Hezkuntza eta Hizkuntza. Jardunaldi baten apunteak.

2023/10/16
azala GM.png
ELA sindikatuak eta Manu Robles-Arangiz fundazioak 2023ko apirilaren 22an Bilbon antolatu zuen "Hezkuntza eta hizkuntza" jardunaldia. Gai Monografikoen ale honetan jaso ditugu egun hartako edukiak: Hezkuntza, ezinbesteko osagaia hizkuntza baten biziberritzean (Pello Igeregi Santamaria); EAEko Hezkuntza Lege berria (Miren Zubizarreta Juaristi); Nola euskaldundu gazteak, pantailak erdaraz badaude? (Izaskun Rekalde); Hezkuntzaren ekarpena euskararen biziberritzean (Iñaki Iurrebaso Biteri); Katalanaren egoera katalanez hitz egiten den lurretan eta bertako eskoletan (Jordi Martí Monllau); Ingelesezko irakaskuntza Euskal Herrian (Juan Carlos Moreno Cabrera)

(Dokumentu osoa irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)

Hezkuntza, ezinbesteko osagaia hizkuntza baten biziberritzean.

Pello Igeregi Santamaria, Euskara arduraduna ELAn.

ELA sindikatua abertzalea da. Berezkoa du euskararen aldeko borroka, mende luzez euskararen eta euskaldunon aurkako zapalkuntza gure nazioaren zapalketaren elementu nagusietakoa izan baita.
Baina, sindikatu abertzalea izateaz gain, klase zapalketa bizi eta borrokatzen duen sindikatua ere bada gurea. Klase zapalketa horrek dimentsio ekonomiko argia du, baina baita kulturala ere, sistema kapitalistak ere homogeneizazio kulturala eragiten baitu, besteak beste errentagarri diren kultur adierazpideak merkatuaren arauen arabera inposatzen dituelako. Inposaketa sotilagoa da orain 50 urteko ikasleei ezarritako eraztunarekin parekatuz gero, baina inposaketa da azken finean. Horregatik, langileon hizkuntza eskubideen aldeko borroka, guretzat klase emantzipaziorako borrokagunea ere bada. Izan ere, euskaldunon hizkuntza eskubideak ez baitituzte soilik Espainia eta Frantziak zanpatzen, kapitalak ere lapurtu egiten digu euskaraz bizitzeko eta euskaraz lan egiteko eskubidea.

Euskarak ez du kapitalarentzat errentagarria izan dadin adinako neurririk, horregatik aldarrikatu behar dugu oraindik ere Pantailak Euskaraz egotea adibidez, berez multinazionalek ez dutelako horrelakorik egingo, Espainiak eta Frantziak ez dituztelako horretara bultzatuko, eta Eusko Jaurlaritzak ere ez duelako oraingoz ezer egin plataformen aurrean. Eta egungo sozializazio esparru ia guztiek, aisialdiak eta lanak merkatuaren bitartekaritza dutenez, gaztelaniak eta frantsesak XXI. Mendeko kapitalismoan bere inposaketarako bide berri bat topatu dute. Eta ez da bidea, autopista da. Besteak beste, horregatik ere ari dira ahultzen behinola euskararentzat arnasgune ziren lurralde eta espazioak. Geografiak hizkuntza nagusientzat eragiten zituen oztopo fisikoak erdarak nagusi diren mundu birtualetan desegiten ari direlako.
Eta langileriak inoiz baino gehiago bere lurraldeak behar ditu, bere emantzipaziorako borrokak garatzeko territorioak. Borroka espazio horiek lantokiak dira, baita bere burua gizarte eta klase berarekin identifikatzen duen gizartea ere. Hori da ELArentzat Euskal Herria, langile klasearentzat langileria emantzipatzeko borrokarako lurraldea. Lurralde horren eraldaketatik imajinatu nahi dugu mundu guztiko langileriaren askapena. Bi langilek elkarrekin greba bat antolatzen dutenean elkarrekiko lotura bat behar dute, hori langile klase izaera da. Bi euskal herritarrek politika publikoak elkarrekin borrokatu behar dituztenean biek sentitu behar dute Euskal Herria beren proiektu kolektiboa dela.

Euskarak hain zuzen hori eskaintzen digu. Ziurrenik hizkuntza minorizatu batek duen abantaila bakarra da hau, hizkuntza nagusiek lortzen ez duten lotura emozionalak sortzeko gaitasuna, lurraldean errotzea dakarrena. Euskaldun kopurua handitzea, zentzu horretan, gizarte moduan emantzipaziorako aurrebaldintzak indartzea ere bada. Are gehiago nortasunak likidotzen eta desagerrarazten dituen gizarte honetan. Euskarak nortasun kolektiboa eraikitzen laguntzen du. Nor garen esaten digu euskarak behin eta berriro.

Esandakoarengatik, ELArentzat euskararen biziberritzea ez da nazio auzi hutsa, amesten dugun gizartea eraikitzeko ezinbesteko osagaia ere bada. Denetariko langilez osatutako masa sindikatua garenez gero, badakigu gure kontraesanak ditugula, baina kontraesan horiek kudeatzeko prest gaude.

Analisi honetan kokatzen dugu euskararekiko kezka. Eta oso arduratuta gaude euskararekin lotuta izandako azken azterketak ikusita. Ezagutza teorikoa handitzen ari omen da (egunerokoan euskaraz aritzeko gaitasun erreala handitzen ari dela baieztatzea oso eztabaidagarria da), erabilera, berriz, modu nabarian murrizten hasi den bitartean. Euskararentzat basamortu den gizarte honetan, euskaraz aritzeko arrazoi nagusia konpromiso militantea da; horretan behintzat oraindik ere bizirik gaude.

Bestelako esparruetan egoera oso kezkagarria da. Administrazioak, baita ustez abertzaleak diren alderdiek zuzendutakoak, konplexuz beterik daude euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzeko araudi berri bat sortzerakoan. Are gehiago, araudi hori berritzeari uko egiten diote status quo ekonomikoa, politikoa eta territoriala aldatzea nahi ez duten alderdien beldur. Gainera, epaitegietan orain arteko jurisprudentzia aldatzen ari dira eta Espainiako Konstituzioaren irakurketa aldatzen, administrazioetako langileentzat espainola beti derrigorrezkoa izan dadin eta euskara soilik noizean behin. Nafarroan erasoak are larriagoak dira, epaitegietatik ezezik, Nafarroako gobernutik bertatik ere burutzen direlarik, eta Iparraldean egoera dagoeneko kritikoa da, frantziar estatuak sekulako murrizketak ezartzen baitizkigu euskaldunoi, debekua debekuaren gainean.

Eta EAEn onartu nahi duten Hezkuntza Legeak aurrerantzean ere euskaraz bizitzeko gaitasunik ez duten helduak sortzen jarraituko du eta beharbada areagotuko. Eskolak ezin du berak bakarrik gizartea euskaldundu, baina eskolarik gabe ez dago gizartea euskalduntzerik.

Hezkuntza ezinbesteko osagaia da hizkuntza baten biziberritzean eta oso momentu egokia da hezkuntzan gure hizkuntzaren osasuna modu egokian zaintzen ari ote den eta zainduko ote den aztertzeko. Horregatik antolatu genuen apirilaren 22an hizlari apartez osatutako jardunaldia. Bertan egoterik izan ez zenutenek, hemen daukazue jardunaldian eskainitako hitzaldiez gozatzeko aukera.
Zoritxarrez, mintegia egin eta bi hilabete eskasetara hizlarietako bat galdu dugu,Mintegian Pantailak Euskaraz ekimena aurkeztu zigun Izaskun Rekalde Abasolo euskaltzale nekaezina, hain zuzen. Balio beza publikazio honek ELA sindikatuaren esker ona adierazteko eta omenaldi xume gisa.

Izaskun Rekalderekin batera, Miren Zubizarretak, Iñaki Iurrebasok, Jordi Martík eta Juan Carlos Morenok eskainitako hausnarketa zorrotzak bildu ditugu zuentzat. Irakurri, hausnartu eta liseriketa egin ondoren, on egin!