[Argitalpena] Antolakuntza sindikala eta demokraziaren aldeko borroka
(Dokumentu osoa irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)
Lasterbiderik gabe: boterera iristeko antolatu
Langile klasearentzat bizi baldintza egokiak ziurtatzeko ez da sindikatuak baina mekanismo hoberik aurkitu. Kurioski mugimendu sozialak aztertzen dituzten akademikoek sindikatuak baztertu egin ohi dituzte beren ikerketetan. Akademikoen iritziz sindikatuek irabazi materiala bilatzen dute bereziki, baina ahaztu egiten zaie lantokietako borrokek gizakien behar emozional sakonenean jotzen dutela, duintasunean. Ongi egingo lukete ikerlariek, beren ikerketetan, gatazketan parte hartzen duten langileengana gehiagotan joko balute.
Langileak berak dira beren liberazio lortzeko aktore nagusiak. Estrategikoki zabaldutako masak izan dira luzaroan jende arruntaren arma bakarra. Langileek bere buruaz duten irudi txarra eta autoestimu baxua soilik gainditu daiteke gatazka kolektiboa esperimentatuta. Grebak ezinbestekoak dira boterea langile klasearengana itzuli dadin. Emaitza esanguratsuak lortzeko greba ezinbestekoa da. Greba muskulu baten antzekoa da: erabiltzen denean indartzen da eta ez bada erabiltzen atrofiatu egiten da. Esperientzia eraldatzaileak arrisku handiko ekintza kolektiboen bitartez etorri ohi dira. Kontzesio handiek botere handia eskatzen dute.
Greba arrakastatsuek atzean parte hartze handiko antolakuntza dute. Greba arrakastatsuak langileen gehiengoaren parte hartzearekin lortzen dira, jende arrunta gehituz, ez soilik betiko aktibistak. Lantoki bateko langile gehienak greban direnean beraien patua determinatzen ari dira, zeregin hori sindikalista profesionalaren bizkarrean soilik utzi ordez.
Langile horiek badakite hitzarmen on bat lortzeko gaitasuna zuzenean lotuta dagoela enpresariaren aurka borrokatzeko duten abilidade eta gogoarekin. Oso garrantzitsua da langileek sentitzea beraiek direla sindikatua. Sindikatua ez da hirugarren parte bat enpresari eta langileez gain. Langileak beraiek dira sindikatua. Hori arrakastarako gakoetako bat da ere. Sindikalista profesional batek joka dezake Bruce Lee izatera (indibidualismo heroikoa) baina ezingo du inoiz langileen armada ordezkatu. Benetako indarra langileek dute. Enpresariak, ikusten badu langileen %80a ez dagoela afiliatua, lasai jarraituko du. Borroka batean asko edo gutxi irabaziko den faktore batek erabakitzen du: langile antolakuntzan lidergoa duen ekipoak dituen sinismen, motibazio eta proposituek.
30. eta 40. hamarkadetan langile mugimenduaren garaipen nagusiak sindikalismo eredu honekin lortu zen. AFL-CIO-k (Lanaren Estatu Batuetako Federazioa eta Industria Erakundeen Biltzarra) garaipen esanguratsuak eskuratu zituen, bilatzen zuena zelako langile gehienak sindikatura erakartzea: klase borroka. Gehiengoak ezinbestekoak ziren, AFL-CIO-k ez baitzituen greba sinbolikoak egiten, benetakoak baizik. Gehienetan grebetan langileen super-gehiengoak parte hartzen zuen. Ezkerreko lidergoak gaitasun gehiago erakutsi zuen sindikatua aurrera ateratzen, borroka partikularrak sistema osoaren eraldaketarekin lotzen baitzuen. Irakurketa osoa egiten zion langileari, eta ikuspegi osoa eskaini.
50. hamarkadatik aurrera gauzak aldatzen hasi ziren eta sindikalismo berria eta ezker berria eraikitzen joan zen. Sindikatuak profesionalizatzen joan ziren, eta indarrak, langileak antolatuz, langileentzako hobekuntza nabarmenak lortzera bideratu ordez, kanpaina korporatiboak egiten hasi ziren enpresariek sindikatuen kontra zituzten jarrerak leuntzeko asmoz. Fokua enpresariengan jartzen hasi zen, eta langileengandik eta bere komunitateetatik aldentzen. Langileak ez dira jada bere liberazioaren agente nagusi bezala ikusten. Ekoizpena gelditzen zuten grebak baztertu egiten dira.
Ondorioz, sindikatuek ez dute beharrik ikusten lantokietan langile gehienek osatutako organizazio indartsua eraikitzeko. Langileak beren etorkizunaren agente nagusi izateari uzten diote, eta sindikatuak borroka taktikoak egiten hasten dira kanpaina korporatiboen bitartez, beren jarduera lantokietatik eta langile arruntetatik urrunduz. Sindikalismo eredu berri honek sindikatua darama enpresaria, langilearen ikuspegitik ikusi ordez, enpresariaren begitik ikustera. Lehen zentralak ziren langileak, orain periferikoak dira. Enpresarian eragiteko palanka desberdinen artean bat gehiago da langilea.