Ez dut ulertzen

2018/02/06
erresiborrokan.jpg
Berri honekin esnatu naiz gaur: “Ogasun bizkaitarrak Euskadiko sindikatuen ‘erresistentzia-kutxa’ ikertzea erabaki du”.

Jose Mari Gutierrez Angulo (artikulua Araialdea Gaur-en argitaratu da)

Langile askok hilero laguntzen diogu erresistentzia-kutxa bateko mantenuari. Erresistentzia-kutxak denboran sostengatu ezin izango liratekeen greben mantenua posible egiten du. Langileok ordainketa-kutxa horri ematen dizkiogun diru-ekarpenak gure soldatetatik datoz, eta dagozkien zergak ordaintzen ditugu (nahi ez izateaz gain iruzur egin ezin dugulako). Baina Bizkaiko Aldundiak grebalariei kobratu nahi die berriro, diru horrek “balio erantsia” izango balu bezala.

Beraz, aldundian agintzen dutenek solidaritateari zerga jarri nahi diotela esan daiteke. Baina ez, ez da hori nahi dutena, klase-solidaritatearekin bukatzea baizik

Balio erantsia” badu, baina ez ekonomikoa, solidarioa baizik. Beraz, aldundian agintzen dutenek solidaritateari zerga jarri nahi diotela esan daiteke. Baina ez, ez da hori nahi dutena, klase-solidaritatearekin bukatzea baizik. Daukaten helburua neoliberalismoa indartzea da, eta hori ez da posible langile klase indartsu batekin, ez da posible ez badituzte langileak eta benetako klase-sindikatuak ahultzen. Kapitalaren morroiak oso morroi fidelak dira, eta klase-borrokan langileen noizbehinkako arrakastak porrota pertsonaltzat hartzen dute, eta haien ugazabei jakinarazi behar diete porrota hori konponduko dutela. Bizkaiko aldundiko agintariek ezin dituzte jasan langileen arrakastak, ahalik eta gutxiago 370 eguneko greba baten ondoren lortutakoa; horregatik mendekura jo dute.

Soldatek erosteko ahalmena etengabe galtzen dute; lanpostuak gero eta prekarioagoak dira, eta gero eta jende gehiagok lana izan arren, ezinezkoa du txirotasunetik ateratzea; aberastasunaren banaketan galdu eta galdu besterik ez du egin langile-klaseak krisiaren kausaz, baina krisiak berak aberatsak aberastu ditu agintariek hartutako erabakien laguntzaz …

Guzti horregatik ez dut ulertzen zergatik irabazten dituzten hauteskundeak irabazten dutenek.