(Argitalpena) Lan mundua eta sindikalismoa ikertzen

2024/05/20
imagen portada.jpg
EHUko Lan Harremanetako fakultatearekin batera 2023ko urriaren 2an antolatu genuen "Lan mundua eta sindikalismoa ikertzen" mintegia. Azken urteetan egin diren eta oraindik martxan dauden hainbat azterlanen topaketa izan zen. Bost ikerketa ezberdin aurkeztu ziren, denak lan munduari eta sindikalismoari begira. Mintegia zinez aberasgarria izan zen, oso ekarpen anitzak egin ziren. Hala ere, baziren ikerketetan sarri nabarmendu ziren elementu nagusi batzuk: berrikuntza sindikalaren garrantzia sindikalismoaren biziraupenerako, Euskal Herrian nagusi diren sindikatuen ez-ohikotasuna, konfrontazio estrategiak, greben garrantzia, lurralde eraikuntza...

(Dokumentu osoa irakurri edo deskargatu. Paperean eskuratzeko, fundazioa@ela.eus helbidera idatzi)

Dokumentuaren hitzaurrea. Aiala Elorrieta, Manu Robles-Arangiz fundaziokoa kidea.

Ikerketa ororen gakoa, formulatzen diren galderak dira. Eta halaxe ibili ginen, galderaz galdera, EHUko Lan Harremanetako fakultatearekin batera 2023ko urriaren 2an antolatutako mintegian.

Gu geu ere, galdera batek eraman gintuen solasaldia prestatzera: zergatik akademiatik ez da ikertzen sindikalismoa? Urteak daramatzagu kezka horrekin eta arretaz jarraitu ditugu lan munduari begiratzen dioten ikerketak. Gertutik jarraitzearekin batera, gisa honetako ikerketak sustatu ditugu. Lan mundua eta sindikalismoa ikertzen mintegia azken urteetan egin diren eta oraindik martxan dauden hainbat azterlanen topaketa izan zen. Bost ikerketa ezberdin aurkeztu ziren, denak lan munduari eta sindikalismoari begira. Mintegia zinez aberasgarria izan zen, oso ekarpen anitzak egin ziren. Hala ere, baziren ikerketetan sarri nabarmendu ziren elementu nagusi batzuk: berrikuntza sindikalaren garrantzia sindikalismoaren biziraupenerako, Euskal Herrian nagusi diren sindikatuen ez-ohikotasuna, konfrontazio estrategiak, greben garrantzia, lurralde eraikuntza...

Galdera berriak formulatu ziren saioan zehar, etorkizunean egin litezkeen ikerketa posibleak marraztuz. Zalantzarik gabe, gisa honetako ikerketen garrantzia eta beharra frogatuta geratu zen. Are gehiago, sindikalismoari buruz ikertzea zirraragarria izan daitekeela ikerlarientzat ere.

Lana eta sindikalismo abertzalea, etengabeko berrikuntzan, Eki Etxebarria (EHU-UPV)

Lan mundua eta sindikatu abertzaleen bilakaera aztertu ditu luze ikerketan, bereziki ELA eta LABek azken hamarkadetan praktikan jarritako estrategia sindikalak. Sindikalismo hegemoniko ak bizi duen krisiaren aurrean, berrikuntza mekanismoak ezinbestekoak dira: sindikatuei eraberritu edo porroterako aukera besterik ez zaie geratu.

Bertako sindikatuek, berrikuntza estrategikorako bideak hartu dituzte: bai antolakuntza estrategietan eta baita botere asoziatiboan ere. Ikertutakoaren arabera, eraginkortasun organizatiboa zentrala izan da ELAren kasuan, eta LABenean, zentraltasuna botere moralak izan du, alegia, diskurtsoaren erradikaltasunak.

Bere tesiaren arabera, berrikuntza estrategia hauek eragin dute sindikalismoa gero eta gehiago gerturatzea gizarte mugimenduen ereduari. “Gizarte mugimenduen eredura hurbildu ezean, biziraungo ote luke sindikalismoak?”


Grebaren alderdi psikosozialak ikuspegi kritiko batetik, Xavi Minguez (EHU-UPV)

Ekonomia sistema ekonomikoaz eta politikoaz arduratu bada, psikologia soziala sistema kapitalistaren zati subjektiboaz arduratu da. Era horretan, lan-eremuko gizartepsikologiak sistema kapitalistaren eraikuntzan parte hartzen du.

Helburua langileen ezaugarriak zehaztea da: ez zoriontsu izateko, ekoizteko baizik.

Gizarte psikologia alternatiboak, eredu hegemoniko hori zalantzan jartzen du, sistema kapitalista bera kolokan jarriz. Minguezen ikerketaren helburua greba baldintzatzen duten elementu
psikosozialak aztertzea izan da. Hamabost talde fokal egin dituzte; besteak beste H&M-ko, Tubacex-eko, erresidentzietako, Osakidetzako garbiketako eta Tolosako kiroldegiko langileekin egin dituzte elkarrizketak.

Ikerketa amaitu gabe dagoen arren, elkarrizketetatik jasotako sentsazioak gurekin partekatu zituen. Alde batetik, grebak eragiten dituen emozio eraldaketa intentsuez jardun zen. Emozioen gorabehera handia
izaten da. Emozio oso positiboak piztu ditzake grebak: taldeko kide izatea, garaipena lortzeko esperantza, enpatia, esker ona...

Baina sentimendu hauekin guztiekin elkar-bizi diren efektu negatiboak ere ekarri zituen mahaigainera: frustrazioa, beldurra, amorrua, bidegabekeriaren sentsazioa... Eta, bestetik, grebari esker garatzen diren giza harremanetan jarri zuen fokua. Bertan lan harremanen bilakaera nabarmendu zuen. Alegia, laneko harreman soilak, harreman pertsonal eta politiko bilakatzeko bidea. Prozesu horretan, langileek errealitatearen errepresentazio bat eraikitzen dute, era kolektiboan.

Errealitate hori era kolektiboan sentitzen den heinean, subjektu indibidual bat eraikitzen da. Horrekin batera, kolektiboa den identitate anizkoitza ere eraikitzen da, lan zentrotik harago, klase dimentsiora irits daitekeena. Eraikuntza kolektibo honetan, besteak jokatzen duen papera garrantzitsua da. Beste hori enpresa eta estatuaren arteko binkulazioa da eta horrek eraikitzen du klase antagonismoa.

Emakumeak eta sindikatuak Euskadin, Eliana Alemán y Lohitzune Zuloaga (NUP-UPNA)

NUPeko ikerlariek Emakunderentzat egiten ari diren ikerketaren ildoak aurkeztu zizkiguten. Lidergoaz ari garenean, IBEX35 gisazko espazioez harago, boterea konkistatzeko bestelako gune batzuk aitortu beharra dagoela azpimarratu zuten. Hor kokatzen dituzte mugimendu sindikalak, eta emakumeek sindikalismoan duten ordezkagarritasuna eta lidergoa.

Ikerketan emakumeen lidergoa aztertzeko EAEko sindikatu nagusiak (ELA, LAB, CCOO, UGT) barrura begira eta kanpora begira egiten dutena behatu dute. Barrura begira, sindikatuen barruan emakumeek duten ordezkagarritasuna aztertu dute. Kanpora begira zera aztertu dute: organizazio osoa zeharkatzen duen begirada feminista barneratzeko emandako urratsak. Ez da soilik “emakumeen
gauzak agendan sartzea”, baizik eta “begirada feminista batetik, galdera honi erantzutea: gaur egun nola
erreproduzitzen da kapitala?”. Zeintzuk dira lideratzeko dinamikak?

Bada sindikatu eta unibertsitatearen pertzepzio (eta praktika) diruzale bat. Horren premisa nagusia da gure denbora eta dedikazio guztia haiei zor diegula. Hau ezbaian jarri eta pentsatu beharko da beste modu batera ere eraginkor izan gaitezkeela. Oraindik, badaude zirrikituak pentsatzeko lidergo hori eraginkorra izan dadin, hitz egiteko, biltzeko, denbora dedikatzeko era jakin batzuk onesten direla. Ikerketan atera den ideia bat ildo honetatik doa: eraginkorra izan daiteke, baina beste praktika batzuekin antolatuz...

Laburbilduz, lideratzeko forma berriekin batera, bizitza eta kapitalaren arteko gatazka bistaratzearen garrantzia markatu zuten. “Espazio batean emakumerik ez dagoenean, dauden horiek galdegin beharko diete haien buruei: zergatik ez daude emakumeak?”

Erakundeen psikologia sindikalaren sorrera: Aplikazio praktikoak, Imanol Ulacia (EHU-UPV)

Ikerketa talde honen epe luzerako proiektua lan eta erakunde psikologiaren ezagutza erakunde sindikaletara eramatea da. Lehen urrats batean sindikatuekin azterketa bat egin dute, baloratzeko ea sindikatuek baduten nolabaiteko interesa erakundeen psikologiarekiko. Bigarren urrats batean, enpresa kultura berriari kontrajarriko zaion eredu bat sortu nahi dute.

Horretarako aztertu nahi dute ekintza sindikalak ongizate psikologikoan eraginik baduen edo ez. Ba al du eraginik ekintza sindikalak lan asebetetasunean? Eta bizi kalitatean, orokorrean, ba ote du eraginik?

Greba lurralde-legitimitaterako tresna gisa: H&M-ren kasua, Ignacio Messina, (EHU-UPV)

“Nola kostatzen zaio unibertsitateari euskal sindikatuen ez-ohikotasuna islatzea?” Galdera honekin hasi zuen Nacho Messinak bere aurkezpena. Jon Las Heras-ekin batera egiten ari diren ikerlanean. Aztertu dituzten greben artean 2021ean H&Mko langileen egindakoaz aritu zen, galdera bati erantzuten saiatzeko: Ekintza sindikala, lurraldea eraikitzeko baliagarria al da?

H&Mren 2021ko grebak, birpentsatze estrategikoa suposatu zuen. H&Mren gatazkak, estatu mailan zegoen negoziazio mahaiari erantzunez, Euskal Herrian mahai propioa osatzea ekarri zuen. Estatuan, Enplegu Erregulazio Espedientearen (EEE) mahaien, ELAk ordezkari bakarra zuen. Euskal Herrian antolatutako greba mugagabeak, greba batzordea eratzea ahalbidetu zuen eta, horrekin, enpresa transnazionala
Euskal Herrian eseri eta adostera behartu zuten.

Grebak lurraldearen legitimitatea eraikitzen du Enplegu Erregulazio Espedientea negoziatzeko espazio gisa. Eta hori oso garrantzitsua da estrategia autonomoa izateko.