H&Mko greba, ispilu bat non begiratu
Grebak ez dira arrazoi objektiboengatik irabazten; arrazoia izatea ez da aski gatazka kolektibo batean. Kemenaren eta elkartasunaren bidez irabazten dira, eta kemena eta elkartasuna lankideekiko eta haiek ordezkatzen dituen sindikatuarekiko konfiantzatik sortzen dira. Hego Euskal Herrian H&M eta COS dendetan lan egiten duten ELA sindikatuko langileek 50 eguneko greba mugagabean eutsi zioten bizirik sentimendu horri, Suediako multinazionalaren eta Espainiako estatuko bi sindikatu nagusien aurkako borrokan soka tenkatuta. Eta bidezko garaipena lortu zuten, ezinezkoa zirudiena lortu zuten: Comisiones Obreras eta UGT sindikatuek izenpetutako EEE bat geldiaraztea.
Greba honek ezaugarri bereziak ditu, eta ez da erraza nondik hasi erabakitzea. Hauek dira bereizgarrietako batzuk: plantilla feminizatua, aurreikuspen guztiak gaindituko dituen elkartasuna langileen artean, amatasuna ardatz izatea –eta lana eta familia uztartzeko eskubidea erantzun–, online salmentaren goraldiaren ondorioz berregituratzen hasi den sektorea, eta Espainiako bi sindikatu nagusien eta Euskal Herriko zentral nagusiaren arteko buruz burukoa.
Apirilaren 6an hasi zen dena: H&M (arropa polita moduzko prezioan saltzen duen marka) eta COS (haren gama altuko marka) merkaturatzen dituen Suediako erraldoiak Enplegu Erregulazio Espediente (EEE) bat iragarri zuen Espainiako estatuko 1.066 langilerentzat (plantillaren %20), baita lanbaldintzen murrizketa nabarmena eta 30 dendaren itxiera ere. ELAn afiliatutako euskal langileek, ordea, aho batez baztertu egin zuten EEEa, eta bost eguneko geldialdia deitu zuten, negoziazio-mahaia abian jarri aurretik. “Hemen ez dago inor soberan, kontrakoa: eskuak falta dira!”, nabarmendu zuten.
Negoziazio-mahaia apirilaren 23an elkartu zen lehen aldiz, eta bertan hamahiru delegatu eseri ziren: Comisiones Obreraseko 7, UGTko 4 eta ELAko bat.