Laminaciones Arregui: Harrotasun laranja zukutu nahi gaituztenei
Enpresa bat non langileek familia aurrera atera ahal izateko lan baldintza gogorrak, lan erritmo itogarriak eta asteburuetan lan egin beharra jasaten dute. Enpresa bat lehen postuetan ibili izan dena lan istripuetan, non bost hatz baino gutxiagoko eskuak dituen langilea ez den salbuespena. Enpresa bat garai batean Amputaciones Arregui bezala ezaguna izatera heldu zena.
Enpresa bat langileen soldata gastutzat duena baina abokatu bufete bati ordaindu beharreko dirutza inbertsio gisa hartzen duena, lan erreformak benetan soldatak %30 jaisteko balio duela probatzeko helburuarekin. Enpresa bat non soldata gastu osoaren %6a besterik ez den. Enpresa bat 2012 hasieran gerente bat kontratatu eta uztailean 95.000 euroko ordain sariarekin kaleratzen duena. Enpresa bat egunero 30.000 euro galtzeko prest dena tramitazio gastuetan (6 hilabete daramatza jada) EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaia ez duelako onartu nahi.
Enpresa bat 2012 itxi egingo duela dioena eta abenduaren erdialdean suspentsio ERE bat aurkezten duena 2013 eta 2014rako. Enpresa bat 178 langile kaleratu dituena (140 ELAkideetatik 97). Enpresa bat detektibeak kontratatu dituena zenbait langileen bizitza pertsonaletan arakatzeko asmoz. Enpresa bat oinarrizko eskubideak urratu dituena Justizia Auzitegiaren arabera.
Enpresa hau ez da salbuespena XXI. mende honetan Ezagutzaren aro honetan halakoekin topatzen ari gara behin eta berriz. Non daude kudeaketa eredu berri horiek pertsonak zentroan jartzen dituena, langileak proiektu baten partaide demokratiko gisa sentitzen direnak? Ba al da halakorik paperetatik eta politikoki zuzenak diren hitzaldietatik kanpo?
Laminaciones Arreguiko batzordekide diren Jose Luis Zabalak, Joseba Martinek, Armando Ortegak eta Unai Duranek hau guztia kontatzen zidatenean, testu idatzeklo Stephen King-i deitzea pentsatu nuen, baina esan zidaten hobe nuela Torrenteri deitzea, lantegia zaintzen zebilela aprobetxatuz.