La verdad de la tribu (Ricardo Dudda, 2019)

2020/05/25
Duddak gaur egun politikoki zuzena izateko dagoen joera aztertu du, eta bere ustez, bi aurpegitako txanpona da zuzentasun politikoarena: jarrera bat izateaz gain, iritzi publikoa kontrolatzeko forma bat ere bada. Autore desberdinen erreferentziak emanez, eta azken aldaketa politikoak aztertuz, gai honekiko ezkerraren kokatzeko ezintasuna aditzera ematen du Duddak, Trumpek edo Brexitak bestelako diskurtso bat erabiltzen asmatu baitute bere ustez.

Hemen duzu liburuaren inguruan eginiko tertuliaren bideoa:

 

Hementxe autoreari egindako elkarrizketa liburura gehixeago hurbiltzeko: https://labur.eus/PRqcu

 

Zer pentsatzen duzue politikoki zuzen izateaz kafekistandarrok? Ez duzue politikoki zuzen izen behar gurekin. Astindu mingain horiek!

la verdad de la tribu.jpg
Xabi Irastorza dio:
2020/05/28 08:21

Liburutik gehien gustatu zaidana edo egin didan ekarpenik onena hau da: Sarritan ezkerrak zapalkuntzak identifikatu eta aurre egiteko tresnak sortzen ditugu, baina gehiengoarengana modu egokian iristea kostatzen zaigu. Horrek uzten duen hutsunea eskuinak bere egiten du karikaturizatzeko, askoren beldur edo posizio hegemonikoekin konektatzeko eta gure aurka bihurtzeko.

Eraldaketa nahi dugunon hausnarketa, proposamen eta ekintzak gehiengoarengana iristen ez diren heinean, errealitate zehatza aldatzen laguntzen ez duten heinean, hankamotz geratzeaz gain, gure aurka ere bihur daitezke.

Unai dio:
2020/05/28 09:38

Bai, hor momentu batean esaten du "ezker identitarioei" Bernabék eta konpainiak egiten dieten kritika lehengo garaiko kontakizun handien nostalgian erortzen dela. Orain langile klasea eta hauteslegoa anitzagoa dela eta zatikatuagoa dagoela, eta 124. orrialdean dio, Pablo Simón aipatuz, alderdi politiko eta sindikatuentzat orain dela mende erdi baino zailagoa dela pertsona gero eta heterogeneoen arteko interesen koalizioa egitea. Zailagoa da bai, baina hori da erronka, bestela jai baitugu.
Bestalde, esango nuke lehen hamaika kapitulutan politikoki zuzenaren inguruko informazio biltzen duela handik eta hemendik, ezkerraren gabeziak, hizkuntza politikoki zuzenaren arriskuak, eskuinaren erabilera, adierazpen askatasuna... (12. kapituluak harritu nau, ez baitiot gaiarekin zerikusirik topatu), baina 13. kapituluan ematen duela bere iritzia: politikoki zuzena berdintasunaren, tolerantziaren eta gainerako balore positiboen sinonimoa da, baina maximalismotan eror daiteke; ez du sistema aldatu nahi pertsonak baizik; jendeari etengabe enpatia eta humanismo gehiago eskatzea inozoa izateaz gain, aspergarria da, iradokitzen baitu gauzak gaizki daudela, ez sistema gaizki dagoelako, gobernuan daudenak ez direlako pertsona onak baizik... Eta amaitzen du: agian Zuzentasun Politikoa birformulatu beharko litzateke gutxieneko elkarbizitzarako akordio gisa jendarte plural eta anitz batean.

Kandi dio:
2020/05/28 14:00

Gehinguana ez garela iristen aipatzen dozu Xabi (ta ados nau). Ez dot ulertzen baina gehiengua eta "politikoki zuzena" nola lotzen dauzen autoriak. Politikoki ez-zuzenan adibide ebidente eta karikaturizauena Trump da, eta Trump ez da gehiengoa. Esan gura eta esan ezin bat dauko gehiengoak eta ezkerrak?? Nik duda eitxen dot. Horregatik duda eitxen dot baitte "Zuzentasun Politiko birformulatu behar" litzaken kontu horrekin Unai.

Xabi Irastorza dio:
2020/05/28 16:27

Kandi, nik azpimarratu nahi nuena zera da. Ezkerrak %90ren, edo AEBetan esaten duten moduan %99aren, aldeko hautua egin dugu. Zapalkuntza multipleak identifikatzen saiatzen gara, baita aurre egiten eta borrokatzen ere. Hizkuntza politikoki zuzenak diskriminazio eta zapalkuntza multiple horietako errealitateak azaleratu, berdintasun eta errespetuz tratatu eta aldaketarako tresna izan nahi duela iruditzen zait. Askotan ordea, ez gara gai behar bezala "politikoki zuzenaren" atzean ezkutatzen diren zapalkuntza horiek ikus arazteko, jabe arazteko, enpatia sortzeko eta zapaltzeari utzi edota aldaketa jorratzeko. Eta hori gure buruekiko eta gure inguru xumean egiten ez dugun heinean, "politikoki zuzenaren" atzean zer dagoen ikus arazten ez dugun heinean eta horrek guztion zapalkuntzarekin duen lotura, geure burua eta ingurukoak eskuinak edo pentsamendu hegemonikoak politikoki zuzenaren inguruan egiten duenaren karikaturan erortzeko arriskua dugu.

Unai dio:
2020/05/29 08:53

Egun on Kandi: nik ere duda egiten dut autoreak dioen birformulazio horrekin, besteak beste oso azalean gelditzen dela iruditzen zaidalako. Gutxieneko elkarbizitza hori tolerantziaren ideiarekin lotzen dut, eta ez zait iruditzen hori eraldatzailea denik. Nire ustez hizkuntza politikoki zuzenak egin behar duena da ematen diren zapalkuntza desberdinak azalarazi, hau da, hitz egiten dugunean konturatzea "kontxo esaten dudan hau ez da neutroa, ondoko hau edo hau baztertzen du, edo ez du azalaratzen ondoko hau zapaldua dagoela". Nik horri ematen diot balioa, aldaketa eragin dezakeen "esnatze" horri.

Maialen dio:
2020/06/01 09:29

Xabi, hizkuntza politikoki zuzenak diskriminazio eta zapalkuntza multiple horietako errealitateak azaleratzeko balio behar duela diozu, eta Unai, gustatu zait nola azaldu duzun zure "kontxo!" horrekin. Liburuak Kenan Malik-en hitzak ekartzen ditu eta esan "la izquierda cultural da la sensación de que pone menos interés en cambiar las cosas que en renombrarlas". Eta autoreak LGTB mugimenduaren adibidea jartzen du, geroz eta luzeago (LGTBQI+) bihurtzen ari baita. Batzuetan iruditzen zait, ahalik zehatzen izendatzeari utzi gabe, hizkuntzaren borroka harago doala, eta "merkatu librea" bezalako kontzeptuei eman behar diegula buelta sujetu konkretuen zapalkuntzei heldu baino.

Xabi Irastorza dio:
2020/06/01 11:47

Ados Maialen!

Zuk aipatu eta gomendatutako liburuak ("Leia, Rihanna & Trump: De cómo el feminismo ha transformado la cultura pop y de cómo el machismo reacciona con terror, 2019, Descontrol) eta "El victimismo fascista" artikuluak (https://ctxt.es/es/20200501/Politica/32345/victimismo-fascismo-machismo-estrategia-hombre-ultraderecha-proyecto-una-cultura-pop.htm), aipatzen ari garenean sakontzen laguntzen dutela iruditzen zait.

Mila esker!

Unai dio:
2020/06/04 11:57

"Zuk egin dezakezu txiste bat, beltza (edo emakume) izanik beltzei (edo emakumeei) buruzkoa, beltzei (edo emakumeei) biolentoa iruditu ez zaiena, zuri (edo gizon) batek egiten duen arte. Eta hori da ezker-eskuineko moralista liberalek, eta beste hainbat dogmatikok, gorroto dutena: gauza berberak esanahi desberdinak izatea testuinguruaren arabera." Gaur Jule Goikoetxeak Berrian esan duen honek gogorarazi dit "La verdad de la tribu" liburuaren tertulian Anzak aipatu zuen "maricón" hitzaren erabilera: bere inguruan homosexualek soilik erabiltzen zutela.

Erantzuna gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Erantzunak moderatuta daude.