Eusko Jaurlaritza eta 35 orduak

2016/03/01
35orduGreba.jpg
Joan den astean Erkorekak gobernuaren erabaki bat eman zuen jakitera: 35 orduko lanaldia euskal funtzio publikoko langileei berrezartzekoa. Andres Zearreta sailburuordeak ere erabaki horren berri eman zuen Mahai Orokorraren azken bileran.

Igor EizagirreIgor Eizagirre, ELAko Gizalan Federazioko Idazkari Nagusia (artikulua Berrian argitaratu zen 2016ko otsailaren 19an)

Dena dela, 35 orduko lanaldia berrezartzea ez da aparteko ezer, azken batean gobernuak, lanaldiaren arloan, Mahai Orokorraren 2010eko azken akordioa beteko du, besterik ez. Urkulluren gobernuak legegintzaldiaren hasieran, 2013an, hartu zuen erabakia, lanaldia 45 orduz luzatzekoa, honez gero aldatuko da.

Azken urteotan ELAk Mahai Orokorraren bilera guztietan galdetu izan dio gobernuari, lehengo lanaldira itzultzeko, eta sindikatuaren partaidetza mahaian 35 orduko lanaldia berrezartzearen baldintzapean utzi zuen.

Gobernuak 35 orduak berrezartzeko iragarpena egin ondoren, patronalek eman duten erantzuna ezin argiagoa izan da

ELArentzat, Urkulluren gobernuaren dekretua, 2013ko lanaldia luzatzekoa, oso erabaki larria eta eragin handikoa izan zen, askotariko arrazoiak direla-eta:

1.Enplegu publikoa suntsitzea: lanaldia luzatzea, eta horrekin batera bajan dauden langileak ez ordeztea, sektoreko milaka lanpostu suntsitzeko zergatia izan da. DELOITTE aholkularitza-enpresaren txosten baten arabera, lanaldia luzatzearen ondorioz 1.500 lanpostutik gora suntsitu dira Osakidetzan bakarrik.

2.Gobernuak alde bakar batetik akordioak ez betetzea: gobernuak bere kabuz lanaldia luzatu zuenean, berriro hautsi zuen akordio bat. Hori dela-eta, langile-kidego horren negoziazio kolektiboa kolokan geratu zen. Hori bera eskatu izan dio gobernuari patronal pribatuak, eta azken erreformen bidez azkenean lortu du: akordioen aurrera-eragina kentzea eta hitzarmenak salbuetsi ahal izatea; hau da, akordioak nahi dutenean bete gabe utzi, eta nahi dutenean akordioa aldatu.

Gobernuak, lanaldia luzatzean, 35 orduko lanaldiaren lorpena deuseztatu zuen. Esparru horretako lorpen hori Mahai Orokorraren 2000. urteko akordioaz ezarri zen; gehiengo sindikalak, horregatik eta gizarte-soldatagatik, 1999an deitu zuen greba orokorraren arrakastaren ondorioz

3. 35 orduko lanaldia amaitzea euskal administrazioan: gobernuak, lanaldia luzatzean, 35 orduko lanaldiaren lorpena deuseztatu zuen. Esparru horretako lorpen hori Mahai Orokorraren 2000. urteko akordioaz ezarri zen; gehiengo sindikalak, horregatik eta gizarte-soldatagatik, 1999an deitu zuen greba orokorraren arrakastaren ondorioz.

Izan ere, greba hark mugarri bat jarri zuen herri honetako ibilbidean, gure hirietako kaleak jendez bete ziren enplegurako eskubidea, aberastasunaren banaketa eta pobreziaren amaiera eskatuz. Greba hura arrakastatsua izan zen, batzuen eta besteen traben gainetik, eta Ardanzaren gidaritzapeko gobernuaren jarrera aurkakoa izan arren. Confebaskek orduan adierazi zuen greba ulertezina zela eta kutsu politiko nabarmena zuela.

4.Erreferentzia finkatu zen administrazio publikotik, sektore pribatuan ariete moduan erabil zezaten enplegua suntsitzeko eta lan-baldintzak okertzeko: gobernuak, 35 orduko lanaldia apurtzean, eredu eta lidergo bat ezarri zuen sektore pribatuaren aurrean, enplegua suntsitzeko, eta lan-baldintzak araugabetzeko eta okertzeko. Lanaldia luzatu zen garaian langabezia eta pobrezia tasak altuagoak ziren, 1999an baino, greba egin zenean baino.

Gobernuak 35 orduak berrezartzeko iragarpena egin ondoren, patronalek eman duten erantzuna ezin argiagoa izan da.

Gobernuaren ekimena, 35 orduko lanaldia kentzekoa, arrazoietako bat izan zen euskal gehiengo sindikalak 2013ko maiatzaren 30eko greba orokorraren deialdia egiteko. Greba hura jarraitzaile ugarikoa izan zen, baita arlo publikoan ere, eta harez geroztik asko izan dira ELAk bultzatu dituen mobilizazioak eta greba-egunak Mahai Orokorraren eraginpeko esparruetan. Horietan guztietan, 35 orduko lanaldia berrezartzea eskatu da, besteak beste. Mobilizazio horiek ez dute gure gogoko emaitzarik eman, baina baliagarriak izan dira. Batetik, lanaldia luzatzeko erabakiaren larritasuna gizarteratu dugu, eta bestetik zenbait esparrutan 35 orduko lanaldia mantendu ahal izan dugu. Nafarroan, esate baterako, Mahai Orokorraren esparruan, eta Hego Euskal Herriko ia udal eta foru-aldundi guztietan indarrean dago 35 orduko lanaldia.

ELArentzat albiste ona izan da 35 orduko lanaldia berrezartzea Mahai Orokorrean. Dena dela, oraindik esparru publiko asko geratzen dira, batez ere azpikontratatuak, 35 orduko lanaldia izan gabe. Horregatik, horixe izan behar da gure eskakizun nagusietako bat, subrogazioa eta lan-baldintza duinak eskatzearekin batera.

Mahai Orokorraren esparruan borrokan eta antolaketa hobetuz jarraitu behar dugu, orain arte suntsitu den enplegua berreskuratzeko, eta enplegu berria, dauden beharrizanak betetzeko beste, sortzeko. Borrokan jarraitu behar dugu negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratzeko, murrizturiko eskubideak itzultzeko eskatuz, eta galdutako eroste-ahalmena berriz irabazteko eskatuz. Ez da gutxi egiteko duguna, baina behin 35 orduko lanaldia berreskuratu ondoren, inoiz baino nabariagoa da presio sozialaren eta mobilizazioaren balioa eta indarra.