Sindikatuei nola doakien, hala joango zaio errepublikari
Unai Oñederra, Manu Robles Arangiz fundazioa. Emeki Kunama bloggean argitaratuta.
AEBetako Jane McAleveyren pare bat liburu iritsi zaizkit esku artera, eta gauza oso iradokitzaileak esaten ditu bertan. Aldeak alde, Euskal Herrirako ere baliagarriak direlakoan, “Unions, Organizing, and the Fight for Democracy” liburutik hitz hauek atera ditut, modu librean:
Ez ditugu robotak behar gure adinekoak zaintzeko. Behar duguna da aberatsek bere zergak ordaintzea. Behar duguna da sindikatua, korporazioen boterea orekatzeko.
Goikoak irabazten dutena partekatzera behartzeko ez dago greba serio bat baino modu boteretsuagorik. Sindikatuek, 1932an bezala, beste edozein bide edo erreminta baina eraginkorragoak izaten jarraitzen dute. Birbanaketa behartu behar diegu goikoei. Horrek botere ikaragarria eskatzen du. Langileek sortu duten aberastasuna nagusiek partekatzea lortzeko behar den boterea soilik lortzen da kolektiboki ekin eta masiboki beren lanpostuak uzten dituztenean.
Egungo egoerak erakusten digu ez dagoela sindikatuak eta super-gehiengoen grebak baina arma eraginkorragorik, ez dago ordezkorik. Jeff Bezos, munduko gizonik aberatsena, bere irabazien ehuneko esanguratsu bat bera multi-milioiduna egin duten langileei ematera behartzeko modu bakarra dago: eskatzen dena ematen duen arte langileek, guztiek, greba egitea. Hori da sindikatu demokratiko onek egiten dutena, eta horregatik dute 2020an 1932an zutenaren bezainbesteko garrantzia. Gogor irauten eta arrisku handiko ekintzak eginez handi irabaz daiteke.
Gainera greba handiak heziketa politiko handia dira. Handi irabazteko grebak dira heziketa politiko onena, mota guztietako jende desberdina batzen baitituzte (lagunak aukeratu egiten ditugu, lankideak ez). Langileek, sindikalizatzea erabakitzen dutenerako ulertu dute, sindikatuaren kanpaina on bati esker, beraien enplegatzailea kalte eragiten dieten politiken erantzulea den botere sistema zabalago baten parte dela. Ez da kasualitatea sindikatu indartsuenak dituzten hiri eta herrialdeak politika progresisten alde bozkatzea. Honegatik erasotzen dituzte eskuinekoek, behin eta berriz, sindikatuak. Ezkerrekoek baina hobeto ulertu zuten, nahi zutena egiteko (erregulazioak deuseztu, hauteskunde sistema kontrolatu, planeta inpunitate osoz txikitu), lehenik eta behin, korporazioen boterea orekatzeko herri honek inoiz izan duen indar garrantzitsuena eraitsi egin behar zutela: sindikatuak. Ongi sindikalizatutako langile bat, langile esnatu bat da, eta langile esnatuek herri honen norabidea alda dezakete.
Hauteskundeak irabaztetik harago, greba arrakastatsuak lortzeko super-gehiengoak eraikitzen ikasteak beste berebiziko onurak ditu: gobernatzeko boterea eraikitzea. Hauteskunde politikoak ezkerreko pertsona zintzo batek irabazten baditu, kalean dauden tropak aldaketa eragiteko mobilizatuta mantendu ezean, oso erraza izango zaie korporazio handiei guztia bere horretan mantentzea. Bozkatzaileek beren batasuna eta aktibismoa mantendu behar dute hauteskunde ostean ere.
Sindikatuek balio ikaragarria dute, ez soilik demokrazia galera eta diru sarrera desberdintasuna gelditzeko, baita amerikarrei, berriz ere, nola batu erakusteko. Pertsona arrunten boterea soilik eraiki daiteke pertsona arruntak beren alde altxatzen badira, beren baliabideekin eta buruan sartuta daukaten indibidualismoari buelta emango dioten kanpaina onekin.
Progresisten boterearen oinarria sindikatuak dira; komunitatean oinarritutako erakunde indartsu eta independenteen laguntzarekin, gizartearen helburu nagusien ardura hartzen duten sindikatuak.
Ez dago oinarri progresista behetik gora berreraikitzeko modu hoberik grebarako prest den sindikatu bat baino. Sindikatu onek norabide onean jartzen gaituzte, eta irabazteko ezinbesteko diren elkartasuna eta batasuna sortzen dute. Borrokatu dezakegu, eta irabaz dezakegu.