Ivan Gimenez: "UGTk eta CCOOk markatuko dute lehen urte politikoa"

2015/06/11
corralito foral.jpg
"El Corralito foral" (Pamiela, 2015) liburuaren harira, Ivan Gimenezi elkarrizketa egin diote Argia aldizkarian.

Mikel Asurmendi, Argia 2015/06/14

Ivan GimenezRodeznoko Kondearen Plazan bildu gara Iván Giménez idazlearekin, Iruñean. Monumento a los caídos eraikinaren ondoren. Bertan daude lurperatuta Sanjurjo eta Mola jeneralak, frankismoaren ikurrak. Euren inguruko karriketan bizi dira Nafarroako erregimenaren buruetako asko. El corralito foral gaurkotasun handiko liburua da. Alta, berean historiaren ehun urteko nafar ezaugarri esanguratsuenak idatzi ditu egileak: “Nafarroako erregimena nola dagoen eraikita eta zein diren bere sakoneko oinarriak deskribatu ditut. Duela hiru urte hasi nintzen idazten liburua, baina ez nituen hauteskundeak, ezta Corralito delakoa desegiten hasiko ote zen ere kontuan hartu”.

Nafarroako foru eta udal hauteskundeetako emaitzak ezagutu ondoren, nola ikusten duzu egoera politikoa?    

Hauteskundeen aurretik eta ondoren, “zer gertatuko da?” galdetu didate. Liburuan mende batean gertatutakoari buruz idatzi dut, ez etorkizunean gertatuko denari buruz. Nork daki, ezta? Ez naiz igarlea, kazetaria baizik. Noski, liburuak balio zuen duela hiru urte, idazten hasi nintzenean, balio du orain eta balioko du hemendik hamar urtera ere, edo hala espero dut. Izan ere, erregimenak ez du Nafarroa galdutzat emanen. Erregimenaren buruek hor segitzen dute, baita gizarteak ere. Nafarroako  sakoneko botereak eta gizartearen errealitatea nolakoa den azaltzeko idatzi dut liburua.

Egungo nafar presidente Yolanda Barcinaren esanetan, Alemania naziaren bezperetan dago Nafarroa.

Barcinaren kasua berezia da, gero eta hurbilago dago bere karikaturatik, giñol bat bihurtu da. Bera da erregimena galbidean sartu izanaren errudun nagusia, eta berak badaki hori. Miguel Sanzek Nafarroako Gobernua eta UPNko zuzendaritza utzi zituenean erregimena une goienean zegoen, dena kontrolatuta, Parlamentuan ia gehiengo osoz. UPNk lotura estua zuen PSNrekin, baita UGT eta CCOOrekin ere. Corralitoak Nafarroako zentraltasuna hartua zeukan, inork ez zuen berau higatzeko modurik ikusten. Sanzek Barcinari erreleboa eman zion, UPNkoa lehenik eta lehendakari izateko hautagai moduan gero. Barcinak alderdiaren eta Gobernuaren gestioa eraman zituen. Boto eta zinegotzi are gehiago lortzen hasi zuen agintaldia, izarra bihurtu zen, garaiezina. Alta, Iruñeko alkate figura fin hark bi urtetan pikutara bidali zuen dena. Krisi ekonomikoa dela, bestea dela,  aitzakiak baino ez ditu erabili, erabaki txarrak bereak izan dira. Barcina azken ehun urtean eraikitako erregimena porrotera eraman dutenen artean, figura nabarmenetako bat da.

Santi Leone historialariak “orain arteko zailena lorturik, errazena lortu dugula erran behar dugu” esan du.  Bixente Serrano Izko politikariak berriz, “ahal izatetik nahi izatera pasatzeko unea heldu da” idatzi du artikulu oso adierazgarri batean.

Beharbada, orain arte perspektiba historikoa falta izan zaigu gertatzen ari den guztia ikusteko. Bizitzen ari garenak etorkizuna ongi ikusteko perspektiba berria eman behar digu. Alegia, Iruñean oso ohituta gaude Sanzen eta Barcinaren aurka egiten, erregimenaren aurka egoten. Diktaduraren ondoren “Francoren aurka hobeki bizi ginen” leloa zabaldu zen. Alegia, oposizioak ez zuen inolako ardurarik hartu alternatiba bat eraikitzeko, diktaduraren kontra borrokatu zuen bukatu arte. Franco hil zen, baina eraiki zen alternatiba hala moduzkoa izan zen. Orain hori ez zaigu gertatu behar, Juan Kruz Lakastak modu ironikoan dioenez, “espero dezagun Barcinaren aurka askoz hobeki bizi ginen ez esatea”. Serrano Izkoren iritzia pisuzkoa da, ez da edonor. Artikuluan antzeko abisua eman nahi izan du, alegia, asko kostatu zaigu honaino iristea, eta orain egungo estatusa aldatzea lortu behar dugu. Aldaketaren aldeko alderdiek esan duten moduan, PSN izan da aldaketarako oztoporik handiena. Beraz, lehen oztopoa gaindituta, ez dugu harri beraren kontra berriro estropezu egingo, ezta? Harria bide bazterrean dago orain, beraz, ez ekarri berriz bide erdira. Serrano Izkok hori esan nahi zuen eta ni ados nago horrekin.

Zure ustez, ez dago PSNz fidatzerik.

Liburuan diodanez, PSOEk ehun urte luzeko historian, Primo de Riveraren diktadurari babesa eman zion. 1934ko edo Asturiasko Iraultza antolatu zuen. UGT eta PSOE II. Errepublikako buruak izan ziren, gerran eta haren ostean izugarrizko errepresioa pairatu zuten. PSOEk denetarik egin du bere historian, eta une honetan inork ez daki PSN hemendik hamar urtera non egongo den. Orain baina, dauden tokian eta moduan daude.

UGTko eta CCOOko kideei zer pentsa eman beharko lieke liburuak.

UGTk eta CCOOk beren historia egin dute Nafarroan, haiek hala nahita. Nondik datozen eta non dauden ikusi besterik ez dago, une honetan erregimena desegiteko eta zerbait berria eraikitzeko oztopo handiak dira, areago, handienak izanen ote diren nago. Alderdi politikoek baino pisu handiagoa dute Nafarroan, alta, beren biziraupena hari batetik zintzilikatuta ikusten dute orain. Hilabete hauetan bi sindikatuak nola mugituko diren ikusi behar da, baita gobernu berriak haiekiko hartuko duen jarrera arretaz begiratu ere. UGT eta CCOOren jarrerek markatuko dute hein handian hurrengo urte politikoa.

Alderdiak alderdi, aldaketa ere jendartean eman beharko da. Zure ustez, ematen ari da jada?  

Bai. Kontua da, 26 zenbakia magikoa bihurtu dela [aldaketarako behar diren 26 diputatuak], baina zenbakiak berez ez digu ezer ematen. Orain neurriak hartu behar dira, eta bien bitartean, erregimenak izugarrizko presioa eginen du Madrilgo lobbyek eta presio taldeek babestuta. Europatik datozen neurriak –defizit publikoa, besteak beste– erabiliko dituzte gobernu berria estutzeko. Neurri horiek leku guztietan presionatzen dute, baina Nafarroan aurrerantzean are gehiago. Politikariak erdian izanen dira, eta beste aldean erregimenaren kontrapisuek egon behar dute: eragile sozialak eta oposizioko benetako sindikatuak. Jendarteak presioa egin behar du. ABBetako depresio handiaren garaian, Roosevelt presidenteak hau esan zien sindikatuei: “Planteatzen duzuena oso ongi iruditzen zait, baina zuek behartu beharko nauzue orain nahi duzuena egitera”. Gizarte eragileek behartu behar dute bereziki gobernu berria benetako aldaketa egitera.

Euskal Herria ez dago izaterik Nafarroa gabe, eta erregimenarentzat  Nafarroa ez dago Espainiarik gabe

Nafarroa orain arte izan den moduan izateko bi interes uztartu dira: hemengo elitearen eta Madrilgo botereen interesak. Hemengo eliteek kontrol fiskala atxiki dute betidanik, dirua betikoen poltsikoetan egon dadin eta klase borrokan irabazle segitzeko. Horretarako ikurrak erabili dituzte. Antieuskalduntasuna adibidez. Baina hori mozorro bat baino ez da, ez da sustraitutako sentimendua, poltsikoak beteta mantentzeko helburuz eraikitako tresna baizik. Madrilek Nafarroa Euskal Herritik ahalik eta urrunen izatea du helburu, bistan da, Euskal Herri osatuan zer gerta ere. Hartan askoz errazagoa bailitzateke Katalunian gertatzen ari dena hemen ere gertatzea. Nafarroarik gabe ez dago Kataluniako eredua hemen izaterik. Hemengo eliteek arazo bat dutenean Madrilera deitzen dute: “Ez badiguzue eskatzen dizuegun laguntza ematen, Euskal Herrian sartuko gaituzte”. Madrilek berriz, “laguntza emango dizuegu, gurekin egonez gero”. Bi interes horien orekan atxiki dute hemengo estatusa. Bi interes horiek kolokan daude orain, bai Espainian bai Nafarroan. Hori da funtsean El corralito foral liburuan adierazi nahi dudana.