"Zaharrak muntai kateko produktu gisa tratatzen dira"

2019/07/22
20190621_112931.jpg
"Lana fisikoki oso gogorra da eta karga emozional altua, are zaintzaileari lana denbora minimoan ateratzeko eskatzen zaionean. Goizetan, adibidez, erabiltzaile bakoitzarentzat batez beste 15 minutu daude: gelan sartu, “egunon, zer moduz zaude?”, pertsiana igo, oheko segurtasun barra jaitsi, mantak eta maindireak kendu, eusteko sistemak askatu, ohetik altxatzen lagundu, dutxara eraman, dutxatu, lehortu, bizarra kendu batzuei, besteei bitxiak jarri, hortzak jarri... eta jangelara eraman. Hau guztia 15 minututan egiten dute." Onintza Irureta eta Idoia Elustondoren arteko elkarrizketa, zaharren egoitzetako lanari buruz.

UNED 2019"Prekaritate berriak eta negoziazio kolektiboa" mintegian elkarrizketa izan zuten Onintza Irureta Argiako kazetari eta "Berdea da more berria" liburuaren egileak eta Idoia Elustondo ELA sindikatuko Gipuzkoako zahar etxeetako arduradunak

Onintza Irureta: Kontaiguzu zeintzuk diren zuen lan eremuko lan baldintzak. zehaztu

Idoia Elustondo: Lehendabizi, lan baldintzetan bete betean sartu aurretik, gure lan eremuko lana pertsonaren zaintzan oinarritzen dela esan behar dugu, horrek esan nahi duen guztiarekin. Izan ere, historikoki, emakumeok musu-truk egin dugu lan hori gure bizitzako egin behar bat gehiago zelako. Eta lan hori merkaturatzen denean, errentagarritasun gutxiko lan indar bihurtzen da, okerren ordainduta, prekarioena, eskubide gutxien dituena, lan feminizatuena.

Era berean, zaintza negozio iturri ikusten denean, erakunde publikoek pribatizatu egiten dute, berau negozio gose duten enpresen esku utziz. Alegia, gizonezkoek erabakitzen dute, beste behin, emakumezkoen lana zein den eta lan hori zenbat ordaindu behar den. Baliorik ez emateak emakumea prekaritate egoeran jarraitzera kondenatzen dute.

Lan honetan zaintzaileak prekario bizi dira (eta, ondorioz, zainduak prekario bizirauten dute). Gehienak emakumeak dira, migranteak askotan (zahar-etxeetan %25, etxez etxeko laguntzan % 50etik gora eta etxeko langileetan gehienak), behin behin-behinekotasun handiarekin (%30 ingurukoa), eta lanaldi partzialak eta malgutasuna dira araua: 17 turno ezberdin dituzten langileak daude, eta lanaldi partziala (%60tik beherakoak) enpresak inposatuta . Kontuan izan hau publikoki finantzatutako negozio bermatua dela: enpresek plaza bermatuak dituzte, itxaron zerrendak daude.

Lana fisikoki oso gogorra da eta karga emozional altua, are zaintzaileari lana denbora minimoan ateratzeko eskatzen zaionean. Goizetan, adibidez, erabiltzaile bakoitzarentzat batez beste 15 minutu daude: gelan sartu, “egunon, zer moduz zaude?”, pertsiana igo, oheko segurtasun barra jaitsi, mantak eta maindireak kendu, eusteko sistemak askatu, ohetik altxatzen lagundu, dutxara eraman, dutxatu, lehortu, bizarra kendu batzuei, besteei bitxiak jarri, hortzak jarri... eta jangelara eraman. Hau guztia 15 minututan egiten dute.

Nolakoak izan beharko lukete?

Bizitza lehena dela benetan kontsideratzen badugu eta zaintzarik gabe bizitzarik ez dagoela, lehenik eta behin, behar duen aitortza eta balio eman beharko genioke. Kapitalismoak hori gabe ezingo luke iraun, ezta giza espezieak ere, egiazki behar-beharrezkoa den lan bakarra zaintza baita.

Lan baldintzen hobekuntzari begira, egonkortasuna beharko genuke (kontratu finkoak, adinekoen plazak bermatuta baitituzte egoitza eta eguneko zentroek), lanaldi osoak eta malgutasuna txikiagokoak (7 eta 10 orduko jardunak), lan karga txikiagoak (ratioak eguneratuz eta behar diren baliabide teknikoak bermatu, mantenu eta inbertsioen bidez: gruak, eta bestelakoak...), lan osasunean pausuak eman (baliabideak jarriz) eta lana hobeto ordaindu, soldata arrakalarekin amaituta (emakume direlako 6000 € gutxiago irabazi behar dute?).

langileek lana duin egiteak egoiliarrak duin zaintzea esan nahi duela diozue

Zaintzaile profesionala zaindu eta zerbitzuaren kalitatea hobetu, biek bat egin behar dute. “Zaintzaileak zainduz bizitzak zaindu”.

Langilearen lan baldintzak hobetzeaz ari garenean, esan nahi dugu egiten duen lan horri balio ematea; langileak egiten duen lanagatik aitortza, errekonozimendua jaso eta baloratua izatea.

Horrela zerbitzuaren kalitatea hobetuko litzakeke, besteak beste, ratioak handituta (lan kargak gutxituta), egoiliarrekiko harreman humanoagoa eskaintzea baitakar; lana egoiliarren beharretara egokituta (eta ez negozio parametroetan):berarekin hitz egin, estimulatu, motibatu, gai diren gauzak beraien kabuz egiten utzi, ez umetu, ez anulatu, intimitatea errespetatu...; eta gogoratuz, adinekoek bizitza badutela: mugitzen dira edo ez dute nahi mugitzea, kexatzen dira, garrasi egiten dute, negar, elkarrizketa ematen dute, galderak egiten dituzte, tokatzen ez zaienean komunera joan nahi dute...

Kontatu “ zaindu nazazu 2 orduz” kanpaina

Esan bezala, egoitzetan lan egiten duten emakumeen lan karga eta zamak izugarriak dira eta horretarako duten denbora eta baliabideak eskasak. Egoera hau orokortua da Hego Euskal Herrian.

Ratioak (zaintza denbora pertsonako, alegia, zenbat denbora dedikatzen zaion egunean adineko bati) 1998 urtekoak eta soilik zaintzaile eta erizainentzat dira, garbitzaile eta sukaldariak kanpoan uzten ditu.

Gizartearen zahartzeak menpekotasun profilak areagotu ditu: gaur egun erresidentziara sartzen dena menpekotasun handiagoarekin eta, askotan, dementzia egoeran dator, denbora eta arreta gehiagoren beharrarekin. Behar emozionalak hor daude ere, baina langileek ez dute adinekoei gertuko edo harreman humanitario bat emateko aukera, denborarik ez dutelako. Erlojupeko erritmoan, dituzten baliabide tekniko apurrak ez dituzte erabiltzen, denbora ez dutelako eta askotan, azkarrago egiten dutelako lan indarrez pertsonak altxatuz, horrek langileen osasunean dakartzan ondorioekin.

ELAn aspalditik gabiltza ratioak handitzeko aldarrikapenak gure negoziazio plataformetan jasotzen, baina beti erantzun bera jasotzen dugu, ez direla negoziazio elementu, EJ eta Diputazioen eskuduntza baitira.

Beraz, egoeraren larritasuna ikusita, egungo ratioen azterketa sakon bat egitea erabaki eta egin dugu. Herrialdez herrialde, eta kategoriaz kategoria, aldarrikapen bat ateraz, “ZAINDU NAZAZU BI ORDUZ”. Horrexek ematen dio kanpainari izena. Gizartean jarri nahi dugu eztabaida eta hausnarketa.

Gipuzkoan egunean 92 minutu pasatzen ditu zaintzaileak egoiliar batekin, Bizkaian 60, Araban eta Nafarroan 88. Langileen artean lanketa egten ari gara, eta baita kanpora begira ere, sozializazio fasean gabiltza.

Zaintza erdigunera ekarri nahian zabiltzate hainbat eragile, dela sindikatuak , dela mugimendu feminista .....Azken urteotan lehen lerrora ekartzeko aurrerapausoak eman direla uste duzu?

Bai, noski. Lan baldintzetatik haratago doa gure borroka, zaintza eredua jarri dugu jomugan eta zaintza duintzeko borroka da gurea. Gure borrokak ezinbestekoak izan dira eztabaida lehen lerrora ekartzeko. Sindikatua horretarako tresna da. Bidea egiten ari gara, kalera ateratzen garen bakoitzean, prentsaurreko bat egiten dugun bakoitzean... langileen batzarrak, ordezkarien bartzarrak, manifestazio edo bestelakoak ezinbestekoak izan dira, gizartea bera konturatu eta erakunde publikoak interpelatzeko. Eta nola ez, Martxoak 8ak...

Zaintza erdigunera ekartzeko erronkan bidelagunak ba al dituzue ( mugimendu femista)...?

Egiten ari garen bidea da . Ezinbestekoa da mugimendu feministekin elkarlana egitea, benetan gizartea eraldatu nahi baldin badugu. Agian, elkarren arteko arroztasunak orain arte nahi baino elkarlan gutxiago egitea ekarri du. Sindikalismoarentzat feminismoa hein batean mundu arrotza izan da eta feminismoarentzat sindikalgintza ere. Bizkaiko egoitzetako gatazkan azken fasean gehitu zen mugimendu feminista gure borrokara. Martxoak 8ko grebek lagundu dute elkarlan hori areagotzen. Azpimarratzekoa, aurtengoan, Gipuzkoako erresidentzien gatazkak izan duen protagonismoa.

Elkarlan horretan, aurreiritziak alde batetara utzi behar ditugu. Gure erronka etorkizunean: elkarlanerako espazioak bilatu eta elkarlana egitea; ELAk feminismoari egiten dion ekarpena sektore feminizatuen borroketatik dator. Lantokietan greba egiten duten emakumeak borroka feminista gauzatzen ari dira. Greba bakoitzaren atzean antolakuntza lan izugarria dago, ahalduntze prozesu indartsuak, norbanakotik kolektibora, langile eta emakume gisa. Eta sindikatua horretarako tresna da. Baina feminismoak ere klase borroka eta ikuspegia erdigunean kokatu behar ditu. Ezin baita ulertu sindikatua feminismorik gabe, ezta feminismoa sindikaturik gabe ere. Biek izan behar dute bidelagun.

Bizkaian Babestu elkartea sortu zen . Gipuzkoako gatazkan zein postura hartu dute senideek?

Gipuzkoan senideen erabateko babesa jasotzen ari gara. Eskualdez eskualde beraiekin bilerak antolatu ditugu, Bizkaiko Babestu elkartukoak ere lagundu digute bide hau egiten eta hortik aurrera beraiek antolatu dira.

Prentsaurrekoa egin zuten langileei beren babesa adieraziz, eta egoerari irtenbidea eskatuz zerbitzuaren arduraduna den Aldundiari.

Bilerak egin dituzte alderdi politikoekin, beste kontzentrazio bat ere egin dute eta orain bero bero daude ekitaldi sendoago bat egiteko.

ELAren ustez, gure diagnostikoa konpartitzen duten eragileekin (senideak, mugimendu fem¡nista, pentsionistak, gazteak...) aliantzak inoiz baino beharrezkoak dira eta izugarrizko potentzialtasuna ikusten diegu .