'Borroka guztien ama' liburua aurkeztuko da Baionan otsailaren 18an
![OrbegozoPalais.jpg OrbegozoPalais.jpg](https://mrafundazioa.eus/eu/artikuluak/borroka-guztien-ama-liburua-aurkeztuko-da-baionan-otsailaren-18an/@@images/2762a5f6-6533-470a-842c-0ec2ce7f2fb3.jpeg)
Jon Palaisen 'Borroka guztien ama. Klima belaunaldiarentzako ekintza-estrategia bat' liburua hemen duzu eskuragarri. Paperean nahi baduzu idatzi fundazioa@ela.eus emailera.
Su hartzen hasi den mundu honetan, hartu beharreko estrategiak berebiziko garrantzia du. Jada ez dago errore-tarterik, akats estrategiko bakoitza oso garestia izan baitaiteke. Indarkeriarik gabeko borroken historiako garaipen handiak, eta "Potret kentzaileak" edo "klimaren aldeko eskola-grebak" bezalako kanpaina berrienak, ere, gogoratzean, Jon Palais Bizi! mugimenduko kideak ikusle izateari utzi eta historiako aktore bihurtzera gonbidatzen gaitu liburu honetan. Liburu originala frantsesez argitaratu zen 2023an, Le Liens qui libèrent argitaletxean. Itzulpena Antton Hariñordokik egin du.
Sarrera
Klima larrialdia dela eta agintariak geldirik daudela ikusirik, nola ekin dezakegu? Horra galdera nagusia, hil ala bizikoa, ezin baztertuzkoa, nahasmendu klimatikoaren aroan sartu garenez gero.
Gaur egun segitzen dugun ibilbideak, klima hainbat graduz berotzera eramanen gaituen horrek, lurreko bizi-baldintza "zibilizatuak" epe laburrean mehatxatzen ditu, hots, bakerako, demokraziarako, berdintasunerako eta giza eskubideen hobekuntzarako baldintzak. Nahiz eta alerta seinale asko pizturik dauden, energia fosilen ustiapen zentzugabean tematzeak gure lasterketa eroaren abiadura are gehiago azeleratzen du, gure espeziearen biziraupena bera dudan ezartzeraino, baita beste espezie askorena ere, gurearekin batera. Energia pozoitsu horiek ematen dizkiguten indar titanikoek planeta osoko bizi-baldintzak suntsitzeko ahala ematen digute, eta azeleragailua zapaltzeari ez diogu uzten. Gizateriaren historia osoan aurrekaririk izan ez duen nahasmendu handi baten atarian gaude orain.
Aldaketa klimatikoa hain da alimalekoa, hain harrigarria, non gogoan sartzeko zailtasun handiak baititugu oraino. 2020ko hamarkadaren hasiera honetan, ikusi den bezala, COVID-19 pandemiaz, planeta mailako konfinamenduez, Ukrainako gerlaz asaldatu gara. Ontsa ohartzen gara gertakari historikoak direla… Baina jende gehiena ez da oraino behar bezala ohartzen abiarazi dugun nahasmendu klimatikoaren olatua askoz handiagoa dela. Egunero, galernaren aurretik erortzen diren euri tantak aipatzen ditugu, datorkigun ekaitzaren izaeraz ongi ohartu gabe. Nahasmendu klimatikoa gutxitan agertzen da komunikabideetako lehen tituluetan. Alta, gure planetan iragaten den egun bakoitzeko gertakari nagusia da, alde handiz. Gertakari hori telebistako albiste guztietako hasieran aipatu beharko litzateke eta egunkari guztietako lehen orrialdeetan. Dena geldiarazi beharko luke, dena baldintzatu, parametro guztiak aldatzera bultzatu beharko gintuzke, COVID-19 pandemia, 1973ko petrolioaren krisia edo Bigarren Mundu Gerra gertatu ziren aldietan baino molde are harrigarriagoan. Alta, horretaz urrun gaude.
Zein luze zaigun kontzientzia hartzea… 1990eko hamarkadaren hastapenaz gero, IPCC Klima-Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeko klimatologoek aldaketa klimatikoa eta haren ondorioak iragartzen dituzte. 1990eko hamarkadaz gero, militante ekologistek ekosistemen suntsiketaren berri ematen dute. Orduan, "geroko belaunaldien" zoria eta bizitzeko baldintzak betetzen dituen planeta batean bizitzeko eskubidea aipatzen ziren. Orain, "geroko belaunaldiak" hor daude, konkretuki: gu gara. Klima-belaunaldia gara. Errealitatea gordin ageri zaigu. Larrialdian murgildurik.