Robles-Arangiz familiak Beskoitzeko Leku Eder etxea Euskal Herri solidarioaren zerbitzura jarri du
Robles Arangiz Etxea
Euskal Herriko historiari eta langile mugimenduari, ekonomia sozial eta solidarioari, trantsizio ekologikoari eta bortizkeriarik ezari buruzko bilkura eta formakuntza gune iraunkorra.
Historiaz beteriko lekua...
Beskoitzen kokatua, Leku Eder etxea ELA sindikatuaren sortzaileetakoa zen Manu Robles Arangizen familiaren etxea izan da, estatu kolpe frankistaren ondorioz erbesteratu eta Iparraldean kokatu zenean. Historiaz betea, harrera eta erresistentzia lekua izan zen Bigarren Mundu Gerlan, ondotik pertsonalitate franko ibiltzen ziren ostatu famatua, eta euskal mundu artistiko eta kulturaleko hainbat pertsona biziki ospetsu fama biltzen ikusi ditu.
Beren etxea, egun batez merkatu espekulatiboan erortzeko arriskua gauzatzea errefusatuz, eta interes orokorraren eta Euskal Herri libreago eta solidarioago baten eraikuntzaren zerbitzuko izatea desiratuz, Manu Robles Arangizen oinordekoek Manu Robles Arangiz Fundazioari eman nahi izan diote, eta hori gauzatzeko, Fundazioak beste batzuekin batera sortu duen Eraiki funtsari egin zaio dohaintza.
…laborategi den lurraldearen zerbitzuko
Etxe hori, arraberritze lanen ondotik, Ipar Euskal Herriko bilkura eta formakuntza zentro iraunkor bilakatuko da.
Izan ere, hainbat hamarkadatan Euskal Herria mobilizazioen sehaska izan da. Azken hauek, beren metodoen berezitasunaren, alternatibak eskala handian esperimentatzeko duten gaitasunaren, haien kopuruaren eta haien sinergiaren bitartez, zinezko laborategi bat osatzen dute: Manu Robles Arangiz Fundazioa, tokiko ekimen eta alternatiben mintegia, mendea pasa duen ELA sindikatuari lotua, azken hau bera, Le Monde bezalako egunkariek edo aldizkari espezializatuek erreferentzia gisa hartu dutena; Euskal Herriko Laborantza Ganbara eta tokiko baserritar alternatiba guziak; euskararen defentsa eta sustapenari loturiko ezohiko kultur burbuilatzea; Euskoa, Europako lehen tokiko moneta; Gizarte zibilak ETAren armagabetzea ahalbidetu zuen Bakegileen ezohiko bortizkeriarik gabeko herritar dinamika; frantses Estatu osoan eta haratago den Alternatiba mugimendua sortu duen Bizi! elkarte ekologista; frantses Estatu osoan segitua eta behatua den auzo eta jendarte herrikoietako Alda elkartea; eta ekonomia sozial eta solidarioaren, trantsizio energetikoaren eta birtokiratzearen alorrean diharduten ekimen eta kooperatiba franko.
Formakuntza eta bilkura gune iraunkorra ekosistema oso honen, eta, oro har, tokiko elkarteen, zerbitzuko izanen da, eta formakuntza, militante eta elkarte mailako transmisio, gogoeta eta ikerketa gune bilakatuko da. Beskoitzeko elkarte eta dinamiken zerbitzuko izanen da ere.
Formakuntza eta bilkura gune iraunkorra
Logela, sukalde eta komun kolektiboekin, bai eta bulego eta bilkura gelekin hornitua den zentro honek eguneko lan-saioentzat edo epe luzeagoko saioentzat taldeak errezebitzen ahalko ditu eta gune logistiko gisa (material sortzearentzat, biltzearentzat, artxibatzearentzat) erabilia izanen da.
Eraiki Funtsa, gune horren kudeatzailea, berritze lan honetarako behar diren funtsak biltzen ari da. Edozein mailegu edo emaitzarentzat, sartu harremanetan info@eraiki-funtsa.eus.