Amatasunaren ideologia eta kontziliazioa
Jule Goikoetxea, naiz.info 2013/10/27
Feministek aspaldi erakutsi dute amatasunaren ideologiek emakumeak etxean eta eremu pribatuan mantentzeko giltzatu zirela, lanaren zatiketa funtzionalaren aitzakiapean. Amatasunaren ideologiarik gabe ezin baita egon lanaren zatiketa sexualik. Patriarkatuaren ezinbesteko baldintza da lanaren zatiketa sexuala eta amatasunaren ideologia da maskulinitatearen eraketa ahalbidetu duena, eta, beraz desberdintasun sexualaren betiereko birsorketa.
Amatasunaren ideologiak historikoki, eta, gaur egun, lan-indarra sortzen duenaren kontrola ahalbidetzen du, eta, oraingoz, emakumezkoek bakarrik sortzen dugu lan indarra. Emakumezkoek amatasuna (ez umeak edukitzeari) alde batera utziko balute oso zaila izango litzateke emakumezkoon diskriminazioa eta esplotazio pribatu eta publikoa. Hori izan da hain zuzen ere olatu eta korronte feministen eginkizun nagusienetakoa: amatasunaren dekonstrukzioa, amatasunaren ideologiaren aurkako borroka sutsua, teorikoa eta militantziazkoa; amatasunaren ideologiak emakumeen espazio publikorako sorrera erabat baldintzatu eta mugatzen duelako.
Gure ekonomia eta justizia sistemetatik hasi eta finantza, osasun, hezkuntza… sistemetatik pasata, denek dute amatasunaren ideologia zutabe, sistemikoki emakumezkoak diskriminatu eta esplotatzen dituzten sistema horiek, amatasunean oinarritzen dira funtzionatu ahal izateko. Bidegabeak (esplotazio eta diskriminazioan oinarrituak) diren sistema guzti horiek egiturazko bide-gabetasunak eragiten dituzte eta egiturazko desberdintasun horiek aldatzen ez diren bitartean kontziliazioa amatasunaren ideologia indartzen duen tresna patriarkala izango da, nahiz eta intentziorik onenarekin ezarri kontziliazio neurriak, eta nahiz eta amatasunaren ideologia kontserbadore horren aurka egiteko ezarri hain justu.
Amatasun-aitatasun baja eskatzen dutenen %95-7 emakumeak dira, hau da, gizonezkoen %5-3 eskatzen du aitatasun baja. Horrek argi eta garbi esaten digu kontziliazioa emakumezkoek egiten dutela, hau da, lan bikoitza beraiek egiten dutela hein handi batean. Eta horrek, aipatu egiturazko esplotazio eta diskriminazioa dagoenean, esan nahi du emakumeak etxera bueltatzen ari direla, eta ez, edo ez soilik, lan ‘publiko-ordaindura’. Egia baldin bada jardunaldi osoko irakasle bat amatasun baja hartu eta gero lanera bueltatzen dela, ez da horren sistematikoa jardunaldi osoa ez dutenentzako, zer esanik ez 500 euro baino gutxiago kobratzen duten emakumeen kasuan edo 300 euroko bi edo hiru lanaldi dituztenen kasuan (geroz eta gehiago). Horiei ez die pena merezi jardunaldi erdiko (edo partzialeko…) lan postura itzultzea umeak izaten badituzte, 300 euro ordaindu beharko baitizkiote bere umea zainduko duen beste emakume bati (eta azken emakume honi berdina gertatuko zaio berak umeak edukitzerakoan). Orduan? Lanpostu kaskarrak dituzten emakumeak etxean gelditzen direla ume zaintzan. Eta tradizionalki emakumezkoek dituzte lanpostu kaskarrenak.
Hau ez da kontziliazioaren berezko arazo bat, edo kontziliazioak dakarrena, sistema patriarkal batean bizitzearen ondorioa da, non emakumeek alde batetik askoz ere gutxiago kobratzen duten gizonezkoek egindako lan berdinagatik, eta, bestetik, egiten dituzten lanak, emakumezkoengandik eginak direlako, prekarizatuak daude, ez dirurik, ez prestigiorik. Eta, jakina, amatasunaren oinarri misoginoa ez da aitatasunaren ideologiarekin deuseztatzen, ongi legoke gizonezkoek eskatuko balituzte aitatasun bajak, edo haiek utziko balute lana umeak zaintzeko eta hezitzeko, baina lan merkatua eta prestigioaren merkatua dagoen moduan egonda, askotan horrek ere ez du zentzurik.
Kontziliazioak etxera, ume zaintzara, eremu pribatura dakar emakumea berriz bueltan. Bi dimentsio ditu orduan arazoak, gutxienez, bata praktikoa, hots, dirua eta prestigioa gizonezkoek dutela. Bestea, teorikoa, feminitatea amatasunaren bidez eraiki da, eta feminitatea maskulinitate hegemonikoa eraikitzeko erabiltzen da.
Amatasuna feminitatearen zutabe nagusia izan da beti. Horrek bihurtu du amatasuna emakumearen helburu nagusienetakoa. Bere misiorik garrantzitsuena, guztiz asebeteko duena, umeak eduki eta zaintzea izango dela ezartzen duen ideologia da. Ez baitago emakumea gehien asebeteko duena bere umeen ongizatea baino, beste guztiaren, eta, noski, bere bizitzaren gainetik. Eta horrela izan behar du, horrela ez balitz, Estatuak eta gizonezkoek zaindu eta hezi beharko lituzkete umeak hasieratik bukaeraraino, hau da, edadetuak daudenean ere eta hil arte.
Baina emakumezkoak bakarrik asebetetzen ditu zaintzak, emakumeek soilik dutelako ipurdiak garbitzeko afizio natural eta instintibo hori. Horregatik egiten dute musu truk, maitasunarengatik egiten duelako, eta emakume batentzat, hau da, ama batentzat, bere umeen maitasuna da garrantzitsuena. Hortaz, hitzak dioen bezala, musu baten truke egiten dute, egin behar dute, lan hori.
Amatasuna emakumeak umeak zaindu eta maitatzeko duten instintu naturala dela dioen ideologia da. Amatasuna ez Estatuek ez gizonezkoek egin nahi ez duten lana musu baten truke (maitasunaren truke) egiteko izan zen asmatua.
Maitasuna, naturala eta instintua kontzeptuak lotzen dituen iragarki, film, kronika, informazio, testuliburu, datu, mito, pertsona eta historia orok batzuen besteekiko menpekotasuna du helburu.
Hala izan da beti, eta hala izango da aurrerantzean ere.