Xavier Minguez: «Greban, langileek identitate kolektibo bat sortzen dute»

2023/12/28
fem garelako.jpg
Xavier Minguez-ek (EHUko ikerlaria) greban dauden langileekin ikerketa kualitatibo batean parte hartu du: 15 talde fokal egin ditu, 15 topaketa greban dauden langileekin. Horien artean H&M,  Vulcanizados Zuloaga, Santa Ana de Bolueta, Tubacex, Gipuzkoa,  Bizkaia, Araba eta Nafarroa erresidentziak,  Gipuzkoako Osakidetzako langileak, Hondarribiko Lorategiak, Vicarli, Bizkaibus, Tolosako kiroldegia,  Gipuzkoak errepideetako mantentze lanak, Mercedes Aguinaga eta abar.

Artikulu hau, Berria egunkarian argitaratua izan da.

Grebaren ondorio psikologiko negatiboak aztertu dituzu. Greba zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta handiagoak ondorioak?

Ez du zertan. Ez da soilik luzera kontua. Greba luzatzen den heinean, aukera gehiago dago kalte psikologikoa pairatzeko. Baina ez da hori bakarrik. Garrantzitsua da ikustea nola sostengatzen den alde psikologikoa, kalterik ez izateko. Baina egia da greba luzatzen bada enpresaren higatze estrategiagatik luzatzen dela, ez langileek hala nahita. Orduan, estrategia horrek kalte egiten die langileei.

Greba luzatzen bada, ezjakintasuna eta etsipena sortzen dira. Aukera gehiago dago kalteak izateko. Baina langileek beti esaten dute greba ez dela haien gutizia, ez dutela egiten nahi dutelako, beste aukerarik ez dutelako baizik. Grebaren luzerarekin zerikusia du kalte psikologikoak? Bai, baina batez ere enpresen jokaeragatik dator kaltea. Eta horrela esaten dute haiek. Enpresaren estrategiak eta polarizazio giroak sortzen dute kalte psikologikoa.

Kasua kudeatzeko moduak eragina du?

Bai, noski. Luzerak garrantzia du, baina ez da bakarrik hori. Ikusi dugu oso luzeak ez diren greba batzuetan, zazpi edo bederatzi egunekoetan, jendeak izugarrizko estresa eta antsietatea duela azkenerako.

Beste aldagai batzuek gehiago eragingo dute agian.

Grebaren ondorio psikologiko negatibo potentziala murrizten duen horrek berak bultzatzen du ondorio psikologiko positiboa. Jendeak parte hartze aktiboa baldin badu greban, estrategiaren diseinuan, eskakizunen zerrendan, erabakien erdigunean... parte hartze aktibo horrek lotura zuzena sortzen du gainontzekoekin. Normalean, lan harremana izaten dugu lankideekin, baina harreman horiek oso pertsonalak bihurtzen dira greban, sufrimenduan bat egiten dugulako, eta grebari eta gatazkari buruzko irudikapena elkarrekin sortzen delako. Laguntza ematen diogu elkarri, eta familia moduko bat sortzen dugu.

Bestalde, harreman politikoa sortzen da, gatazkari buruz hitz egiten dugulako. Polarizazio dinamika horretan, langileak polo batean kokatzen dira, eta beste aldean kokatzen dituzte enpresa, administrazio publikoa eta alderdi politikoak.

Zer dela-eta azken bi horiek?

Langileek identitate kolektibo bat sortzen dute, eta alde batean kokatzen dute beren burua. Beste aldean, haien aurka egiten duena kokatzen dute. Eta nork egiten du langileen aurka? Enpresak bakarrik? Grebalariek kontatutakoan, ikusi dugu enpresaren alde kokatzen direla administrazio publikoak eta sistemaren alderdi politikoak. Hedabide hegemonikoak eta eskirolak ere alde horretan jartzen dituzte.

Gizarte psikologiaren teorian, esaten da eskirolek langileen elkartasuna hausten dutela, ideia baita baturik jardun behar dela helburu edo interes komunak lortzeko. Beraz, zuk elkartasun hori hausten baduzu, zuzenean beste aldean kokatzen zaituzte. Eskirolak oso gaizki ikusten dituzte enpresaren interesen alde jartzen direlako, ez dutelako langileen borroka babesten. Horregatik, dinamika horretan arrakalak sortzen dira langileen artean, eta hori oso mingarria da psikologikoki.

Zeintzuk dira nagusiki ondorio negatibo horiek?

Guk egin dugun ikerketa ez da psikologia klinikoaren alorrekoa, baina ikusi dugu estresaren eta antsietatearen sintomatologia dagoela. Batzuek diote lo egiteko arazoak dituztela. Beste batzuek nahasmendu kognitiboak dituzte, delegatuek batez ere, lidergoa dutenek. Horiek denbora guztian buruan dute greba, eta ez dute atseden psikologikorik. Horrek izugarrizko higadura dakarkie.

Azkenik, alderdi emozionala dago, niretzat garrantzitsuena dena. Greba gatazka bat da, eta gatazkek beti handitzen dute esperientzia emozionala. Intentsitate emozionala oso handia da, eta emozio positiboak eta negatiboak daude. Egun batean, mobilizazio batean, emozio positibo asko izan ditzakezu —harrotasuna, ilusioa, identifikazioa...—, eta, hurrengo egunean, itxaropena sentitu dezakezu negoziazio bilera bat egin aurretik. Bilera gaizki amaitzen bada, emozio positibo horiek desagertu, eta negatiboak agertuko dira: amorrua, gorrotoa, beldurra, etsipena...

Emozioen gorabehera bat dirudi.

Hala da. Ez gaude hezita emozioak kudeatzeko. Gainera, ez dira banakako emozioak, kolektiboak dira, eta oso zaila da hori sostengatzea. Guk ezin dugu klinikoki aztertu, baina sintomatologia ikusten dugu.

Uste duzu sostengu psikologiko handiagoa falta dela sindikatuetan?

Ez dago horren kulturarik, hori da arazoa. Gure ikerketan, ELAko grebalariak aztertu ditugu, eta langileek diote babes pertsonala, emozionala eta psikologikoa jasotzen dutela sindikatutik. Baina hori sindikatuko langileen nortasunagatik da. Haiek diote langileen gainean ibiltzen direla laguntzeko eta sostengatzeko, baina ez dutela tresna psikologikorik; hau da, beren izaeragatik aritzen direla horrela.

Sektore feminizatuen eta maskulinizatuen artean ikusi al duzu ezberdintasunik?

Elkarrizketa luzeak egin ditugu grebalari guztiekin, eta, esperientziaren eta emozioen kutxa irekitzen duzunean, negar egin genuen, bai langileek eta bai guk. Elkarrizketa guztietan egin dugu barre eta negar, izan Tubacexeko langileekin, izan zahar etxeetakoekin.

Greban izaten diren emozioak atera egiten dira berriro elkarrizketan. Grebako une politak gogoratzen zituztenean, alaitu eta motibatu egiten ziren, baina gauza txarrak gogoratzean, enpresaren zirikatzea adibidez, amorratu egiten ziren.

Testigantza guztietan, langileek sufrimendu handia izan dute, eta hala erakutsi digute. Baina egia da ñabardurak daudela sektore feminizatuetan, prekaritatea handiagoa baita gehienbat. Tubacexen lanpostuak zeuden jokoan; arazoa ez ziren soldatak. Baina zahar etxeetan soldata ziztrinak dituzte, kontziliazio arazoak, greban %100eko gutxieneko zerbitzuak, eta bestelako arazo batzuk.

Informazio gehiago:

(soilik gazteleraz) Grebaren alderdi psikosozialak, ikuspegi kritiko batetik

Aurkezpen hau 2023ko urriaren 2an egin zuen lan harremanen fakultatean ELA sindikatuaren Manu Robles-Arangiz fundazioak antolatutako "Lan mundua eta sindikalismoa ikertzen" jardunaldian.