Justizia irizpideekin muga fisikoetara egokitu
Ekonomia konbentzionalaren helburua erreprodukzio sozialerako ondasunak eta zerbitzuak sortzea da. Bi menpekotasunei esker mantentzen da materialki. Lehenengoa naturarekiko menpekotasuna da, materialekiko eta energiarekiko menpekotasuna. “Naturaren menpekoak” gara. Beste menpekotasuna zaintzen gaituzten beste pertsonekikoa da (haurtzaroan, zahartzaroan, diskapazitateetan, gaixotasunetan). Lan ordu askoren menpekoak gara.
Jendartearen biziraupena bideraezina da, ordaindu gabeko eta emakumeek eginiko lan ikusezin hori gabe. Bi arlo hauetan (naturan eta zaintzan) mugak daude. Bai kapitalismoak eta bai sozialismo errealak ez ditu muga hauek kontuan izaten. Produkzio eredu hau hamarkadetan zehar aplikatu ondoren, ekonomiak pertsonei eta naturari gerra deklaratu dien egoerara iritsi gara. Egitura krisi baten aurrean gaude, krisia ekologikoa eta soziala da eta finantza eta ekonomi krisiaren azpian ezkutatzen da. Ekonomia kapitalistak “balio” kontzeptua “prezio” kontzeptura mugatzen du. Hau da, prezioa duenak bakarrik du balio ekonomikoa. Baina badira gauza asko ezinbestekoak direnak eta ez dutenak preziorik.
Zenbat balio du ozono geruzak, umeen zaintzak edo bizitzea merezi duen zahartzaroak? Zerbitzu hauei prezioa jarriz gero gutxi batzuk aberastuko diren negozioak sortzen dira, baina ez dira arazoak konpontzen. Adibidez karbono emisioen merkatua; negozio handia sortu da baina emisioak etengabe jarraitzen dute hazten. baliabide nahikoa eskura izan gabe ere negozioak martxan jartzen dira, beste leku batzuetatik ekartzen dira eta inpaktuan ere leku hartan geratuko dira, beste herrialde batzuen kontura egiten da negozioa.
Ekonomia kapitalista ez da zientzia, ideologia bat da, eta ez du bere formulazioan atzean uzten duen suntsiketa kontuan izaten. Interes ekonomikoak babesten dituen legea da, eta ez hain zuzen justizia eta banaketa irizpideekin. Oinarri materialen eta ekonomiaren arteko loturak hautsi egin dira. Ekonomia birtuala da, planetako baliabide naturalei lotuta jarraitzen duela kontuan hartzen ez duena. Ekoizpen eredu honen esanahia nondik datozen galdetu gabe sortutako etekinak sortzea da, berdin da elikagaiak edo lehergaiak ekoiztea. Sistema ekonomiko honek iceberg baten itxura dauka. Ikusten den eta txikiena den zatia erosi eta saltzen dena da, ordaindutako lanpostuak, finantza espekulazioa,... Eta azpian ikusten ez den eta gaineko zatia eusten duena dago, langile esplotatuak, naturaren suntsiketa, erreprodukzio soziala ahalbideratzen duen lan ezkutua,... eta hauek mugara iristen ari dira. Muga horiek jada arazoak sortzen ari dira.
Emakumeek etxearen gestioan lan egiten duten orduen jabetze eta konfiskatze bat dago. Gero ordu horiek gizonezkoek merkatuetara dedikatzen dituzte. Ekonomia hau ikusezina den arloan egiten diren ekarpenen gainean sostengatzen da. Modu honetan funtzionatzeak krisi sakon batera eraman gaitu. arlo publikoan material eta energiaren krisia dago. Energia asko behar dugu mugikortasun handiarekin funtzionatzen dugulako, hiriek ez dute bizitzeko ezinbestekoa den ezer ekoizten (elikagaiak, ura, energia...) eta baliabide horiek hirietara ekarri behar dira bidean hondakin kopuru handi bat sortuz. Hau posible da energia fosil merkea izanez gero. Hori gabe eredu hau guztiz bideraezina da. Gizon-emakumeok, gustatu edo ez gustatu, energia askoz gutxiagorekin bizi beharko dugu, beraz, ekoizpen, banaketa, eta kontsumo eredua aldatzera behartuak gaude.
Krisi ekologikoak funtsezko klase dimentsioa dauka. Errenta eskuratzerakoan dagoen ezberdintasuna, baliabide naturalak eskuratzerakoan ere badago. Momentu honetan gure ekonomiak kanibala dira, beste pertsona eta lurraldeei esker sostengatzen dira. Horregatik ezinbestekoa da justizia modu globalean aldarrikatzea. Eredu ekonomiko honek hazkunde garaian suntsitzen badu, eta aldi berean, hazten ez denean ere suntsitzen badu, irtenbidea beste eredu ekonomiko batean egon behar da. Erantzun beharreko galderak ondorengoak dira: Zein behar bete behar dira? Zeintzuk dira sozialki beharrezkoak diren ekoizpenak? eta ekoiztu behar denaren eta ekoiztu daitekeenaren arabera, Zeintzuk dira sozialki beharrezkoak diren lanak? Badira sozialki beharrezkoak ez diren lanak, baira desiragarriak ez direnak ere, nahiz eta lan hauek egiten dituzten pertsonak, beharrezkoak diren noski. Trantsizio honek bermatua eta justua izan behar du, berme eta gizarte babes osoarekin. Baina egin beharrekoa da. Badira sektore batzuk fisikoki mantendu ezingo direnak eta funtzionatzen jarraitu ezingo dutenak. Teknologiak ez gaitu egoera honetatik aterako, egoera honetan lanaren eta baliabideen banaketa klabeak izango dira. Baita aberastasunaren banaketa ere, orain arte ikusi duguna pobreen arteko borroka izan baita. Trantsizio honetarako bidea elkarrizketa izan behar da. Ezinbestekoa izango da ekologismoa eta sindikalismoaren arteko eztabaida.