Widia Lariviere: "Kanada eta Quebeceko autoktonoon errealitateaz jakineza da nagusi"
Jenofa Berhokoirigoin, Argia 2016/11/27
Quebec mailako Idle No More mugimenduaren sortzaileetan zara.
2012 urteko udazkenean sortu zuten mugimendua lau emakumek, hiru autoktonok eta kanadar batek. Arbasoengandik ditugun eskubideak urratzea eta gure lurraldeak kaltetzea zekartzaten lege proiektu batzuk oztopatzeko antolatu ginen. Mugimendua laster hedatu zen Kanada guztira. Zapalkuntza eta kolonizazio historia luze batek eragin kexu gorriaren gorpuztea da Idle No More
Emakumeak dira lehen lerroan. Kolonialismoa patriarkatuarekin eskuz esku doalako marka dea?
Patriarkatuarekin errimaturik da kolonizazioa. Emakumeok ez gara behar den heinean ordezkatuak instantzia politikoetan, ez egitura federaletan ezta autoktonoenetan ere, kolonizazioa aitzin zeukaten boterea galdurik dutelako.
Egia da emakumeok ginela mugimenduaren buruan; izan ekintza antolatzaile ala bozeramaile, beti emakumeok ginen lehen lerroan. Naturalki egin zen. Arrazoia argia da: kolonizazioak betidanik emakumeak hunki ditu gehiago; autoktono izateaz gain emakume izateagatik erronka gehiago ditugu gainditzeko. Patriarkatuarekin errimaturik da kolonizazioa. Emakumeok ez gara behar den heinean ordezkatuak instantzia politikoetan, ez egitura federaletan ezta autoktonoenetan ere, kolonizazioa aitzin zeukaten boterea galdurik dutelako. Horregatik gara egitura politiko kolonialetarik kanpo aktibo, galdutako boterea berreskuratu nahi dugulako.
Kolonizazio horren kontzientzia zein heinetakoa da autoktono ez direnen artean?
Quebectarren partetik ez ezagutze anitzi aurre egin behar izan dut, gure kultura eta errealitateen jakineza da nagusi. Gurea ez da eskolan irakatsia, historia kurtsoetan izugarri gutxi aipatzen da. Aurreiritzi arrazistak eta diskriminazioak ondorioztatzen ditu ezjakintasun horrek. Baina uste dut, hala ere, egoera hobetuz doala, besteak beste Idle No More mugimenduak kontzientzia hartzea ondorioztatu zuelako. Autoktonoon aferei buruzko irekidura handiagoa nabari da, errealitatea hobeto ezagutzeko nahikeria bada. Hasiera eman zitzaion egoera berri bati. Autoktono eta ez-autoktonoen artean dauden paretak hautsi nahi baldin baditugu, horren alde azkarki lan egiten segitu behar dugu.
Autoktono izatearen harrotasuna berpizteko tresna ere izan zen Idle No More.
Kolonizazioagatik eta arrazakeriagatik laidoztaturiko nortasunari bestela begiratzen hasi dira anitz. Bai, benetan harrotasun sentimendua berpizteko balio ukan zuen eta hori sekulakoa da. Harrotasuna eta norbere komunitatearen alde inplikatzeko desioa eragin zuen gazte anitzen baitan. Adibidez, horren isla izan zen Cris populuko gazte batzuek Quebec iparretik Ottawa arte egin Nishiyuu martxa. Noski, aldarrikapenak entzunarazteko egin zuten martxa, baina lanketa pertsonal identitario bat egiteko ere balio ukan zuen.
Gazteak autoktono izateaz harro direla erran zenezake?
Mailaz mailako aldaketa gertatzen ari da. Urte luzeetan ezertarako balio ez dugula eta desagertu behar dugula entzun izana ez da eraginik gabekoa izan. Krisi identitarioan gara. Hori dela-eta, nortasunari buruzko galdeketa betean dira asko. Baina uste dut baikorki eta harrotasunez berreskuratu nahi dutela anitzek autoktono nortasuna. Identitate hori berriz definitzen ari gara. Garai bateko erregimenak ondorioztatu eraginak pairatu arren, gerorantz begira gaude. Modernitatean bizi gara, gure kultura eta hizkuntzak bestelakotzen gabiltza, beti sustraiak zainduz. Zinezko konfiantza badut gazterian, geroa gure eskuetan hartzeko gaitasuna dugulako.
Garai batean bezain begi-bistakoa ez izan arren, genozidio kulturala oraindik hor da.
Ez ditugu gure gurasoek eta aitona-amonek pairatu trauma bortitzak bizi izan, baina ondorioak jasaten ari gara. Barnetegien bidez egin genozidio kulturalaren eraginak pertsonalki bizi ditugu. Hizkuntza eta kulturaren transmisioa kolokan dago eta babesteko zein berpizteko behar gorria hor dugu.
Zein da zure iduriko urgentziazko desafioa ?
Autoktonoon autodeterminazio eskubidearen urraketa dugu arazoaren muinean ... Autodeterminazio eskubide hori errespetatua ez deino, desberdintasun politikoak izanen dira.
Galdera ona da eta anitz daudela erran nezake. Autoktonoon autodeterminazio eskubidearen urraketa dugu arazoaren muinean, betidanik gobernuekiko harreman kolonialista, desorekatu eta paternalistan garelako. Autodeterminazio eskubide hori errespetatua ez deino, desberdintasun politikoak izanen dira. Arlo sozialari begiratuz gero, sendatze kolektiboan murgilduta gara. Bizi izandako historia beltz horretatik sendatzeko denbora hartu behar dugu. Historia horri begiratu behar diogu zer garen ulertu nahi badugu, orainari eta geroari bizkar eman gabe. Quebectarrei eta kanadarrei ere ezagutarazi behar diegu gure historia, arrazismoak ezezagutzan dituelako sustraiak.