Nola garbitu soldata arrakala?

2023/09/20
soldata arrakala irudia.jpg
Dokumentu honetan, soldata arrakalari begira jarri gara. Beste sektore batzuetan ere urrats garrantzitsuak eman diren arren (Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuak, erresidentziak…) fokua garbikuntzan jarri dugu. Izan ere, garbikuntza sektorea izan da azken urteetan soldata arrakalari aurre egiteko estrategia nabarmena martxan izan duen sektoreetako bat.

Aiala Elorrieta Agirre, Manu Robles Arangiz fundazioko kidea

(Dokumentu osoa irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)

 

 

Emakume zarete, horixe da tokatzen zaizuena

Soldata txikiagoetatik abiatzea, gauzen eboluzio naturala da”.

Berdina kobratuko luke gizon batek ere”.

Ez dago soldata arrakalarik.

 

Alimaleko hitzak entzutera zailduak daude lan hitzarmenen negoziazioan soldata arrakalaren auzia mahaigaineratzen duten emakumeak. Hego Euskal Herriko soldata arrakala %25 ingurukoa izanik, nola izan liteke hori naturala? Naturaltzat eman nahi zaiguna erabaki politiko eta enpresarialen ondorio da. Horretaz jabetuta dago ELA sindikatua eta baita lan zentroz lan zentro, antolatzen diren emakumeak ere. Dokumentu honetan, sindikatuak soldata arrakala nola borrokatzen duen aztertu nahi dugu.

Sindikatu feminista eraikitzen ari garela esan ohi dugu ELA sindikatuan. Alegia, feminista izaterako bidean prozesu etengabean gaudela. Eta norabide horretan, sindikatuak urrats handiak eman ditu. Jakinik sindikalismo feminista ezinbestekoa dela, sindikatuak estrategia zehatza jarri du praktikan azken hamarkadatan. Bide horretatik konfederazioak hautu estrategiko eta politikoak hartu ditu. Era berean, lanaren mundua izan da sindikatua bera bide horretara zuzendu duena. Alegia, sektore feminizatuen eta prekarizatuenen beharrek eraman dute sindikatua eman dituen urratsak ematera.

Azken hamarkadatik hona, greba eta gatazka gogorrenak, konplexuenak, luzeenak sektore feminizatuetan gertatu dira. Errealitateak berak erakusten digu, zeinen beharrezko dugun sindikalismo feminista.” Jone Bengoetxea, Genero-politikak.

Emakumeek eragindako gatazkek pisu handiagoa hartu dute ELAren ekintza sindikalean, neurri handi batean lan-errealitate aldakorrak horixe eskatzen duelako. Eboluzio hori bat etorri da sindikatuaren erabaki kontziente edo estrategikoarekin. Honekin, azken urteetan sindikalismo aldarrikatzailearen iruditegia aldatuz joan da eta emakume borrokak lehen lerroan kokatu dira.

Zahar egoitzetan bide bereziki esanguratsua garatu du sindikatuak. Greba korapilatsu eta gogoangarri asko sektore horretan eman dira. Bizkaiko Erresidentzietako greba izan da agian sonatuena eta Euskal Herriko mugetatik harago ere zabaldu da: 378 greba egunen ostean tamainako akordio batekin amaitu zen.

Baina greba hori ez zen izan erresidentzietako emakumeek egin zuten lehena; izan ere aurreko lau hitzarmenak sinatzeko ere antolatu ziren Bizkaiko Erresidentzietako langileak. Lurraldez lurralde, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroan ere greba dinamika indartsua egon da azken bi hamarkadatan. Aitziber Aranberri (Gipuzkoako Erresidentziak) esan bezala, sektoreak azken bi hamarkadetan jasan duen eraldaketa nabariaren ondorio zuzen bat da etengabean greban egon behar izatea.

Sektore feminizatu bateko grebarik luzeena Ariznabarrakoa izan zen. 2002tik 2003ra zortzi hilabeteko lehen greba bat egin zuten. 2008ko otsailaren 18tik 2010eko abenduaren 16ra, berriz, Europan izan den gatazkarik luzeenetakoa izan zen 1.136 egunekoa.

Fokua erresidentzietan jarritako hainbat dokumentu argitaratu ditugu sindikatuan. Esate baterako, Argia astekariko Onintza Irureta Azkune kazetariak idatzitako bi lan. “Berdea da more berria” liburuan, Bizkaiko zahar egoitzetako 378 eguneko greban parte hartu zuten zortzi langileren testigantzak jasotzen dira. 2016ko grebara iritsi ahal izateko, 80. hamarkadan hasi zen antolakuntzaren historia kontatzen du ere liburuan. Ildo beretik, Emakume aurpegidunen prekaritatea:prekarioetan prekarioenak ahotsa goratzen ere idatzi zuen Iruretak. Bestalde, Nahia Fernandezek, Bizkaiko Erresidentziak Borrokan! Langile borrokatik ahalduntze feministara izeneko lanean, erresidentzietako langileen testigantzak jaso ditu, eta greban zehar ahalduntze feministarik egon zen aztertu zuen.

Erresidentzien sektorean emandako sindikalizazioa, gatazkak, garaipenak, hitzarmenak, eta ibilbideak, ELA feministagoa eraikitzeko giltzarria izan dira. Bide honekin lotuta, baina aparteko ezaugarriekin, sindikatuak soldata arrakalaren aurka egindako bidea ere badago. Zertaz ari gara soldata arrakalaz ari garenean? Nork pairatzen du? Nor edo nortzuk dira horren erantzule? Nola abordatu daiteke sindikalismotik? Asko dira gaiaren inguruko galderak.