Bost urte
Ainize Butron (jatorriz Enbatan, euskal hilabetekari politikoan, argitaraturiko iritzi artikulua)
Mugimendu batean izaten dira etapa batzuk ibilbidea markatzen dutenak, atzera begirako bat emateko aukera ematen dutenak. Bost urteek markatzen dute, hain zuzen ere, etapa txiki bat, baina, aldi berean denbora gutxi da mugimendu baten historian. Aldak bere bidea hasi zuelarik urtebetetze honetarako hainbat helburu finkatu zituen, ustez eta pragmatismotik ekintzara jotzea eta urratsez urrats gizartea eta ohiturak eraldatzea xedea zuen horrelako mugimendu batek denbora beharko zuela zinez Ipar Euskal Herriko panoraman errotzeko.
Alta bost urteko ibilbidearen atzerako begirada egiterakoan, hasieran finkaturiko helburuak oso epe laburrean gainditu ditu mugimenduak. Abertzaletasuna berea eginik hasieratik, “bost urte ekinez, eta bost urte garaituz” ibili da, eta dabil oraindik ere, hasierako helburuak sekula ez ahantziz, hau da, auzo herrikoietako biztanleen eta alokatzaileen defentsan jardutea.
Etxebizitzaren eta bereziki alokatzaileen alde eramandako borrokak du Alda gehien bat ezagutarazi, baina, hortik at, beste ekimen asko ireki ditu, hau da, auzo herrikoietan kolektiboen sorrerak sustatu eta beraien egunerokoa hobetzeko borroka kolektiboak eramaten lagundu, kontsumo arloan iruzurra pairatzen duten herritarren defentsan aritu, HLMetako instantzietan egunerokoaren jarraipena egin, barne formakuntzak antolatu militanteak aditu bilakatzeko, etxebizitzen hezetasuna eta osasunaren arteko lotura landu eta horren inguruko aldarrikapenak sustatu, eta berrikiago Europa mailan ere lobby lana egiteko bide berriak zabaldu.
Lerroz lerro Aldak daraman lanari behako bat ematen bazaio, etxebizitza sindikatu edo, zehazkiago, alokatzaileen sindikatu baten lanarekin parekatzen ahalko genuke. Izan ere, urriaren 11n Baionan egin zen Europako alokatzaileen sindikatuen mahai inguruan, Alda eta mugimendu horien arteko parekotasun anitz badaudela agerian jarri zen. Horiek horrela, ikusi beharko da geroari begirako urratsetan ea Aldak etxebizitza sindikatu izendapena berea egiten duen ofizialki.
Anartean, mereziko luke sakonki aztertzea zerk eragin duen Aldak lortutako arrakasta. Eramandako lanak parte handi bat baldin badu, ezin zaio bakarrik horri lotu. Etxebizitzaren gaian eskua sartu eta hainbat garaipen lortu ditu Aldak, baina, etxebizitzaren gaiaren inguruko aldarrikapen guziak ez ditu Aldak asmatu. Lehenagotik eta oraindik ere beste hainbat mugimendu ari dira lan oso ona egiten arlo horretan. Alda, mugimendu abertzaleak urtetan eramandako borroken ondorioa da ere. Euskaratik hasiz, laborantza eta inguramena arte, eta tokiko moneta baten sorreratik pasatuz, arloz arlo eraman diren borroka guzti horiek inspirazio iturri hartu, eta gutxi aipatzen zen alokatzaileen eta auzo herrikoietako herritarren defentsara bideratu du. Azterketa sakonago bat mereziko luke gaiak, baina, herritarrek esperantzarako eta aldaketarako bideak badirela sinesteko beharraren emaitza da ziurrenik parte handi batez Aldak egindako ibilbidearen arrazoia, hau da Basoetako Robin (Robin des Bois) berri baten itxaropenarena.
