Finantzazioak definitzen du eredua

2014/02/13
Andamios.jpg
Esadazu nola finantzatzen zaren eta esango dizut zeinena zaren. Gure kasuan erraza da: ELA bere 101.000tik gorako bere kideena da.

Amaia_MuñoaAmaia Muñoa ELAko Idazkari nagusiaren albokoa. (Artikulu hau Landeian 194 zb argitaratu da)

ELAren finantzazioaz ez da azalpen luze eta konplexurik behar, izatez aurrekontu bakarra dugulako bere diru sarrera eta gastuekin. Aurrekontu bakarra, urtero ELAren Nazio Kontseiluak onartua (196 pertsona federazio eta eskualde guztietakoak), zeinetan diru sarrera guztien %91a kideen kuotak baitira. Eta bazterrean ezer ez uztearren, esan behar dut ELAk fundazio bat duela, Manu Robles-Arangiz Institutua, trebakuntza sindikala eta Iparralden egiten den lana antolatzeko zereginarekin. Eta hor amaitzen da ELAren egitura.

"ELAn diru sarrera guztien %91a kideen kuotak dira"

ELAk funts publikoak jasotzen dituen galdetzen dutenei erantzuna baiezkoa da, eta sarrera guztien %6a osatzen dute. Nagusiki, ordezkaritzagatik jasotako diru laguntzak dira (Estatu eta Erkidegoetatik), hau da, ELA dituen ordezkari kopuruagatik, eta kopuru txikiagoan mahai orokorretako negoziazioengatik eta hauteskunde sindikalak egiteagatik. Zentimo bakar bat ez ekintza sindikaletik at dauden aktibitateengatik. Heziketa Iraunkorraren gisako kontuez ari naiz, ELArentzat berebiziko garrantzia duen aktibitatea; garrantzia handiegia, trebakuntza planak onartzen dituzten erakundeen (Confebask, CCOO eta UGT) finantzazio iturri bihur dadin, Hobetuzekin gertatu bezala, bigarren mailan utzita trebakuntza beharrei kalitatez erantzuteko lehentasuna trebakuntza zentro homologatuak erabiliz.

"CCOO eta UGT-k, alderdi politiko eta patronal gehienak bezala, onartzen dute kideen kuotaz jasotzen dutena diru sarreren gutxiengoa dela. Honi gehitzen badiogu bankuen bidez jasotzen dituzten maileguak, argi dagoena da, zeinenak ez diren erakunde hauek"

Honek ez du zerikusirik beste erakunde batzuekin, eta zehazkiago beste zenbait erakunde sindikalekin, egitura konplexua bat osatzen baitute beren erakunde, fundazioa, enpresa eta zenbait administrazio kontseiluetako parte hartzeekin. Horrek, instituzio askorekin dituzten lankidetza itunak gehituta, azaltzen ditu dituzten finantzazio iturri desberdinak eta sindikatu hauen jarduna.

Hau, argitasunez azaltzeko zaila den errealitate konplexua izateaz gain, ekintza sindikaletik urrun dagoen bizitza baten erakusle da; lan zentroetan dauden langileetatik urrunduta.

Eta hau sorgin gurpila bat da: ekintza lan zentroetatik kanpo oinarritzen bada, langileen atxikimendua galtzen da, eta, hala, handitu egiten da sindikatuak behar duen zilegitasuna beste esparru batzuetan bilatzeko beharra (enpresa edo instituzio esparruetan), proiektuaren finantzaketa bera barne.

Kontua argi. CCOO eta UGT-k, alderdi politiko eta patronal gehienak bezala, onartzen dute kideen kuotaz jasotzen dutena diru sarreren gutxiengoa dela (ezdeusa esan genezake, zenbait kasutan). Honi gehitzen badiogu bankuen bidez jasotzen dituzten maileguak, argi dagoena da, zeinenak ez diren erakunde hauek, eta horrela azaltzen dira sinatzen ari diren akordio atzerakoi guztiak, izan negoziazio kolektibokoak, pentsioenak edo enplegukoak.

"ELAn kuotaren %25a erresistentzia kutxara bideratzen du, grebak sostengatzeko"

Txanponaren ifrentzua honoko baieztapen hau izan daiteke: “Esan zertan gastatzen duzun eta esango dizut zein zaren!. Zer egiten du ELAK bere diru sarrerekin? Helburutzat duen gizarte eraldaketa lortzeko, ekintza sindikal eta sozialean erabiltzen ditu, langile klase osoaren lan-eta bizi-baldintza hobetzeko. Zehazkiago, kuotaren %25a erresistentzia kutxara bideratzen du, grebak sostengatzeko, eta gainerakoa enpresa eta sektoretan egiten den lan sindikalaren antolakuntzara (zerbitzu juridikoak, ekintza sindikala eta trebakuntza ideologikoa, nagusiki) eta baita gizarte aktibaziorako gure gizarte ereduaren oinarrizko gauzetan (zerga politikak, zerbitzu publikoak, gizarte prestazioak, ingurumena...).

Afiliazioaren garrantzia. %91ko datura itzuliz, esan behar da ezer ez zela berdina izango, ELAren indarraren funtsa gure erabaki propioekin eraikitzen den gure proiektu propioa baita, afiliazio handian oinarritua.

Euskal Herriko langile klaseak halako erakunde bat behar duela sinisten dugunok, datu honen atzean dagoena transmititzen jakin behar dugu, eta, batzuk ELAren interesei buruz esaten dituzten tontakerien aurrean (kuotetaz bizi ez direnak ez dakite zer asmatu jada), berriki Alemaniako sindikatu bateko buruzagiak esan duena errepika dezakegu: “ez dago ezer politikoagorik afiliazioaren gaia baino; agenda 2010eko garaian Alemaniako mugimendu sindikalak urtean hamarna milaka afiliatu berri erakarri izan balitu, Schröder-ek ez luke abian jarriko”.