Gipuzkoako Metala: egia gure benetako indarra

2012/04/20
metal gipuzkoa-eus-1.jpg
Iván Giménez eta Unai Oñederra. Negoziazio Kolektiboetan izandako esperientzia desberdinak jasoko dituen artikulu bilduma baten lehen alea da hau. Bertan 2010ean Gipuzkoako Metalean garaipena lortzeko egin zen borrokaren kontakizuna egiten da.

Artikulua pdf-n

Artikulua pdf-n

2010eko uda pasa da eta udazkena dator. Gerra danborrak Gipuzkoan. Uda aurretik lau greba egin ziren metalean, eta ekaina greba orokor batekin amaitu zen. Udazkenerako beste zazpi greba egun daude deituak. Jendearekin hitz egin behar da, gauzak azaldu, zeren aurrean ari garen defendatzen argitu. Jendeak jakin nahi du, eta guk esplikatu.

Unai Martinez, ELA Metaleko idazkari nagusia, enpresa bateko asanbladara doa, langileei aurrez aurre hitz egitera. Sorpresa. “Zuk ezin duzu sartu”. Giza baliabideetako arduraduna da. Kanpokoek galarazita dute sartzea. Bertako langileak baino ez. Unaik kargu publikoa dela dio, eta hortaz, sartzeko eskubidea duela, legez. Muturtuta joan da pertsonalekoa hori egiaztatzera. Burumakur dator bueltan. Unaik arrazoi. Asanbladara langileekin hitz egitera, egoera azaltzera, inpresio eta sentimenduak elkarbanatzera. Orduan etorri da bigarren sorpresa: “Nik ere parte har al dezaket asanbladan?” galdetu du giza baliabideetakoak. “Nola ez” Unairen erantzuna.

Danbor hotsak ez datoz kapritxoz. Egoera latza da. Pertsonekin eta planetarekin jokatu duten marrazoek, burbuilaz burbuila, kaosa sortu dute finantza munduan, ekonomian ondorio larriak ekarriz. Banka salbatzeko gizartea sakrifikatzea erabaki dute, langabe eta pobre kopuruak biderkatuz. Jendea gaizki dago, beldurrez, zer etorriko den jakin gabe, aurreikuspen itxurosorik topatu ezinik. Egoera honetan bi jarrera har daitezke. Bat: jendearen ahultasun eta beldurraz profitatu etekinak lortzeko. Edo bi: minak eta beldurrak elkarbanatu, datorrenari elkarrekin erantzun, etorkizuna guztion artean eta guztiontzako eraikiz.

Hitzez guztiok bigarren aukera hartuko genuke, dudarik gabe. Baina, balio duena ez da esaten dena, egiten dena baizik. Eta zer da Adegik egiten duena pairatzen dugun krisi garai honetan? Jendearen beldurra eta egoera larriaz aprobetxatu 50.000 langileri zuzenean eragiten dion Gipuzkoako Metaleko Hitzarmena birrintzeko. Jendearen sufrimendua aspaldi nahi zuena eskuratzeko aukeratzat hartu du Adegik, eta Hego Euskal Herrian erreferentziatzat hartzen den Hitzarmen hau deuseztatuz, langileen baldintzak areago okertu nahi ditu, etekin gehiago lortzeko: pertsona gehienen bizi baldintzak pobretu, gutxi batzuek are gehiago irabazteko, ezen ez hobe bizitzeko.

Eraso hau zuritzeko darabilten esaldi ohikoa (“banatu ahal izateko, aberastasuna sortu behar da lehenik”) aitzakia hutsa da bizitzak egunero erakusten digunez: zenbat eta aberastasun gehiago, are eta gutxiago banatzen da, Adegik bere jarrerarekin hain agerian utzi duen moduan. Daukaguna banatzetik hasi behar da, etorriko ez den etorkizun baten zain gelditu gabe.

Zer bilatzen zuen Adegik, bada, Gipuzkoako Metaleko Hitzarmenean? Langileen malgutasun osoa enpresaren esanetara, murrizketa sozialak, greben debekua, lanordu igoera, hitzartutako ez betetzeko erraztasunak... Hori guztia eta gehiago nahi zuen Hego Euskal Herriko langile guztiak babes kolektiborik gabe uzteko azken helburuarekin, Gipuzkoako Metaleko Hitzarmen berria beste sektore guztien eredu eta ikasgai gisa erabili nahi baitzuen.

Ez da oker zuzenik, jakina, eta jokaerek salatzen dute proposamenaren balioa: patronala puztua; negoziazio mahaian enpresarik gabeko Adegiko funtzionarioak soilik; 12 eserleku izan eta bertara joan soilik bat edo bi; mahaian parte hartzen zuten langileekiko jarrera harroa, formak gorde gabe, pertsonen duintasuna bera mespretxatzeraino; %5eko ordezkaritza duen UGT mahaian egotea eskatuz eta %45a duen ELA baztertzeko joko zikinak erabiliz; herritarren sufrimenduari entzungor eginez langile diziplinatuak lortzeko itxaropenarekin; enpresei negoziazio egoera errealaren berri eman ez...

Azken finean, azeria kalkuluak egiten dabil beti. Ezin nahi eta pentsatzen duena lau haizetara zabaldu; entzuleen arabera moldatu behar diskurtsoa. ELAk hartu zuen jarreraren juxtu kontrakoa. Egoera zaila izanik, Adegiren erasoaren tamainaz jabetuta, erantzun bateratuaren bila hasi zen. UGT eta CCOO bidaide harturik, elkarrekin egin zuten egin zezaketen bidea. Bide hori prentsaurreko bateratu batekin hasi eta Adegiren aurrean egindako kontzentrazioan amaitu zen, udaberri hasi berritan, ez baitzeuden haratago joateko prest. Jarraitu nahi zutenekin gelditzen zen bide bakarrari eutsi zitzaion: borrokari.

ELA eta LABek Gipuzkoa mobilizatu zuten. Metaleko langileek 9 greba deialdi egin zituzten. Zazpi aurrera atera zituzten, akordiora iritsita azken biak bertan behera utziz. Kontuan izan 7 greba horietaz gain bi greba orokor ere egin zituztela. Elkartasun keinu eta borrokarako grina: HISTORIA letra larritan idatzi zuten Gipuzkoako metaleko langileek. Adegik bertan behera utzi zituen bere asmoak, eta Gipuzkoak Metaleko Hitzarmena bere horretan mantenduko da urte amaiera arte. 2012koa negoziatzen hasi behar baita berriro ere!

Gauzak bihotzez eta jende langilearen hoberako egiten direnean, nabari da, transmititzen da, eta lan egiteko moduetan igartzen da, kasu honetan nabari gelditu zen bezala. Negoziazio mahaiari daukan garrantzia ematen zaio, hasiera hasieratik, gauzak serioski hartuz eta ongi prestatuz. Negoziazio mahaira 12 langile joan ohi ziren, 6 mahaian esertzeko (ELAri dagozkion guztiak) eta sei ordezko. Guztiak enpresetako ordezkariak, langileek aukeratuak, enpresekin kontaktu erreala zutenak, eta eskualde guztietatik etorriak. Astero biltzea exijitu zuen, halaber, ELAk, negoziazioa izoztu ez zedin.

Mahaian hitz egindakoa zuzenean email bidez zabaltzen zen atal sindikaletara, eta akta bat ere inprimatzen zen, poligonoak pateatuz enpresaz enpresa Gipuzkoa osoan banatzeko. Langileekin informazioa partekatu eta negoziazioaren berri eman, enpresetako egoera, zein langileen nahi eta desioak ezagutu eta negoziazio mahaian txertatzeko asanbladak egiten ziren Tolosako Topic aretoan. 200 ordezkaritik gora biltzen ziren bertan hilean behin.

Grebak aurrera ateratzeko asanbladak antolatzen ziren enpresetan. Ez zegoen ezkutatzeko ezer, kontrakoa baizik. Kontatzeko beharra zegoen, langile guztietara iristeko beharra, hitz egiten zen lekuetan greba ateratzen zelako. Hala, ELAk gutxiengoa edo ordezkaritzarik ez zuen zenbait enpresatan, ere, grebak aurrera atera ziren. Baita enpresako hitzarmena zuten enpresa handietan ere, asko baitzegoen jokoan. Eta mobilizazioak kutsakorrak direnez, izurrite hori Gipuzkoan zabaltzea lortu zen jendearekin, gertu, egonez. Zentzuzkoak ziren ELA eta LABen eskaerak, langileenak; inoiz ez enpresen errealitatetik urrun zeudenak.

Berebiziko garrantzia izan zuten, halaber, Gipuzkoako enpresa nagusiekin, negoziazioen berri emateko, egin ziren bilerak. Bertan jabetu ziren enpresa hauek Adegik ez ziela negoziazioen berri zehatza ematen, eta kontuak eskatu zizkioten normala denez.

Ezkutatzeko ezer ez dagoenean, leku guztietan gauza bera kontatzen da, eta konbentzitu egiten da, benetan ari zarela edonork igartzen baitizu. Galdetu bestela Unai Martinez asanbladatik kanpo utzi nahi zuen pertsonaleko buruari. Asanbladan izan zen. Guztia entzun zuen, eta amaieran: “Zer?”, galdetu zion Unaik. “Ba, okerrena da...” hasi zitzaion pertsonal burua, “... bat natorrela esan duzuen gauza askorekin!”.