(Argitalpena) Azterketak 56: Pobreziatik pauso batera
Ondorioz, EAEn 259.000 pertsona daude gizarte bazterketan eta biztanleriaren %3,8 (84.000 pertsona) bazterketa larrian. Nafarroan 88.000 pertsona daude bazterketan, eta bazterketa larrian %7,9. Guztia, hazkunde ekonomikoa gertatzen den unean. Aberastasun gero eta desorekatuago banatzen baita. Horregatik, Hego Euskal Herrian, lan errentek BPGaren 2,5 puntu galdu dituzte; horrek erakusten du sortzen den aberastasuna enpresa handien eta kapitalaren esku geratzen ari dela.

Egoera larriena pertsona migratu, gazte eta emakumeek sufritzen dute. Datu bat: EAEn, migratzaileen arteko bazterketa %40,7koa da, bertokoena baino bost aldiz handiagoa.
Bazterketa horren faktore garrantzitsuenetako bat da etxebizitza, soldata prekarioenekin nekez erantzun daitekeelako egungo etxebizitza krisiari. EAEn, bazterketan dauden pertsonen %50,8 laneko diru sarrerak dituzten etxeetan bizi dira; Nafarroan, %44,2. Eta laguntzentan (DSBE edo Errenta Bermatua) egindako murrizketekin ezin da egoerari erantzun.

Horren aurrean, gizarte berdintsuago eta kohesionatuago baterantz aurrera egiteko ELAren proposamenak biltzen ditu dokumentuak: politika fiskala, zerbitzu publikoen indartzea, prestazio sozialen eta pentsioen hobekuntza, etxebizitza politika eta gutxieneko soldata hemen ezartzea, besteak beste.
Txostena paperean eskuratu nahi baduzu, idatzi fundazioa@ela.eus helbidera.
