ez dira langileak, "zerbitzu-hornitzaileak" baizik. Zeinen erabilera perbertsoa izan dezaketen hitzen batzuetan... Dagoeneko langileak ez direnez, eskubide gutxiago dituzte. Egitura ekonomiko finantzario horiek sortu duten araudi batzuren menpe gelditzen dira. Mundu guztian zehar sortu dira horrelako sistemak, ez soilik EBn. Honek guztiak eragina du langileon eskubideetan, baina, are gehiago, migratzaileengan.
Estatuak indargabetzen ari diren garai hauetan, beraien esentzia berreskuratu edo indartu nahiez erreakzionatu dute. Lurraldea da esentzia horietako bat, mugak ezartzea. Beraien jurisdikzioa mantentzea: harresiak ezartzen egin dute hori.
Eta hori lortzeko diskurtso bat eraiki dute: beldurraren diskurtsoa, gaizkile eta terroristak datozela sinestarazi digute. Diskurtso hori hedatu gabe, ez lukete horrelako onarpenik izango ezta horrenbesteko aurrekonturik migrazio politiketarako eta mugen kontrolerako. Mehatxu hauen bidez Estatuek beraien migrazio politikak legitimatzea bilatzen dute.
Migratzaileak behar dira zenbait lanerako, baina baldintza jakinetan, eskubide gabe edo status oso prekarioan. Migratzaile horien kontratazioek eragina dute hemen eta han. Jatorrian kontratatzeko sistemak prestatuen dagoen jendea erakartzea bilatzen du, jatorrizko lurraldeetako egoera eta baliabideak okertuz. Aldiz, jatorrian kontraturik lortzen ez dutenei, modu irregularrean migratzea beste aukerarik ez zaio geratzen. Barku bat hartu edo norbaiti ordaindu etorri ahal izateko. Migratzea beraien bizitza arriskuan jarriz.
Mugak ez dira berriak eta mundu guztian daude. Azken urteetan handitu, ugaritu eta dibertsifikatu egin dira. Muga bat da Iparralde globala eta Hegoalde globala desberdintzen dituena. Mugak ez daude soilik herrialde batetik beste joateko. Pertsonen egunerokotasuna mugatzen dute lege hauek guztiek. Atzerritartasun Legeak etengabeko mugak ezartzen ditu migratzen duten pertsonen bizitzetan. Atxilotze zentroak ere muga dira. Sistema oso bat sortu da migratzen duten pertsonak kontrolatuak izateko eta beraien prekaritatea areagotzeko.
Guretzat, lehen, migrazioaren irudia Gibraltarreko estua gurutzatzen zuten paterak ziren, orain, ordea, Kanarietara iristen diren enbarkazioak dira. Lehen Andaluziara iristen ziren. Jarri zen bijilantzia sistemarekin, bide hori itxi egin zen, eta orain bidea aldatu egin da. Orain Kanarietara iristen dira, batez ere Marokok espainiar Estatua presionatu nahi duelako. Bide bat ixten denean beste bat irekitzen da.
Legediak ez du eskubideak babestea bilatzen. Guztiz kontrakoa. Gero eta oztopo gehiago jartzen dira. Kartzelak sortzen dira, “archipiélagos carcelarios” deitzen zaie, migratzaileak han mantentzea bilatzen da kanporatuak izan arte. Artxipielago horiek (Kanariak, Lesbos, Lampedusa...) migratzaileak kontinentera ez iristea bilatzen dute.
“Solidaridad europea” deitzen dena zertan bihurtu da? Diru gehiago kanpoko muga horiek handitzeko, zaintzeko, muga kirurgikoagoak egiteko eta deportazio programa horiek lantzeko. Kanporaketa programak, atxilotze zentroak, Frontex europako mugen zaintza indartzeko. Helburura ez da soilik kanpoko mugak zaintzea, baizik eta iristen direnak kontrolatzea. Inbertitu dute migratzaileak muga pasa aurretik kontrolatuta egoteko. Herrialde horiek konturatu dira tresna hori beraien alde egiteko erabili dezaketela. Tunezek, Turkiak, Marokok... badakite iturria irekitzen dutenean Europa urduritzen dela. Bere interes propiorako erabiltzen dute. Ez dira kasualitatea Kanarietara iristen diren itsasontzi horiek.
Mugarik gabeko Europa zen ametsa, baina Europa bere mugetan hiltzen ari da, bere barne mugetan. Horrela azaldu zen Schengen akordioa, libre izango ginela mugitzeko, baita atzerritarrak ere. Azken urteotan, Europaren barne mugak ezarri eta kontrolatzeko bigarren mailako artikulu bat, momentu puntualetan erabiltzeko pentsatuta zegoena, masiboki eta era jarraiean erabiltzen ari da. Estatu frantziarra behin eta berriz ezartzen ari da: mehatxu terrorista dela, errugbyko mundu kopa dela... Mugak ixten dituzte, baina muga horiek migratzaileentzat soilik dira. Gu, gure ikerketa egiten ari ginen denbora guztian, inoiz ez gaituzte gelditu muga hauetan, baina migratzaileak edo beraien ustez migratzaile itxura izan dezaketenak, etengabe. Oso modu bortitzean ezartzen dira, eta horren ondorioz jendea hil egiten da Bidasoa zeharkatzen, edo trenbidea erabiltzen errepideetako kontrolak saihesteko.
Lehen gehienak Junqueratik pasatzen ziren baina azkenaldia Euskal Herriko bidea egonkortu da. Migratzen ari diren pertsonentzat harrera abegikorragoa dagoelako. Eta harrera hori, nagusiki, zenbait elkartek duten indarragatik eta egunero egiten duten lanagatik sortu da. Euskal Herria harrera herria bihurtzen ari da. Gehienak Euskal Herria Frantziara edo Europara joateko bide bezala erabiltzen dute. Asko Senegal, Mali edo Guinea Conakri bezalako lekuetatik datoz, eta haientzat hau ez da Mediterraneoa bezalako muga hilgarria. Muga psikologikoa da, Estatu frantsesa beraien imajinarioan beraien bigarren estatua da, eta hona iristen direnean “Liberte, Egalite, Fraternite”-ren herrialdeak muga jartzen die. Oso botitza egiten zaie psikologikoki.
Amaitzeko, elkartasunari ere mugak ezartzen zaizkio. Aktibistak beraien ekintzengatik atxilotuak, zigortuak izan dira. Helburua ekintzaileak beldurtzea da. Baina askorengan kontrako efektua lortzen du.
Mugak borrokatzeko modu asko daude, eta kontuan izan behar dugu gaur egun nonnahi daudela mugak, baita ere gure kaleetan ere.