"Dicho y hecho. Entrevista a Joxe Elorrieta", gastelaniazko edizioa argitaratuta
“Badu zer kontatua, eta zer azaldua, idazkari nagusi egin dituen 20 urte horiei buruz. Zer azaldua, besteak beste, sindikatuak sakon-sakoneko aldaketak egin dituelako bera idazkari nagusi izan den bitartean.
Belaunaldi berrikuntzak zerikusirik badu ELAren aldaketa estrategiko garrantzitsuekin?
Ikuspuntu horretatik ere badu logika erreleboak. Sindikatuak bi paradigma aldaketa garrantzitsu egin ditu: Estatututik apustu soberanistara pasatzea, eta sindikalismo instituzionaletik kontrabotere sindikalismora pasatzea. Nahikoa meritu badugu hirugarren belaunaldikook, gure lan hipotesiak berrikusteko gauza izan garenez. Batzuek diote: “Gu ez gara aldatu”. Baina sindikatuan edo politikan 30 urtean lan egin ondoren ez duzula aldatu pentsatzen baduzu, seguruenik erratuta zaude. Izan ere, hain garai luzean testuingurua asko aldatu da eta, gainera, zintzotasunez, aitortu beharra daukazu lan hipotesi batzuetan erratu egin zinela, eta berrikusi egin behar dituzula. Inor ez da jakintsu jaiotzen. Eta, barnean nahiz kanpoan gertatu diren aldaketen ondoren, zu aldatu ez zarelako harro bazaude, arazo bat duzu.
ELAk 90etatik aurrera egin duen sindikalismoari ondo zetorkion belaunaldi berri batek kudeatzea, bai buruz eta bai bizi ikuspegiz aldaketetarako prestatua dagoen belaunaldiak; eta, gainera, aurreko erreferentziak ez dituena, zeren eta hirugarren belaunaldiko kideok, gutxi edo gehiago, abiatu ginen eskemen zordun ginen.